Diario Vasco

Nolako eroslea zara?

Nolako eroslea zara?
/ FOTOLIA
  • Bost taldetan banatu dituzte internet bidezko erosketak egiten dituzten kontsumitzaileak

INE Espainiako estatistika instutuaren arabera, EAEko biztanleak dira estatuan internet bidez gehien erosten duten herritarrak. Erdiek baino gehiagok, %57k, zehazki, erosten dute noizean behin online. Oso gertu daude nafarrak (%55) eta kataluniarrak (%,55,7). Batez ere bidaiak, oporretarako egonaldiak, arropa eta ikuskizunetarako txartelak erosi zituzten EAEko biztanleak 2015ean, eta batez beste 1.312 euro gastatu zituzten.

Zenbaki handiek eta batez bestekoek eragin berdintzailea badute ere, kontsumitzaile denek ez zuten portaera bera izan erosketak egiterakoan, adituek bost multzotan sailkatu baitituzte e-kontsumitzaileak. Esan daiteke kopuruari dagokionez nahiko orekatuta daudela bost taldeak. Ugarienak kontsumitzaile praktikoak dira, noizbehinkako kontsumitzaileekin berdinduta. Kontsumitzaile praktikotzat jo daitezke erosleen %22. Mota horretako bezeroak maiz erabiltzen du internet erosketak egiteko, eta erraztasuna lehenesten du batik bat. Horregatik estimatzen ditu bereziki nabigazio errazeko web guneak, urrats gutxitan burutu daitezkeen erosketa-prozesuak, tutorialak eta gomendioak. Eduki anitzeko guneetara jotzen du gehienbat, kultur produktuak saltzen dituztenetara nagusiki. Hamarretik zazpik deskontu sistemaren bat baliatu dute, ohiko erabiltzaileak izanik ondo ezagutzen baitituzte sistema horiek.

Oso zabala da, halaber, informazio gutxi daukaten erosleek osatzen duten multzoa: beste %22 bat. Noizbehinkako erosleak dira, animatzen direnean gune gutxi bisitatzen dituzte (2,3 orri, batez beste), eta deskontu sistemak ere oso gutxi erabiltzen dituzte, ez baitituzte ezagutzen. Erosketak egiterakoan asko baloratzen dute erraztasuna (nabigazio erraza, urrats gutxiko prozesua, erregistrorik eskatzen ez duena...) baina nagusiki prezioagatik animatzen ditu erosketa gauzatzera. Bidaiak eta produktu teknologikoak erosten dituzte batik bat.

Esperientziak eta eskaintzak

Online marketinaren alorreko Webloyalty konpainiak egin duen ikerketak dioenez, erosleen %20 kontsumitzaile oldartsuen multzoan sailka daitezke. Zerbait gustatzen bazaie, erosi egiten dute, gehiego pentsatu gabe, ez zaizkie horrenbeste inporta deskontu eta promozioak. Garrantzi handia ematen diete, aldiz, beste bezero batzuen iritziei: txarrak badira, ez dute erosten. Deskontua erosketa egiteko baldintza ez den arren, aukera dutenenean baliatzen dituzte deskontu-kupoiak eta horrelakoak, bereziki sare sozialetan eta marken app-etan aurkitzen dituztenak.

Talde zabala osatzen dute esperientzia-bilatzaileek ere. Segurtasuna lehenesten dute, eta argi daukate zer erosi nahi duten. Ez dira ohiko erosleak, noizbehinkakoak baizik. Guztizkoaren %21 diren erosle horiek produktu zehatz baten bila abiatzen dira, eta web orri deserdinak arakatzen dituzte nahi duten hori baldintza onenetan aurkitu arte. Edonola ere, prezioaren, abantailen eta deskontuen gainetik jartzen dute web guneak eskaintzen dien segurtasuna. Eman dieten deiturari men eginez, 'erosketaren esperientzia' erosoa eta segurua izan dadin asko eskertzen dute. Gauzak oso argi dituztenez, beste kontsumitzaile batzuen iritziei ez diete kasu handirik egiten.

Eskaintza-bilatzaileak ere badaude; aurrekoen kontrako jarrera dutenak dira, hain justu. Ohiko erosleak dira, eta pazientzia handikoak. Prezio, eskaintza eta baldintza onenak noiz iritsiko zain egoten dira, eta orduan erosten dituzte lehendik 'fitxatuta' zeuzkaten produktu edo zerbitzuak. Normalean 35-44 urte bitarteko emakumeak dira eta, gastuarekin oso arduratsuak badira ere, ardura horrexek eramaten ditu askotan uste eta behar baino gehiago gastatzera, maiz pentsatuta zeukatena baino gehiago erosten baitute debaldeko bidalketa aprobetxatzeko. Deskontuek ez dute haientzat sekreturik, eta hamarretik zortzik erabili dute deskontu-sistemaren bat. Iritzi emate asko gustatzen zaie eta, aldi berean, garrantzi handia ematen diete beste erabiltzaile batzuen iritziei. Erosleen %15ek dute profil hau.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate