Diario Vasco

Euskadiko biztanleak oso pozik bizi dira

Gazteak eta 65 urtetik gorakoak dira zoriontsuenak.
Gazteak eta 65 urtetik gorakoak dira zoriontsuenak. / DV
  • Aurreko urtearen aldean, hobera egin dute ongizate pertsonalaren neurria ematen duten adierazle denak

‘Norberaren ongizate-inkesta’-tik abiatuta Eustatek landutako datuen arabera, bizitzarekiko asebetetze mailari 7,5eko nota jarri diote Euskadiko biztanleek, 2014an jarri zioten 7,1koa baino zertxobait altuxeagoa. Oso pozik bizi dira, beraz. Batez besteko horretan ez ezik, ongizate pertsonalaren neurria ematen duten adierazle guztietan ere hobetu egin da nota. Kontuan izan behar da inkesta horrek ez diola soilik erreparatzen alde materialari, beste dimentsio batzuek ere neurtzen baitira.

Norberaren egoeraren arabera, edonola ere, aldeak daude. Hala, bizitzarekiko asetasun globalaz langabeek ematen dute puntuaziorik baxuena (6,7), nahiz eta dezente egin duen hobera lehengo urtekotik (5,9). Puntuaziorik altuena (7,8) 16-24 urte bitartekoek ematen dute. Okerrera egiten da adinarekin bolada luze batean, baina gero berriz gora egiten du 65 eta gehiagokoen artean (7,6).

Gizon eta emakumeen artean, berriz, alde handirik ez dago, eta lurraldeka ere ez dira oso handiak diferentziak. Esan daiteke pertzeptziorik baikorrena Bizkaian dutela (7,6), gero Gipuzkoan (7,5) eta azkenik Araban (7,3). Arabarrak ez ezik, atzerrian jaiotakoak ere batez besterkoaren azpitik daude, 7,2ko puntuazioarekin.

Nota norberaren bizitzaren balioari emateko eskatu denean -gure bizitzak zenbateraino merezi duen, alegia-, altuagoa da oraindik nota, 8koa. Biztanleen %70,7entzat balio 'handia' du (%56,1entzat 2014an) eta %1,9rentzat 'txikia'.

Kasu honetan ere ez da alde handirik gizon eta emakumeen artean. Araban bizi direnak batez bestekoaren azpitik daude atal honetan ere, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak 8,1eko nota ematen diote, pertsona okupatu eta ez-aktiboek bezaka. Langabetuak 7,6 batean gelditu dira.

Oro har, gogo-aldartearen batez besteko nota 6,8koa da ; altuena 16-24 urte bitartekoena da (7) eta baxuena langabeena (6,3). Lurraldeka, Bizkaian bizi direnek ematen dute notarik altuena (6,9) eta berdinketa dago Araba eta Gipuzkoaren artean (6,7). Puntuaziorik txarrena, aldagai honetan ere, atzerrian jaioek ematen dute (6,6). Adierazleak nota hobea du gizon artean (6,9) emakumeen artean baino (6,7). Aisialdiarekiko asetasunari buruzko datua deigarria da, astetasun maila altuena 65 urtetik gorakoek baitute (7,9), eta lanean dabiltzan 35-49 urte bitartekoek baxuena (6,1).

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate