Diario Vasco

Zortzi hiztegi berri euskararen erabilera areagotzeko

Zortzi hiztegi berri euskararen erabilera areagotzeko
/ MICHELENA
  • Azken entrega honekin, 49 hiztegi terminologiko daude dagoeneko argitaratuta, eta beste batzuk argitalpena prestatzeko fasean

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak definiziozko zortzi hiztegi terminologiko berri aurkeztu ditu astelehen honetan, euskararen erabilera areagotu eta sendotzera bideratuak. Modu honetan, 49 hiztegi daude dagoeneko argitaratuta, eta beste batzuk argitalpena prestatzeko fasean.

Hiztegien aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Imanol Agote Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendaria, Blanka Gomez de Segura Euskal Buztingintza Museoko arduradunak, Olatz Ajuria Energiaren Euskal Erakundeko teknikariak, Xabier Balerdi Jaurlaritzako Justizia Saileko ordezkari eta Auzia Euskaraz proiektuko arduradunak Kepa Altube Laneki Lanbide Heziketako materialak euskaraz prestatu eta interneten jartzen dituen elkarteko kudeatzaileak eta Araceli Díaz de Lezana Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Plangintzarako arduradunak.

Euskarazko zortzi hiztegi terminologiko berriak definiziozko hiztegiak dira, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko baliokidez osatuak. Kasuan kasuko eremuari egokitutako aurkibide sistematikoaren arabera antolatuta daude, baina hizkuntza bakoitzaren araberako aurkibideak ere dituzte. Zuzenbideari lotutako hiru hiztegiek, aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko hiztegi-sarrerak dituzte (Zigor arloa eta espetxe zaintza Hiztegia, Erregistro Zibila Hiztegia eta Prozedura Zibila Hiztegia).

Horrela, Lanbide Heziketa eta enpresaren arloko, hiru hiztegi argitaratu dira. Elektronika eta mikroelektronika Hiztegiak 361 hiztegi sarrera jaso eta hiru eremutan sailkatzen ditu: Termino orokorrak, Elektronika analogikoa (osagai pasiboak, osagai aktiboak, erregulazioa eta transduktoreak, zirkuituak, bestelako osagai eta tresnak) eta Elektronika digitala.

Energia berriztagarriak Hiztegiak 204 hiztegi sarrera ditu, zazpi eremutan sailkatuak eta jasoak: Termino orokorrak, Eguzki energia, Eguzki energia fotovoltaikoa, Eguzki energia termikoa, Arkitektura bioklimatikoa, Haize energia, Energia geotermikoa, Energia hidroelektrikoa, Itsas energia eta, azkenik, Biomasa energia.

Zeramika Hiztegiak 311 hiztegi sarrera ditu bi eremu hauetan: Zeramikagintza (materialak, prozesuak, apaintze teknikak eta dekorazio motak, tresnak) eta Zeramika objektuak (euskal zeramikagintzako ontziak).

Halaber, herri administrazioa eta zuzenbide arloan bost hiztegi berri argitaratu ditu Jaurlaritzak. Bibliotekonomia Hiztegian 313 hiztegi sarrera jaso dira, Biblitekonomiari dagozkion eremu hauetan: Liburutegi motak; Dokumentu motak eta dokumentu euskarri motak; Bildumaren kudeaketa; Prozesu teknikoa; Liburutegi zerbitzuak; Erabilera eta hedapena.

Museologia eta Museografia Hiztegiari dagokionez, 191 hiztegi sarrera bildu dira, sei eremutan sailkatuta: Kontzeptu orokorrak, Museoen administrazioa (eraikina, langileak eta organigrama, museo motak, segurtasuna), Bildumen kudeaketa, Zabalkundea, Erakusketa eta Kontserbazioa.

Zigor arloa eta espetxe zaintza Hiztegiak 232 hiztegi sarrera ditu, eremu hauetan banatuta: Zigor arloa (delituak eta faltak, zigorrak eta segurtasun neurriak) eta Espetxe zaintza (komunikazioak eta bisitak, espetxe erregimena eta barneratze bereziak, espetxeratuen sailkapena, irteteko baimenak, askatasun motak eta espetxe-onurak, diziplina-erregimena eta zehapenak).

Gainera, Erregistro Zibila Hiztegian 151 hiztegi sarrera jaso dira, sei ataletan: Atal orokorra, Erregistro Zibilaren antolaketa, Erregistro tituluak, Idazpenak oro har, Organoak eta pertsonal eskumenduna eta Erregistro prozedura.

Azkenik, Prozedura Zibila Hiztegiari dagokionez, 107 hiztegi sarrera ditu, bost ataletan sailkatuta: Atal orokorrra, Deklarazio prozesu arruntak, Deklarazio prozesu bereziak, Errekurtsoak, Betearazpen prozesua eta kautela prozesua.

Terminologia Batzordeak onarturiko hiztegi guztiak Euskalterm Terminologia Banku Publikoan daude integratuta, eta bertan kontsulta daitezke on line. Gainera, paperean argitaratzearekin batera, PDF formatuan ere jartzen dira eskuragarri Euskara webgunean, Hiztegiak atalean (Terminologia Batzordeak onartutako hiztegiak dioen lekuan klik eginda).

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate