Diario Vasco

Hildako trenbideak berpizteko moduak

  • Vasco-Navarro linea aztertuta, erabilera gabeko trenbide askok bide berdetik haratagoko potentziala dutela egiaztatu du UPV/EHUko ikerketa batek

'Vasco-Navarro' trenaren Leintz-Gatzagako geltokia.
'Vasco-Navarro' trenaren Leintz-Gatzagako geltokia. / EUSKOTREN

XIX. eta XX. mendeetan ehunka trenbide kilometro eraiki ziren Euskal Herrian. Eragin zuzena izan zuten inguruko herrien garapenean: lurraldea antolatu zuen, trena pasatzen zen herriek bat egin zuten modernitatearekin, gainerakoak kanpoan utziz… XX. mende bukaeran, ordea, industriaren gainbeherak eta errepide bidezko garraioaren konpetentziak horietako askoren gainbehera eta ixtea ekarri zuen. Gaur egun, 500 kilometrotik gora dira EAEn eta Nafarroan erabilera gabe gelditutako trenbideak. UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikerketa batek erabilera gabeko trenbide-sare hori guztia aztertu du, eta etorkizuneko berrerabilpenerako irtenbide aproposak proposatu ahal izateko analisi-metodologia bat finkatu du.

Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa zeharkatuz 150 kilometro inguruko ibilbidea zuen Vasco-Navarro trenbidea aztertu dute ikerketan, eta ikusi dute ia ibilbide osoan bide berdeaz gain egunerokotasunari loturiko ibilbideetarako (lana, eskola, erosketak...) oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala duela ikusi dute UPV/EHUko ikerketa honetan. Trenbide horrek eremu bakoitzean izan ditzakeen ibilbide-motak finkatu dituzte lehendabizi. Alegia, aisialdi eta turismoaz gain, zein gunetan izan dezakeen ardatz horrek eguneroko ibilbideei loturiko mugikortasuna. Irisgarritasuna aztertuaz, erabilera gabeko trenbidea eta horren inguruko lurraldearen arteko harremanak aztertu dituzte. Azterketa hiru eskala edo maila ezberdinetan, eta maila bakoitzera egokitutako metodologia erabiliaz egin dute, linearen inguruan aurki daitezkeen eremu ezberdinak aztertu ahal izateko; lurralde mailan, lineak loturiko herri, hiri edo auzoak aztertu dituzte; herri arteko edo herriz gaindiko mailan, lineak herrigunetik kanpo zeharkatzen dituen eremuak aztertu dituzte; eta herri mailan, linearen inguruko herri-eremuak eta geltokien inguruko eremuak izan dituzte aztergai.

Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzailea

Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzailea / UPV/EHU

«Badira munduan zehar erabilera gabeko trenbideen berrerabilpen arrakastatsuak, hala nola, New York-eko High Line parkea edo Greenway edo Vía Verde izeneko programak. Hala ere, horiek guztiek aisialdiari edo turismoari lotutako erabilerak izan ohi dituzte orokorrean» azaldu du Arritokieta Eizaguirre UPV/EHUko Arkitektura Saileko ikertzaileak. Ikerketa honetan, ordea, «erabilera gabeko trenbideek herri eta eskualde mailan inguruko lurraldea antolatzen lagun dezaketela, eta aisialdiaz eta turismoaz gain, egunerokotasunean lanerako, eskolarako zein erosketetarako mugitzeko ardatz bilakatu daitezkela» azpimarratu du ikertzaileak.

Bide berdeaz haratago

Gaur egun, Vasco-Navarro trenbidearen zati handi batek bide berdearen funtzioa du. Ikerketa honetan egindako lurralde mailako azterketak, berriz, Vasco-Navarro trenbideak ia bere ibilbide osoan zehar, bide berdeaz gain oinezko edota bizikleta bidezko mugikortasunerako potentziala ere baduela erakutsi du. «Gipuzkoa eta Arabaren arteko mugako zatia da (Leintz-Gatzaga inguruko mendiko zatia) potentzial hori erakusten ez duen eremun bakarra» dio Eizaguirrek. «Badira dagoeneko egunerokotasuneko ibilaldiei loturiko ardatz bezala funtziona lezaketen eremuak edota etorkizunean funtziona lezaketen beste batzuk» gehitu du.

Bestalde, hiri edo herri nagusienetatik irisgarria den populazio-kopuruaren arabera, ibilbide guztia zona ezberdinetan banatzeko aukera eman du azterketak: Gipuzkoako herriak (Bergara-Eskoriatza), Gasteizen eragina duen eremua (Legutio-Erentxun), Araba eta Nafarroako herri txikiak (Gauna-Acedo) eta Lizarraen eragina duen eremua (Antzin-Lizarra). «Eremu horiek lurraldearen egituraketa nolakoa den ulertzen laguntzen dute» gaineratu du UPV/EHUko ikertzaileak.

Herri arteko azterketaren bidez, herrigune nagusiak soilik kontuan hartuta, gune irisgarrienak Gipuzkoan kokatzen direla ikusi dute. Herrigune denak aintzat hartuta, ordea, Arabako Andollu ingurua dela irisgarriena ikus daiteke. Ondorioz, «lehenengoan sor daitezkeen etorkizuneko ibilaldiak herri eta hiriguneei zuzenean loturikoak izan daitezke, eta bigarrenean sortutakoek, aldiz, landa eremuetako garapanean izan dezakete eragina» dio ikertzaileak. Azkenik, herri mailako azterketak trenbide zaharreko geltoki eta herrien arteko harremana aztertzeko aukera eman du.

Horrenbestez, metodologia osoaren bidez, «Vasco-Navarro trenbidearen mugikortasun ez-motorizaturako potentziala finkatzea lortu dugu ikerketa honetan» dio Arritokieta Eizaguirrek.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate