Diario Vasco

Telefono adimentsua, erakusleiho eraginkorra

Telefono adimentsua, erakusleiho eraginkorra
/ FOTOLIA
  • Nahi edo behar duten produktua erosi aurretik, eskuko telefonoa erabiltzen dute kontsumitzaileen erdiek informazioa lortzeko eta konparazioak egiteko

Googlek esan badu, horrela izango da, gure ibilerak zein gertutik jarraitzen dituen ikusita pentsatzekoa baita lehen eskuko informazioa izango duela eskaintzen dituen zerbitzuen erabilerari buruz. Eta Googlek esan du erosketen eta kontsumoaren apoteosia diren Gabon-Eguberri jaietan asko erabiliko direla eskuko telefonoak erosketak egiteko eta, batez ere, ezer erosi aurretik produktuari buruzko informazioa eskuratzeko eta konparazioak egiteko.

'E-commerce' edo e-merkataritzari, alegia, gero eta indar handiagoa duen adar bat atera zaio, 'm-commerce', m-merkataritza, eskuko telefono adimentsuen gaitasun gero eta handiagoak baliatzen dituena eta kontsumitzaileen ohiturak aldatzen ari dena.

Azken boladan, telefono adimentsuen bidezko salerosketen bolumena bikoiztu egiten da urte batetik besteta, ate-joka dugun denboraldian goia jotzen duelarik. Urteko kanpaina nagusiaren atarian, Googlek aztertu du Espainiar estatuko erabiltzaileek nola eta zertarako baliatzen dituzten telefono adimentsuak erosketak egiteko orduan. Eta lehen ondorioa deigarria da: ordenagailu arrunta erabilita erosten dutenean baino 'ikerketa' zabalagoa egiten dute kontsumitzaileek telefonoarekin ari direnean, gailu horrek markarekin harremanetan jartzeko bide gehiago eskaintzen baitizkie: bi halako. Bigarren ondorio bat ere azpimarra daiteke: denda fisikoentzat, lehiakide baino aliatu izan daitezke gailu horiek, jendeak askoz ere gehiago erabiltzen baititu begira ibiltzeko erosketa gauzatzeko baino. Horrenbestez, askotan eroslea denda fisikora bideratzen duena telefono bidezko bilaketa- eta ikerketa-prozesua da eta, ondorioz, telefonoaren pantaila txikia dendariek hobeto zaindu beharko luketen erakusleiho erraldoi bilakatzen da.

Begira ibiltzeko aukera

Lau alor (jantziak eta oinetakoak; etxerako altzariak; ordenagailu eramangarriak eta larruazala zaintzeko produktuak) aintzat hartu dituen ikerketak erosketa-prozesuaren momentu nagusiak aztertu ditu: kontsumitzailea zerbaiten beharraz ohartzen denekoa; markak eta produktuak begiratzen hasten denekoa; gehien interesatzen zaizkionen ezaugarriak aztertzen hasten denekoa eta, azkenik, produktua, saltzailea eta erosketa-sistema egokiena hautatzen dituenekoa. Oro har, ondorioztatu dute eskuko telefonoa darabilen erosleak aukera gehiago dituela eskaintza desberdinak aztertu eta konparatzeko zuzenean denda fisikora doanak baino.

Maiz egiazko beharrik gabe erosten dira arropa eta oinetakoak, kapritxoz, asko pentsatu gabe. Eskuko telefonoen bidezko erosketak egiten dituztenen %46k aitortu dute egin dituztela alor horretan gehiegi pentsatu eta konparatu gabeko erosketak, nahiz eta normalean dezente ibiltzen diren beha denda eta erakusleiho birtualetan. Eskuko telefono bidezko erosketaren abantaila nagusia, inkestan parte hartu dutenentzat, erraztasuna da, erosotasuna. Hori da hain zuzen honela erosten dutenen %40en arrazoi nagusia. Antzeko kopuruak, %42k, esan du telefonoa ikerketa egiteko erabili duela, baina gero erosketa dendan egin duela.

Telefonoa gehien erabiltzen dutenak ordenagailu eramangarria erosi nahi dutenak dira, aurretikako bilaketa eta ikerketak egiteko batik bat. Izan ere, %72k adierazi dute ez zeukaleta argi ze ordenagailu erosi nahi zuten eta, horrenbestez, bereziki lagungarria gertatu zaiela telefonoak ikerketa egiteko eskaintzen dien aukera. Telefonoaren erabilera intentsiboena, hain zuzen, erosketa-prozesuaren lehen urratsetan egiten da, eta horrek aukera handiak ematen dizkiete saltzaileek eroslegaiaren bilaketek eskaintzen duten informazioa -ez ahaztu, bilaketa denek uzten dute arrastoa...- euren mesedetan baliatzeko. Azkenean ordenagailua denda batean erosi zutenen erdiak esan du eskuko telefonoz egindako bilaketa batek bidali zuela denda jakin horretara. Googlek nabarmendu du, hortaz, bilaketaren emaitzen lehen postuetan egotearen garrantzia. Izango ditu bere arrazoiak -bere aldekoak, esan nahi da- horrelako gomendioak emateko , dudarik ez.

Altzarien kasuan altuagoa da oraindik 'zer dagoen' jakiteko telefonoa erabiltzen dutenen ehunekoa, %77ra iristen baita. Erabiltzaileen heren batek aurkitu zuen multzo honetako produkturen bat telefono adimentsuari esker, eta %52k denda fisikoan zeudela ere jarraitu zuten telefonoa erabiltzen, azken erabakia hartu aurretik.

Larruazala zaintzeko produktuei dagokienez, berriz, inkestan parte hartu zutenen erdiek esan zuten telefonoa erabiltzen zutela produktuei buruzko informazioa lortzeko. Multzo honetan (besteetan ez du gaiaren inguruko daturik ematen), erosketa denen %4 telefono adimentsuen bidez gauzatu ziren Espainiar estatuan. Txostenak dio oso portzentaje handia dela, Alemania eta Frantziakoak bikoizten dituena.

Denda fisiko klasikoek ez ezik, interneteko dendek ere nozitzen dituzte telefono adimentsuen erabileraren onurak. Elkarrizketatuen laurdenak, hain zuzen, esan du bilaketa egin ondoren interneten erosi zuela azkenean produktua.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate