Diario Vasco

6.000 domeinu-izenetara iritsi da '.eus'

PuntuEUS ekimena kudeatzen duen taldea Lorea Arakistain, Josu Waliño eta Manex Garaiok osatzen dute.
PuntuEUS ekimena kudeatzen duen taldea Lorea Arakistain, Josu Waliño eta Manex Garaiok osatzen dute. / PUNTUEUS
  • Bederatzi hilabetean %18ko hazkundea izan du, gainerako domeinuen batez besteko beherakada %7koa izan den bitartean

Astearte goiz honetan, 5.939 domeinu-izen ditu erregistratuta '.eus' domeinuak. Horrek esan nahi du, PuntuEUS Fundazioko zuzendari Josu Waliñok Efe agentziari azaldu dionez, euskarak eta euskal kulturak sarean duten presentzia indartzeko sortu zen domeinua, ia 6.000 domeinu-izen horiekin, kontsolidatzen ari dela unibertso birtualean. Eta ez bakarrik hori, 2007an sortua izan arren jendarteari 2014ko abenduan zabaldu zitzaion domeinuak etengabe jarraitzen baitu hedatzen. Bederatzi hillabetean %18ko hazkundea izan du, gainerako domeinuen batez besteko beherakada %7koa izan den bitartean.

'.eus' hori erabili ahal izateko web gunearen edukien zati batek euskarazkoa izan behar du, eta euskal kultura izan hizpide. Hala ere, Waliñok esan duenez, ez da web gunerik itxiko baldintza horiek betetzen ez baditu. Aitzitik, euskararen presentzia areagotzen lagunduko zaio.

Bi urte bete gabe 6.000 domeinu-izen lortu izana ez da marka txarra, baina lantzeko dagoen eremua oso zabala da oraindik, Euskal Herria bere osotasunean hartuta (hau da, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) 235.000 web gune baitaude euskararen lurraldean. Horrek esan nahi du, hain zuzen, '.eus' domeinura bilduta euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua adierazi dutenak guztizkoaren %3 baino ez direla.

6.000 domeinu-izenetara iritsi da '.eus'

Erabiltzaileen artean deigarria da, bestalde, enpresek duten presentzia handia. %34arekin, multzo nagusia osatzen dute, eta ondoren datoz erakunde publikoak (%19), euskararen eta kulturaren mundua (%15), hezkuntza (%8) eta gizabanakoak (%6). Izan ere, gero eta gehiago dira euren blogak eta proiektu pertsonalak '.eus' horretan kokatzen dituzten partikularrak.

Une honetan '.eus' domeinuan kokatuta dauden guneak beste batzuetatik bertaratu dira; '.es', '.org' edota '.net' domeinuetatik, besteak beste. Waliñoren ustez, horrek balio handia du, enpresa edo erakunde bat domeinu batean erregistratuta dagoenean «asko kostatzen» baitzaio pausoa eman eta aldatzea.

Segurtasun bermea

Erakargarritasuna areagotzeko, kalitatearen aldeko apustua egin du '.eus'-ek, eta domeinu berrien artean munduko laugarren onena izatea lortu du, Norvegiako '.nrw', Eskoziako '.scot' eta Bruselako '.brussels' domeinuen ondotik.

Kalitatearekin batera, domeinuaren kudeatzaileen kezka nagusietako bat segurtasuna da. «Jendeak web gunea irekitzen du denda bateko erakusleihoa izango balitz bezala. Beraz, toki eroso eta atseginean egon nahi du», azaldu du Waliñok. Horretarako, egunero behatzen dituzte '.eus' darabilten guneak, ziurtatzeko ez dituztela baliatzen spama edo software maltzurra bidaltzeko, edota eraso informatikoak bideratzeko.

Horregatik da web gunea domeinu horretan edukitzea beste batzuetan kokatzea baino zertxobait garestiagoa. Gainera, diote, prezioak finkatzeko orduan ez da gauza bera 6.000 erabiltzaile izatea edo 130 milioi edukitzea, '.com' domeinuaren kasuan gertatzen den bezala.

Segurtasunaz gain, erreferentzialtasuna ere eskaintzen du '.eus'-ek, internet bezain eremu handi eta mugarik gabean kokapen jakin bati lotua baitago. Fundazioaren nahia da «jauzia egin eta '.eus' erreferentziazko domeinua bilakatzea Euskal Herrian».

Oraingoz, ondo doaz gauzak. Etengabeko hazkundeari gehitu behar zaio erabiltzaileen leialtasun handia, %87k berritzen baitute kontratua. «Domeinura etorri den jendeak bertan jarraitzen du», esan du Waliñok.

Espainiar estatuan badira beste bi domeinu '.eus'-en antzeko ezaugarriak dituztenak, '.cat' eta '.gal'. Katalanari dagokiona beste bien aurrekoa da, eta egonkortuta dago. Izan ere, orain dela 10 urte sortu zen, eta 100.000 erabiltzailetik gora ditu. Galiziakoa beste muturrean dago: 3.500 erabiltzaile ditu eta hazkunde erritmoa ere motelagoa du.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate