Diario Vasco

Makinek ere behar dituzte itzultzaileak

Taldeko kideen argazkia.
Taldeko kideen argazkia. / UPV/EHU
  • UPV/EHUko irakasle talde bat itzulpengintza automatikoa lantzen ari da, elkarrizketarako robotak zerbitzua hizkuntza askotan eskaini ahal izan dezaten

Makinekin hitz egiteak aspaldi utzi zion fikzioa izateari. Gero eta gehiagotan, tamalez, zerbitzu- edo laguntza- zenbaki batera deitutakoan pertsona batekin hitz egiteko aukera izatea da fikzio hutsa… Makinekiko solasaldi moduko horietan, baina, mailak daude, oinarrizkoenetatik konplexutasun maila handi samarrak erdietsi dituztenetara. Azkenaldian aipatuenetakoa txatbot teknologia da.

Solaserako 'bot' edo robot adimentsuen jardunean oinarritzen den teknologia hori baliatzen duten programa asko daude, gero eta konplexuagoak, gero eta elkarrizketa 'egiazkoagoak' ahalbidetzen dituztenak. Eta, pertsonen arteko harremanetan bezalaxe, hizkuntza oztopo izan daiteke makinen eta erabiltzaileen arteko elkarrizketetan. Baliteke, hortaz, beharrezkoa izatea itzultzailearen esku-hartzea, eta kasu horretan asko du esateko eta eskaintzeko itzulpen automatikoak.

UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle talde bat, hain zuzen, Europako zortzi erakunderen partzuergoan, itzulpen automatikoa lantzen ari da, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko. EAEko unibertsitate publikoak ohar baten bidez zabaldu duenez, «web guneetatik app-etara egin genuen salto, eta orain app-etatik txatbot adimentsuetara pasatzen ari gara, oztopo linguistikoak gaindituz mundu digital osora mugitzeko aukera emanaz. QTLeap ikerketa-proiektuak aurrerapauso bat egin du interakzio-modu berri honetan, eta itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzea».

Itzulpen sakoneko teknikak

Eneko Agirre UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen aburuz «ordenagailu pertsonalen etorrerarekin, enpresek eta erakundeek web gunea garatu behar izan zuten bere presentzia digitala bermatzeko. Gerora, telefono mugikorrekin, mundu digitalera iristeko app aplikazioak sortzea ezinbestekoa izan da. Adimen Artifizialeko azken aurrerapenak ikusita, hurrengo urratsa txatbotak edo elkarrizketarako robotak izango direla dirudi, hainbat hizkuntzatan erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzea erraztuko dutenak».

Arlo honen inguruan ari da lanean QTLeap-Quality Translation by Deep Language Engineering lankidetzako europar ikerketa-proiektua, Europar Batasunak finantzatutakoa eta zortzi partaideko partzuergo batek aurrera eramana (Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultatearen bitartez; Adimen Artifizialerako Ikerketa Zentro Alemana; Berlineko Humboldt Unibertsitatea; Bulgariako Zientzien Akademia; Groningeneko Unibertsitatea; Lisboako Unibertsitatea; Pragako Charles Unibertsitatea; eta, Higher Functions enpresa portugaldarra).

QTLeap proiektuak Itzulpen Automatikorako metodologia berritzaile bat ikertu eta garatu du, elkarrekintza globalerako teknologia-belaunaldi berri honi oztopo linguistikoak gainditzen laguntzeko.

«Emaitzen arabera, gure proiektuan garatutako Itzulpen Automatikoaren teknologiarekin, txatbot-a hizkuntza berri batera egokitu behar denean, kostuak %20an murriztu daitezke, hizkuntzaren arabera. PCMedic izeneko online motako laguntza-zerbitzu batean lortu dira emaitza hauek. Sortutako zerbitzuan, erabiltzaile batek Informazio-Teknologiako gailu edo zerbitzu batean duen arazoa duenean, galdera egingo dio txatbot-ari. Galdera edozein hizkuntzatan eginda ere, galdera hori itzuli eta galdera-erantzunen datu-basean bilatuko da. Sistemak, erantzuna automatikoki itzuli eta bere hizkuntzan erantzungo dio. Egun, euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak», argitu du Eneko Agirrek.

Halaber, emaitzek erakusten dute proiektuan garatutako itzulpen sakoneko teknikek «artearen egoeran aurrerapauso bat ekarri dutela. Ikusten da teknika hauek orain arteko teknologia estandarrak baino itzulpen hobea lortzen dutela, %85eko probabilitateaz, hizkuntzaren arabera». Egindako ikerketa hizkuntzaren prozesamendu sakonean datza. «Esaldiak egitura sakonaren eta esanahiaren arabera analizatuz gero, hizkuntzen arteko ezberdintasunak gutxitu egiten dira, itzulpena erraztuz».

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate