Diario Vasco

Eslovenian jarraituko du Frantzia eta Nafarroako azken erregeak

Erdian, Karlos X.aren sarkofagoa.
Erdian, Karlos X.aren sarkofagoa. / EFE
  • Karlos X.aren eta 'azkeneko Borboien' gorpuzkiak Saint-Deniseko errege-erreginen nekropolira eramateko eskaera berpiztu da

Nafarroako erresumari amaiera-data jartzerakoan, irizpideen araberako proposamen desberdinak aurki daitezke, baina ezbairik gabeko kontua da 1589an Nafarroako Henrike III.a Frantziako Henrike IV.a bilakatu zenean Nafarroako erresuma Frantziakoaren menpe gelditu zela, nahiz eta bolada luze batez, XVIII. eta XIX. mendeetara arte hurrenez urren, menpeko jarraitu arren Nafarroa Garaiak zein Nafarroa Behereak mantendu zituzten berezitasunen batzuk.

Beraxe izan zen, Joana III.a Albretekoaren eta Antonio Borboikoaren semea, 'Frantzia eta Nafarroako errege, Jainkoaren graziaz' titulua erabili zuen aurrena.1610 urtean hil zenean -hobe esanda, Francois Ravaillac ultrakatolikoak akabatu zuenean- Henrikeren semeak, Luis XIII.ak, hartu zuen bere gain formalki bederen bikoitza izaten jarraitu zuen erresuma. Eta ia bi mendez Luis batetik beste Luis batera igaro zen Nafarroako erresuma bat bazela oroitzen zuen titulua. Zeren eta Borboiren batzuk galdu zuten burua, baina denek eutsi zioten izenari, XIII.etik XVIII.era arte. Dinastia ireki eta itxi zutenak, Henrike eta Karlos, alegia, izan ziren salbuespen bakarrak.

Ez dira hor amaitzen Frantziako historiari Borboi nagusien leinuak egindako ekarpena abiarazi eta itxi zuten erregeen arteko kointzidentziak. Izan ere, bien gorpuzkinek eman dute makina bat lan. Henrike IV.aren kasuan, lepotik gorako atala buruhauste ugariren iturri izan da azken urteotan. Hil zenean, osorik eta momifikatuta hobiratu zuten, baina Frantziar Iraultzaren garaian gorpua hobitik atera zuten, garai desberdinetako errege familietako kide izandako beste askorenak bezala. Berriro hobiratu bazituzten ere, Henrike IV.a bururik gabe itzuli zen lurpera. Orduz geroztik, ez du bakerik izan, ezta eman ere, Frantzia eta Nafarroako aurreneko errege Borboiaren buruak.

2008 urtean erretiratu baten etxean aurkitu zuten, eta handik bi urtera Espainiako CSIC-eko ikerlarien parte-hartzea ere izan zuen aditu talde batek, DNA probak egin ondoren, ebatzi zuen buru hura Henrike IV.arena zela eta, horrenbestez, merezi zuela toki bat Saint-Deniseko abatetxeko Frantziako erregeen nekropolian. 2013an, baina, kontrakoa esan zuen beste ikerketa batek. Adituen ika-mika ez da baretu, eta buruaren zain jarraitzen du Sain-Denisen aurreneko Borboiaren sarkofagoak.

Aspaldiko eskaera

Eslovenian hobiratuta dauden Karlos X.aren errautsen zain ere urteak daramatzate Frantziako erregezale legitimistek, baina porrot egin dute orain arteko saioek. Karlos X.aren aberriratzearen bultzatzaile nagusietako bat, hain zuzen, Alontso Borboikoa izan zen, Alfontso II.a errege-nahia. Hura hildakoan, erregezale frantziarrentzat Luis XX.a den Luis Alfontso semeak hartu zuen lekukoa. Azken eskaera hau, dena den, ez du egin Frantziako Borboien 'etxea' bizirik mantentzen duen Institut de la Maison de Bourbon delakoak, baina haren onespena eta babesa jaso du.

Karlos X., François Gérarden erretratuan.

Karlos X., François Gérarden erretratuan.

Oraingo kanpaina hau irailaren azken egunetan aurkeztu zuen formalki ‘Pour le retour à Saint-Denis de Charles X et des derniers Bourbon’ elkarteak. Ekimenaren xede zehatza da 1824tik 1830era Frantziako eta Nafarroako errege izandako Karlosen eta beste Borboi batzuen errautsak sorterrira bueltatu daitezen eskatzea. Azpimarratu dutenez, azken errege Borboi hura da Frantziatik kanpo hobiratuta dagoen errege bakarra.

Datorren igandean, azaroaren 6an, beteko dira 180 urte Karlos X.a erbestean hil zela. 1757an jaioa, 1793an gillotinaz hil zuten Luis XVI.aren anaia gazteena zen. Iraultza hasi eta berehala egin zuen alde Karlosek Frantziatik, eta ez zen 1814ra arte itzuli. Hurrengo urtean, 1815ean, Borboien errestaurazioak Luis XVIII.a anaiaren buruan jarri zuen koroa. Hura 1824 urtean semerik gabe hil zenean, Karlosi egokitu zitzaion errege izatea.

Karlos X.ren erregealdi laburrak ez zion ipini erremate loriatsurik Borboien Frantziako adar horren historiari. Ahaleginak egin zituen antzinako erregimena berrezartzeko eta iraultzak herritarrei ekarri zizkien onurak deusezteko, 1830eko uztailean haren kontrako iraultza piztu zen arte. Segituan eman zuen amore Karlos X.ak. Henrike bilobaren mesedetan abdikatu zuen (alferrik, ez baitzen sekula Henrike V. izatera heldu) eta erbestera alde egin zuen. Batetik bestera ibili zen, zorrak, tranpak, koroa berreskuratzeko konspirazio antzuak eta ibilera penagarri samarrak pilatuz. Azken egunak, eta azken hatsa, Görz edo Gorizian eman zituen 1836ko azaroan, gaurko Italia eta Esloveniaren arteko mugan, Austriako enperadoreak utzitako gaztelu batean. Pragatik kolera epidemiatik iheska alde egina zen familia, baina azkenean kolerak eraman zuen errege ohia.

Berak hala eskatuta, orduan Castagnavizza izena zeukan frantziskotarren komentuko elizan hobiratu zuten. «Ici repose très haut et très puissant excellent prince Charles X de nom roi, par la grâce de Dieu, de France et de Navarre», dago idatzita marmolezko sarkofagoaren ondoan jarritako plaka batean. Diotenez, Habsburgotarren usadioen arabera errege ohiaren bihotza Frantziara bidali zuten, baina itzuli egin zieten 'oparia' frantziarrek, eta gorputzaren gainerako atalekin batera sartu zuten sarkofagoan.

Ezezko borobila

Frantzia eta Nafarroako azken errege Borboia hil zenetik asko aldatu dira mugak inguru haietan. Gaur egun Kostanjevica du izena komentuak eta II. Mundu Gerraren ondoren eraikitako Nova Gorica izeneko herriari dagozkion lurretan dago, Eslovenian. Frantziako erregezaleek ‘Saint-Denis txikia’ esaten dioten komentuan beste Borboi batzuk ere badaude hobiratuta: Karlos X.aren seme Luis Antonio, Angulemako dukea, Luis XIX.a izan nahi zuena; haren emazte Maria Teresa Frantziakoa, Luis XVI.aren eta Maria Antonietaren alaba; Enrike V.a izan nahi zuen Chambordeko dukea, Karlos X.aren bilona alegia, eta haren emazte Maria Teresa... Edonola ere, azken horiek idatziz eskatu zutenez testamentuan euren gorpuzkiak Nova Gorican segitzea betiko, aberriratze eskaera Karlos X.aren, semearen eta errainaren errautsei dagokie.

Eta Nova Goriceko alkate Matej Arconek esan dio Efe agentziari eskatzea libre dela, baina Karlos X.aren errautsek dauden tokian jarraituko dutela, haren nahiari men eginez. Arconen hitzetan, Kostanjevicako monastegi frantziskotarra eta Borboien sarkofagoak herriko monumentu nagusiak dira eta, ia 200 urteren buruan, herriaren zati ez ezik ikur ere bilakatu dira. Monumentu izendatuta daude eta, gainera, turista asko erakartzen dituzte urtero, 10.000 inguru. Sarkofagoak dauden kripta estua eta monastegia ikustera gerturatzen dira, eta horrek inguruan daukan arrosadi handiaz gozatzera. Eta, bide batez, monastegiari eta herriari oso ondo datozkien sos batzuk uzten dituzte.

Alkatea zein monastegiko abadea pozik azaldu dira, hortaz, Frantziako elkartearen eskaerak tokiarekiko interesa piztu duelako eta, euren ustez, horrek jende gehiago animatuko duelako herria eta monastegia bisitatzera.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate