Diario Vasco

Sigma enpresak eta Euskadiko Artxibo Historikoak hitzarmena sinatu dute

"Gure historia industrialaren zati inportante bat jasotzen du"
"Gure historia industrialaren zati inportante bat jasotzen du"
  • Elgoibarko Sigma enpresak bere artxiboa utziko dio Euskadiko Artxibo Historikoari

Eusko Jaurlaritzaren eta Elgoibarko Udalaren arteko hitzarmena sinatzea onetsi du Lakuako Gobernu Kontseiluak, Sigma (Estarta y Ecenarro S.A.) enpresa historikoaren artxibo funtsa Euskadiko Artxibo Historikoari lagatzeko.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, Sigma enpresaren funtsak "interes nabarmena" du, makina erremintaren arloan XX. mendearen hasieratik Euskadin aitzindari izan den enpresa baten historia jasotzen baitu. Era berean, gerra ostean nahiz Francoren diktadura garaian ere puntakoa izan zen estatu mailan eta nazioartean, josteko makinen fabrikazioan.

Artxibo funtsa zabala eta guztiz osoa da (4.000 kaxa inguru, ehunka plano, marrazkiak eta abar), eta enpresaren jardueraren 80 urteko historia islatzen du, 1914an ibilbideari ekin zionetik 1995ean itxi zen arte. Gainera, Euskadiko Artxibo Historikoak hartuko duen lehen enpresa funtsa izango da. "Horrela bada, eredu izan daiteke Euskadiko beste enpresa batzuentzat ere, edozein sektoretakoak direlarik ere, artxiboan utzi ditzaten euren dokumentu funts historikoak", azaldu dute.

Gaur egun, Elgoibarko Udala da Sigma enpresaren artxibo funtsaren jabe eta udal lokaletan dago gordeta. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kudeatzen duen Euskadiko Artxibo Historikoak bere funtsen artean Elgoibarko funts hau izateko interesa erakutsi du, "gure historia industrialaren zati inportante bat jasotzen baitu". Artxibo Historikoan kontserbatuko dira horrela, eta ikertzaile nahiz adituek kontsultatu ahal izateko moduan egongo da.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate