Diario Vasco

WhatsApp taldeetatik botatzea da jazarpen modurik ohikoena

WhatsApp taldeetatik botatzea da jazarpen modurik ohikoena
/ FOTOLIA
  • Gazteen ia heren batek bizi izan du sare sozialetan gaitzespen edo jazarpen egoeraren bat, eta antzekoa da sare horiek aktibismorako baliatzen dituzten gazteen kopurua

Sare sozialek, gainerako tresna gehienek bezala, bi aho dituzte, bi alde. Onenerako balio dute, eta txarrenerako ere bai. Gazteen Euskal Behatokiak 2016ko lehen hiruhilekoan eginiko inkesta batean oinarrituta prestatu duen 'Euskadiko gazteak sare sozialetan' txostenak erakusten du, honekin batera doan berrian zehazten den moduan, Euskadiko gaztea ia denek erabiltzen dituztela sare sozialak egunero eta modu nahiko intentsiboan. Eta erakusten du, gainera, horien erabilera zentzuzko eta lasaia egiten dutela gehienek, nahiz eta oso kontuan hartzeko modukoa izan alderik iluneraren ondorioak pairatu dituztenen kopurua.

15-29 urteko EAEko biztanleen inguruko datuak biltzen dituen lana datorren urtean argitaratuko den 'Euskadiko gazteak 2016' ikerketaren zati da, «aurrerapen datu batzuk baino ez», txostenean bertan irakur daitekeen bezala. Oso esanguratsuak dira hala ere eta, erretratu orokorra laburbilduz, erakusten dute ia Euskadiko gazte guztiek erabiltzen duteka sare sozialen bat egunero; ohikoena egunean hiru sare sozialetara konektatzea dela; WhatsApp da gehien erabiltzen den sare soziala eta, oro har, 15 eta 19 urte bitartekoak direla sare sozialak gehien erabiltzen dituztenak, neskek mutilek baino gehiago.

Sare sozialen erabilera, baina, ez da neutroa. Adiskideekin komunikatzea, entretenitzea edota kontru praktikoak bideratzea ez dira sare sozialen erabilgarritasun bakarrak. Horien bidez egin daiteke aktibismoa, zentzurik onenean, eta egin daiteke kalte handia, zentzurik okerrenean. Bi aldagai horiek ere aztertu dituzte, eta datuen argitara ondorioztatu daiteke askoz gehiago direla aurreneko multzoko gazteak bigarrenekoak baino, eta hobera egiten dutela gauzek bi arloetan urteak bete ahala.

Gaitzespena eta jazarpena

Txostenak dioenez, «sare sozialak erabiltzeak berekin dakar gaitzespen- edo jazarpen-jokaera batzuk jasan ahal izatea». Multzo horietan sar daitezkeen hiru jarduera bereizi dituzte: WhatsApp taldeetatik botatzea; sare sozialen batean nortasuna faltsutzea eta irudi konprometituak edo iraingarriak zabaltzea.

Euskadin, jazarpen-modurik ohikoena WhatsApp taldeetatik botatzea da. Bost gaztetatik batek (% 19,6) baieztatu du WhatsApp talderen batetik bota dutela. % 3,8k dio askotan gertatu zaiola hori, eta gainerako % 15,8ak dio noizbait bakarrik gertatu zaiola. Mutilengan neskengan baino ohikoagoa hori pairatzea (% 22,8 eta % 16,3, hurrenez hurren), eta gazteenek sufritzen dute neurri handiagoan, 15 eta 19 urte bitartekoen % 30,5ek baitio inoiz WhatsApp talderen batetik bota dutela. 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 17,5era jaisten da kopuru hori, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 12,6ra.

Nortasuna faltsutzea ez da horren ohikoa, baina inkestari erantzun diotenen artean % 8,4k diote horrelakorik gertatu zaiela inoiz sare sozialean. Hirugarren portaerari dagokionez, % 6,6k diote beste pertsona batzuk bideo edo argazki konprometitu edo iraingarriren bat igo dutela Internetera edo horiek sare sozialetan barrena zabaldu dituztela, baimenik gabe. Aurreko kasuan bezala, 'nozbait bakarrik' gertatzen diren gauzak dira, ez dira ohikoak. Nortasuna faltsutzeari eta irudi konprometituak zabaltzeari dagokionez, berriz, ez dago alde nabarmenik sexua eta adina kontuan hartuta.

Argitu behar da, txostenak egiten duen bezala, «egoera horiek zenbatean behin nozitzen diren jakitea egoera bakoitzaren larritasuna neurtzeko irizpide bat» dela. Hori dela eta, bi kategoria ezarri dituzte: 'ziberjazarpena', hiru egoera horietako bat edi gehiago behin eta berriz nozitu bada, eta 'zibergaitzespena', noizean behin gertatzen bada

Ñabardura horiek kontuan hartuta, honakoa diote: «Euskadiko gazteen % 4,5ek ziberjazarpen-egoeraren bat nozitu dute, eta % 23,7k, berriz, zibergaitzespen-egoeraren bat. Guztira, gazteen % 28,2k pertsonalki bizi izan dute sare sozialetan gaitzespen- edo jazarpen-egoeraren bat» Mutilek neskek baino ziberjazarpen-egoera gehiago nozitu dituzte (% 5,7 eta % 3,2 hurrenez hurren). Ziberjazarpen-egoerak ohikoagoak dira adinez gazteago direnen taldean: % 6,1ek nozitu du sare sozialetan jazarpen motaren bat. Egoera horiek gutxiago gertatzen dira adinean gora egin ahala: 20 eta 24 urte bitartekoen artean, % 4,9k bizi izan du halakorik, eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean, berriz, % 2,8k.

Kontuan hartzekoa da honako gogoeta: «Ziberjazarpen gehien nozitzen duten kolektiboak dira (15 eta 19 urte bitarteko gazteak, mutilak), aldi berean, zibergaitzespen gehien nozitzen dutenak; alegia, talde horiek dira horrelako egoerak bizitzeko arriskurik gehien dutenak, sare sozialak erabiltzerakoan».

Ondorioak, gainera, ez dira arinak. Ziberjazarpen- edo zibergaitzespen-motaren bat bizi izan duten gazteen laurden batek baino gehiagok (% 28,4) adierazi dute iazko urtean arazo psikologikoren bat izan zuela (antsietatea, estresa edo depresioa). Ehuneko horrek ia hamar puntuz gainditzen du iaz arazo psikologikoren bat izan zuten gazteen batezbestekoa (% 19,2).

Ziberaktibismoa

Beste erabilera batzuk ere badituzte ordea sare sozialek. Ala, iaz gazteen heren batek baino gehiagok (% 37,1) baliatu zituzten eztabaidaren bat sustatzeko, egoeraren bat salatzeko, gai baten alde agertzeko edo horri buruzko iritzia emateko. Ziberaktibismoa egiteko, alegia.

Askoz gutxiago izan ziren (% 8,6) testu bat idatziz edota irudi edo bideo bat zabalduz eztabaida edo salaketaren bat sustatu zutela diotenak, testu edo irudi hori babestu, birbidali edo horri buruzko iritzia eman dutenak baino (% 28,5).

«Adinean gora egin ahala, ziberaktibismoa ere handitu egiten da», irakur daiteke txostenean. 15-19 urte bitartekoen artean, % 33,2koa da; 20-24 urte bitartekoen artean, % 37,3koa, eta 25-29 urte bitartekoen artean, % 40koa.

Adinarekin batera, goi-mailako ikasketadun gazteek ikasketa-maila hori ez dutenek baino eztabaida edo salaketa gehiago sustatu, bultzatu edo babestu zituzten Interneten. Eta goi-mailako ikasketadunen artean, unibertsitate-tituludunek izan zuten iaz ziberpartaidetzarik handiena (% 49,3).

Alderdi horri dagokionez, ez dago alderik mutila izan ala neska izan. Politikarekiko interesa, aldiz, erabakigarria da kasu horretan. Politikarekiko interes handia edo nahikoa dutela diotenen artean, gehienek diote (% 57,2) sare sozialetan eztabaidak sustatu edo bultzatu dituztela edo beren iritzia azaladu dutela; aldiz, politikarekiko interes txikia dutela edo interesik ez dutela diotenen artean, ziberaktibismoaren ehunekoa askoz txikiagoa da (% 12,0).

Gai publikoetan modu aktiboagoan parte hartzea gustatuko litzaiekeela dioten gazteen erdiek baino gehiagok (% 53,0) baieztatzen dute iazko urtean sare sozialen bidez eztabaida edo salaketaren bat sustatu, bultzatu edo babestu zutela. Gai publikoetan nahikoa parte hartzen dutela diotenen artean % 42,7 dira ziberaktibistak, eta gai publikoetan parte hartu nahi ez dutenak, berriz, % 21,7 azaldu dute ziberpartaidetza.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate