Diario Vasco

'Lekaixoka!' izango da Kilometroak 2107ren leloa

'Lekaixoka!' izango da Kilometroak 2107ren leloa
  • Gaur aukeztu dute festa Oñatiko kiroldegian

‘Lekaixoka!’ Hau da datorren urteko irailaren 24an Oñatin ospatuko den Kilometroak festaren leloa. ‘Lekaixo’ hitza ‘lekaio’-ren Oñatiko aldaera da; oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan nahi du.

«Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten deia, irrintzia eta oñatiarrez lekaixua, abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. Oinarrian, gure arbasoengandik jaso dugun herri ohitura, irrintzi, doinu eta berbaren komunikatzaile berriak gara», esan dute Kilometroak 17ren antolatzaileek.

‘Lekaixoka!’ berbaren oinarrian, auzolanaren ideia omen dago. «Hortik, auzolanetik sortu eta sortzen garelako, Txantxiku Ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako. Horregatik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria», esan dute.

Festaren anagraman lekaixoa bera adierazi nahi izan dute. Irrintziaren errepresentazioa omen da eta Oñatiko Aloña mendiko gailurreriaren irudia ere islatzen omen du. Kolore berdea eman zaio, naturari erreferentzia eginez.

Gaur egin dute Oñatin festaren aurkezpen-ekitaldia. 50 urteotako ibilbidea irudikatzen zuen antzezlanarekin eman zaio hasiera ekitaldiari. Ondoren etorri dira musika, dantza eta festa. Zubikoak Kiroldegiko kantxa jendez bete da. Bukaeran, ume, gazte eta heldu, Kilometroak 2017ko arropa jantzita atera dira oholtza gainera.

Alkate Mikel Biainek honakoa adierazi du: «Gaur egun euskaldun sentitu, bizi eta amets egiten dugunok eskerrak eman behar dugu garai batean gure gurasoek euskaraz heziak izateko erabakia hartu zutelako. Euskara hutsean hazi eta hezteko aukera izan genuen garai zailenetan ere euskal herritar askok eginiko lanagatik. Eta ibilbide horretan ikastolek, Oñatiko Txantxiku ikastolak sekulako ekarpena egin du». Eta 1989ko Kilometroei buruz jardun du baita ere: «1989an mugarri garrantzitsu bat jarri zuen Oñatik kilometroen antolakuntzan, eta nahiz urte asko pasa diren, eta garai hartako jende asko gure artean ez izan, ni seguru nago garai hartako lankidetza eta antolakuntza espiritua bizi bizirik dagoela gure herrian. Herritar, eragile, enpresa, udaletxe… Guztion arteko elkarlanarekin Oñatik berriz ere maila bikaina emango du zalantza barik».

Ekitaldian parte hartu dute Ikastolen Elkarteko ordezkariek, Bergarako eta Urretxu-Zumarragako ikastoletako ordezkariek, Oñatiko EH Bilduko eta EAJ ordezkariek eta herriko beste hainbat erakunde eta eragileetako ordezkariek ere. Ulmako ordezkariek ere bai. Hain zuzen ere Ulma Fundazioak babestu du ekitaldia.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate