Diario Vasco

Lesakan da honezkero Nafarroa Oinezen lekukoa

fotogalería

/ MONTXO A.G.

  • Oso pozik azaldu dira Viana eta Lodosako ikastoletako antolatzaileak igande honetan egin den ikastolen eta euskararen festaren emaitzekin

Erentzun eta Ibaialde ikastolek egindako deiari milaka herritarrek erantzun zioten atzo Vianan. Nafarroa Oinezen aurtengo edizioa, hortaz, arrakastatsutzat jo dute antolaketa lanei erdibana ekin zieten Viana eta Lodosako ikastolek. Eguna amaitzear zela zabaldutako oharrean ziotenez, «askotariko ikuskizunez betetako egitaraua zeukaten prestatuta bi ikastoletako antolatzaileek, eta halakoxea izan da erantzuna: bikaina. 3,6 kilometroko ibilbidean jendetza ibili da, eta baita ikuskizunetarako prestatutako lau guneetan ere». Foruzaingoak emandako datuen arabera, 101 autobus eta 6.000 auto partikular zenbatu ziren Viana inguruetan kokatutako aparkalekuetan

Arrakastatsua izan zen, halaber, Nafarroako ikastoletako ikasleek jokatu zuten Erronka, bigarren urtez jarraian Baztango ikastolak irabazi zuena. Espero bezala, eguraldia ere lagun izan zuten. Ez zitzaien eguzkitsua egokitu, baina paseoan ibiltzeko eguraldi aparta izan zuten tenperaturaren aldetik. «Oraindik egunean zehar bildutako dirua zenbatzea, eta atera beharreko kontu ekonomikoak egiteke dauden arren» alde horretatik ere arrakasta espero dute ia Euskal Herrialde hegoaldeko mugan daude bi herrotako ikastoletako arduradunek.

Euskararen prestigioa

Erentzun Ikastolan egin zen, goizeko 10:00etan, inaugurazio ekitaldia. Erentzun eta Ibaialde Ikastolako zuzendariak, Maite Otero eta Iñigo Telleria, ikastola hauetako lehendakariak, Iban Azurza eta Artxo Ruiz, Ikastolen Elkarteko Lehendakari Koldo Tellitu Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakari Mikel Asiain eta Nafarroako, Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz izan ziren erakundeetako eta alderdietako ordezkarien ondoan.

Foru Gobernuko ordezkari ugari azaldu ziren, Uxue Barkos presidentea eta Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria buru zirela. Ainhoa Aznárez, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria ere bertaratu zen. Eusko Jaurlaritzako ordezkari ugari izan ziren, baita ere. Haiekin batera bertan ziren beste erakunde batzuetako, alderdi, sindikatu eta gizarte mugimenduetako ordezkariei biziki eman zizkieten eskerrak antolatzaileek.

Ekitaldian, «euskarari merezi duen sostengua eta prestigio soziala» emateko gizartearen eta aginte publikoen arteko elkarlana aldarrikatu zuen Uxue Barkosek. Nafarroako presidentearen hitzetan «gure erkidegoan dugun aberastasunaren adibide da euskara eta, horregatik, hizkuntza normalizazioan aurrera egiten lagunduko duten hizkuntza politikak garatu behar ditugu». Lankidetzarekin batera, euskararekiko errespetua, aintzatespena eta sustapena ere ezinbestekotzat jo zituen Barkosek.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak 2016ko Nafarroa Oinezen Euskal Idazleen Elkartea omendu nahi izan zuen, euskara erabiliz euskal kulturaren transmisioan egindako ekarpenak errekonozitu dizkio, eta bide horretan jarrai dezan eskatu zion. Ikastoletako haur eta gazteen sormenaren sustapenean, adimenaren garapenean, eta kulturaren sakontzean izan duen garrantzia goraipatu zen. Jasone Osorok, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak jaso zuen oroigarria. Ekitaldi hau aprobetxatuz, 'Txikiak handi' ekimenari eskaini zitzaion tartea, eta Munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatu eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen ekimenaren garrantzia azpimarratu zuen proiektuaren koordinatzaile Unai Arellanok. Aurten Korsikako irakasle talde batekin izandako hartu-emana eta Mediterraneoko irla horretan haien hizkuntza bultzatzeko egiten ari diren lana aipatu zuen.

Ekitaldiaren amaieran Nafarroa Oinez lekuko aldaketa burutu zen. NIEko ordezkariek Lesakako Tantirumairu Ikastolako lehendakariari, Amaia Lasherasi, eta zuzendariari, Aitor Iratzokiri, pasa diete lekukoa.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate