Diario Vasco

EAEko administrazioko langileen artean emakumeak dira nagusi

Artxiboko argazkian, administrazioan lanpostu bat lortzeko oposizioa.
Artxiboko argazkian, administrazioan lanpostu bat lortzeko oposizioa. / EFE
  • Ertzaintzan izan ezik, gainerako atal guztietan nagusitzen zaizkie gizonezkoei, eta guztizkoa kontuan hartuta langileen %61 dira

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko langileen artean, emakumeak dira nagusi, argi eta garbi. Sei hilabete baino gutxiagoko kontratuak dituzten langileak eta goi-karguak kenduta, 42.288 langile ditu herri administrazioak, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ostiralean zabaldutako 'Langileen estatistika Euskal AEko sektore publikoan' delako eragiketaren arabera, eta horietatik 25.764 emakumeak dira; hau da, %60,93. At gelditzen da estatistika horretatik emakumeen presentzia handia izateaz gain EAEko enpresa handiena den Osakidetza. Foru Aldundiak, udalak eta bestelakoak ere kanpo gelditzen dira. Horiek guztiak eta era guztietako langileak kontuan hartuta, langileen kopurua 116.113 pertsonakoa zen 2010 urtean, horri baitagozkio eskura dauden azken datuak.

Nagusitasuna argia da atal guztietan, Ertzaintzan izan ezik. Autonomia erkidegoko Polizia osatzen duten kideak gizonezkoa dira nagusiki: 7.541etik 6.704, 837 emakume baitaude bakarrik. Erretratua guztiz bestelakoa da, esate baterako, hezkuntzan. Langile gehien dituen atala hezkuntza da, modu oso nabarmenean gainera, aipatu 42.288 langile horietatik hezkuntzakoak baitira 25.138. Eta horien artean emakumeen kopurua gertu dago gizonezkoena hirukoiztetik, 18.579 baitira, 6.559ren aldean. Aintzat hartzen diren beste bi ataletan ere, administrazio orokorrean eta justizian, emakume gehiago daude gizonezkoak baino. Administrazio orokorrak 7.112 langile ditu, eta horietako 4.442 emakumeak dira. Justiziaren kasuan, guztizko kopurua 2.496 langilekoa izanik, 1.906 emakumeak dira, eta 590 gizonezkoak. Kasu guztietan, funtzionarioak askoz ere gehiago dira lan kontratua dutenak baino: 38.288 funtzionario lan kontratupeko 4.000 langileen aldean.

Lurraldeka, sexu eta lan harreman mota bietako langileak kontuan hartuta, Bizkaian ditu langile gehien EAEko administrazioak: 20.013. Gipuzkoan 12.957 dira, eta Araban 9.319. Gipuzkoari dagokionez, multzo handiena hezkuntzari dagokio, 8.757 langilerekin, eta Ertzaintza dator ondoren, 1.945ekin. Administrazio orokorrak 1.544 langile ditu Gipuzkoan, eta Justizia administrazioak, berriz, 711.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate