Diario Vasco

Klima aldaketaren inguruko jarduerak azalduko ditu Jaurlaritzak

  • Marrakexeko Goi Bileran Euskadik Parisko Akordioa betetzeko estrategia aurkeztuko du

Euskadi klima aldaketara egokitzeko eta bere eraginak murrizteko gauzatu dituen jarduketak azalduko ditu Eusko Jaurlaritzak datorren asteburuan Marrakexen egingo den Klimari buruzko Goi Bileran, Euskadik Parisko Akordioa betetzeko asmoz duen estrategia eta planifikazioa aurkeztu eta azaltzeko.

"Zorionez, denbora asko daramagu egokitze eta murrizte jarduketak gauzatzen eta gure esperientzia eredugarria izango da COP 22 edizio berrian esperientziak ere ezagutaraziko dituzten beste herrialde batzuentzat", adierazi du Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburuak.

Klima aldaketara egokitzeari dagokionez, NBS metodologia Donostian aplikatuz garatu da, eta hiriko NBS maparen emaitzek Klima Aldaketara Egokitzeko Udal Plangintzaren diseinua oinarrituko dute. Eusko Jaurlaritzaren arabera, eskualde mailako klima agertokiek erreferentziazko eta zeharkako informazioa dakarte, eta informazio hori eraikuntza, osasungintza, nekazaritza eta ur kudeaketa bezalako arlo hain ezberdinetan aplika daiteke, baita klima aldaketara egokitzeko neurriak definitzeko ere.

Era berean, proiektuan lorturiko mapek eta informazioak klima aldaketara egokitzeko Euskadin etorkizunean ezarriko diren neurriak zehazteko piztu duten interesa ikusita, informazio hori guztia biztanleen, enpresa pribatuen eta erakunde publikoen esku utziko da GeoEuskadi edo Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren bitartez, non klima aldaketari buruzko atal berri batek biztanleentzat interes handiena izango duten datu espazial zehatzak hartuko dituen.

Osatu proiektua

Bestalde, Basque Centre for Climate Change (BC3) erakundeak Osatu proiektua gauzatu du, eta klima aldaketako testuinguruan bero boladek osasunean izan dezaketen eraginak prebenitzeko plangintzak zehazten eta egikaritzen lagunduko die Euskadiko erakundeei. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak ere proiektuan parte hartu dute. NBEko Klima Aldaketari Buruzko Aditu Taldeak (IPCC ingelesezko sigletan) bere azken txostenean ohartarazi duenez, bero boladek gora egin dute berotze globalaren ondorioz, eta haien maiztasunak, intentsitateak eta iraupenak datozen hamarkadetan gora egitea espero da.

Halaber, Munduko Osasun Erakundeak bero boladak muturreko meteorologia gertakari arriskutsuenetako bat direla onartu du, nahiz eta urakanak edo uholdeak bezalako muturreko beste zenbait gertakari baino oihartzun txikiagoa izan edo arreta txikiagoa jaso.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate