Borrar
Arropa erosterakoan kontuan hartu behar dira aholkuok.
Arropa estu-estua erabiltzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake

Arropa estu-estua erabiltzeak ondorio kaltegarriak izan ditzake

Janzkerari erreparatu dio Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak, bideo eta guzti, ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren barruan

El Diario Vasco

Miércoles, 26 de octubre 2016, 12:01

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Barizeak, zelulitisa, asaldura ginekologikoak, arnasketa eta digestio arazoak Ondorio kaltegarri horiek guztiak izan ditzake, besteak beste, arropa estu-estua jantzeak, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak '12 hilabete, 12 osasun-gomendio' kanpainaren barruan plazaratu duen azken aholkuaren arabera.

Herritarren osasuna hobetzeko hilabetero fisioterapia-bideo bat plazaratzea xede duen '12 hilabete, 12 osasun-gomendio' kanpaina Madril, Katalunia, Nafarroa eta Galiziako elkargoekin batera gauzatzen du Euskadikoak eta, oraingoan, arropa estuegia erabiltzeak osasunari ekar diezaizkiokeen ondorio kaltegarriez ohartarazi nahi izan dute.

«Gutako bakoitzak estilo bat dauka ongien datorkigun arropa aukeratzerakoan, eta gure helburua ez da moda-estiloetan eragitea, arropa estu-estua luzaz erabiltzeak osasunean izan ditzakeen ondorioak bistaratzea baizik», esan du June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak.

Ruiz Orcajoren esanetan, larruazalean markak agertzea arazoak dauzkagun seinale izan daiteke. Urriko bideo-gomendioak argi utzi du, horrelako arropa sarriegi erabiliz gero, hanturak eta itzulera benosoak bezalako odol-zirkulazioko arazoak sortu eta barizeen eta zelulitisaren agerpena erraz daitekeela. Era berean, arropa estu-estua janzteko ohitura izateak asaldura ginekologikoak eragin ditzake, izan ere, transpirazioa eragoztean, onddoen agerpena erraz bailezake.

Bestalde, bideo-gomendioak gogoratu du ondo kontuan izan behar dugula zein altueratan lotzen ditugun prakak edo gonak. Euskal fisioterapeutek nabarmendu dutenez, arropa estuegi eramateak aldakaren eta bizkarrezurraren mugimendua mugatzen du. Honek mina eragin dezake alde horretan, eta gorputzeko beste alde batzuetan ere, epe luzera begira.

Gainera, June Ruiz Orcajok adierazi du, alde torazikoan janzkera horrek arnasketa-arazoak eragin ditzakeela, saihetsaldea zabaltzeko mugimendu fisiologikoa eta arnasketa diafragmatiko egokia eragotziz. Horren harira, bideo-gomendioak neurri egokiko bularretakoa erabiltzea proposatzen du, behar ez bezalako neurria duena erabiltzeak bizkarrezurrean arazoak sortu eta arnasketa oztopa dezakeelako. Bularretakoaren tira bat gaizki jarrita eramateak gako-puntuak aktibatu eta mina eragin dezake sorbaldan edo buruan, konpresioagatik. Arropa estuegia erabiltzeak digestioa ere eragotz dezake, errefluxu gastrikoa eta bihotzerre sentsazioa erraztuz. «Horrez gain, neurri desegokia duen arropa erabiltzeak odol-zirkulazioa murriztu eta begietako tentsioa areago dezake, lepoko muskulatura ere tenkatuz», gaineratu du EFEOko presidenteordeak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios