Diario Vasco

Euskal hedabide gehienak, paperezkoak eta tokikoak

Koloreztatutako eremuaren arabera, zabalpen handia dute euskarazko hedabideek.
Koloreztatutako eremuaren arabera, zabalpen handia dute euskarazko hedabideek. / BEHATEGIA
  • Orain arteko azterketa zehatzena burutu du Euskal Hedabideen Behategiak, horien zabalpen handia, egoera ekonomiko zaila eta aurrera egiteko borondatea nabarmenduz

Publikoak eta gizarte ekimenekoak, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kide direnak eta ez direnak... Denak kontuan hartuta, 138 euskal hedabide hartzen ditu aintzat Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimen elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean sortu zuten datu-bilketarako, ikerketarako eta gogoetarako tresnak.

Horrexek burutu du hain zuzen orain arte egin gabe zegoen datu-bilketa handia, euskal hedabideen erretratu zehatza osatzea ahalbidetu duena. Behategiak lan horren berri emateko zabaldu duen oharraren arabera, bildu eta landu dituzten datuetan oinarrituta hiru ezaugarri nagusi azpimarra daitezke: «Zabalpen handia, borondate publikoa eta elkarlanerako asmoa».

Deskribapen zehatzari dagokionez, datu-bilketak erakutsi du papera eta tokiko informazioa direla nagusi. Horrez gain, «gehienak Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean daude, eta ekoizpen tamaina esanguratsua dute: urtean 57 mila orrialdetik gora eta 30 mila telebista eta irrati emisio ordu sortzen dituzte», diote. Zabalpena ere handia dute, honekin batera doan mapatxoan ikus daitekeen moduan, batez ere Gipuzkoan, non ia udalerri guztietara iristen diren paperezko tokiko hedabideak. Hego Euskal Herrian papera nagusi bada ere, Ipar Euskal Herrian «tokiko irratiek tradizio handiko ibilbideari eusten diote, federazio batean bilduta». Orotara, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko kide diren hedabideen %58 Gipuzkoan daude, %23 Bizkaian, %17 Nafarroan eta %2 Araban. Mapan horiz azaltzen direnak ez direnez Hekimeneko kide, Iparraldeko hedabideak kontaketatik at geratzen dira, baina egon badaude, eta ez gutxi.

Tokikoak nagusi

Euskarazko informazioaren mapa herri eta eskualdeetako mapa da, modu oso nabarmenean baitira nagusi tokiko hedabideak, batik bat hurbileko informazioa lantzen dutenak. Horrelakoak dira %68. Bigarren multzoa, %22, hedabide tematikoek osatzen dute, eta izaera nazionala %7,4k baino ez dute. Are urriagoak dira, %1,9, lurralde mailakoak.

Ikus-entzunezkoak ez diren hedabideak ari dira egiten euskarri berrietarako jauzia, baina paperari atxikita jarraitzen dute askok eta askok: paperezko argitalpenak dira guztizkoaren %41,7; internet bidezkoak %36,1; uhin bidezko irratiak %16,7 eta telebistak %5,6.

Enpresa oso txikiak dira gehienak, bost langiletik beherakoak, eta hiru enpresa baino ez daude 25 langiletik gorakoak. Aipagarria da emakumeen presentzia handia: «Hamar langiketik sei emakumeak dira, eta portzentaje hiro handiagoa da tokiko hedabideetan». Hala ere, euskal komunitatearen eskaintzen dioten zerbitzuaz eta hizkuntza eskubideen bermeaz harago, ekonomikoki ere badute garrantzia. Hekimenen baitan dauden 57 elkarte edo enpresek, alegia, 530 zuzeneko lanpostu sortzen dituzte. Denen artean, bestalde, 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen dute, eta zuzenean kontratatutako langileez gain, 600 kolaboratzaile-freelance inguru eta mila boluntariotik gora ari dira lanean sektorean. Oharrak nabarmentzen duenez, «trukean ordainik jaso gabe beharrean ari diren gizon-emakume hauen ekarpena funtsezkoa da sektorearentzat, eta ondo irudikatzen du euskal hedabideen sortzezko izaera: herri ekimenak sortuak eta herri ekimenetik gertukoak».

Hamarretik zortzi, galeratan

Zeren eta baliabide ekonomikoek aldetik ez daude kanpaiak jotzeko moduan. Paperezko hedabideen kasuan, ordaindutako harpidetzak dira diru iturririk nagusienetako bat, baina kontuan izan behar harpidetzen ia erdia doakoa dela. Horrek askorengana iristea ahalbidetzen du, baina ez du dirurik ematen. Audientziari dagokionez etengabe gora egiten ari dena internet bidezkoa da. 2014. urtean, 12.5 milioi bisita izan zituzten Hekimeneko webguneek. Batez-beste, hileko milioi bat pasatxo beraz. 2011. urtetik 2014. urtera bitartean, %32an igo ziren bisitok, eta azken urtean goranzko joera indartu egin da (lehen sehilekoak bakarrik kontuan hartuta, %73,6 puntutan egin du gora 2011tik 2015era).

Txostenak azpimarratzen duen moduan, autofinantziazio maila altua dute euskal hedabideek. %63,7koa da batez beste, eta hedabide nazionalen kasuan %70ra iristen da. Diru laguntza publikoei dagokienez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza da iturri nagusia, ekarpen publikoaren %54 inguru egiten duelarik. Udalen ekarpena, berriz, %25koa da.

Euskal hedabideen aldarrikapen nagusietako bat den publizitate instituzionalak, diru sarrera iturri gisa, ez du berebiziko presentziarik, ez baita %10era iristen. Berezkoak dute euskal hedabideek, jatorrizkoa esan liteke, egoera ekonomiko ahula, krisialdiak asko hobetu ez duena. Hortaz, 2014 urtea galeraz amaitu zuten hamarretik zortzik. Ez dute, txostenaren arabera, amore emateko asmorik. Izan ere, «hedabide gehienek adierazi dute jarduerari eusteko konpromisoa, eta banaketan eta marketin eta sustapenean hobekuntzak egingo dituztela iragarri dute».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate