Diario Vasco

Euskaltzaleen zain da Nafarroa Oinez

Orain dela 15 urte jendetsua eta arrakastatsua izan zen Nafarroa Oinez Lodosan.
Orain dela 15 urte jendetsua eta arrakastatsua izan zen Nafarroa Oinez Lodosan. / L. AZANZA
  • Aurtengo edizioa «historikoa» izatea nahi dute Lodosa eta Vianako ikastolek, eta euren esku dagoen dena egin dute festa aparta antolatzeko. Eguraldia ere lagun dute

Ibiltariak baino ez dira falta Viana eta Lodosako ikastolek urte osoko lan, ilusio eta nekeak Nafarroa Oinez 2016 «historiko» batekin ixteko. Behin eta berriro azaldu dute hain zuzen Nafarroako ikastolen festa nagusia elkarrekin antolatu duten bi ikastoletako arduradunek -aurtengoa da aurreneko Nafarroa Oinez 'partekatua'-, behar-beharrezkoa dutela euren proiektua garatzeko, «ezinbestekoa», euskaltzale guztien sostengua.

Lankidetzaren indarra irudikatu nahirik 'Hartu, tenka, tira' lelopean antolatu den festa ia lau kilometroko zirkuitu erosoaren bueltan egingo da. Jaia bata bestearengandik 30 bat kilometrora dauden bi ikastolak antolatu badute ere, jakina denez horren egoitza Viana da, A-12 autobidea erabilita Lizarratik ordu erdi ingurura dagoen herria. Zirkuitua herrian barrena prestatu dute, gune historikoa inguratuz eta, horrenbestez, herriaren ondare monumentala ezagutzeko aukera eskainiz. Antolatzaileek azpimarratu dute ibilbide lau eta erraza dela, edozeinentzat egokia. Horrez gain, iragarpenen arabera eguraldia ere bikaina izango dute bertaratuek, lehorra, eguzkitsua eta epela, gehienez ere 22-23 gradukoa izango baita tenperatura.

Euskaltzaleen zain da Nafarroa Oinez

Zirkuituak lau gune izango ditu: Erentzun, Endregoto, Pipergontzi eta Ibaialde. Bi ikastola antolatzaileen izena daramate lehen eta laugarren guneek, eta denetarako prestatu dute egitarau zabala. Hori osatzerakoan oso kontuan izan dituzte inguruko taldeak. Besteak beste Bolbora (Lizarrakoa), Kometa (Vianakoa), Lizarrako Gaiteroak, Gazte Berri (Vianako txaranga), Andosillako txistulariak, Lodosako dantzariak, Vianako buruhandi eta erraldoiak, Lodosa A capella abesbatza edo Asier Apesteguia DJa ariko dira egunean zehar. Horiez gain, E.T.S., Trikidantz, Izaki Gardenak, Chuchín Ibañez… edo Oihan Vega DJ-a izango dira Vianan. Azken urteetako ikastolen festa guztietan bezala, aparteko garrantzia izango du gaztetxoen arteko Erronkak.

Kontuan izan behar da ikastola ez dagoela zirkuituan; bai, ordea, 1. gunetik gertu. Beste askoren artean Nafarroako eta EAEko gobernuen presentzia izango duen irekiera ekitaldia ez ezik, Txikiak Handi Manifestuaren sinadura ere ikastolan egingo da 12:00etan, baita aurreikusita dauden omenaldiak ere. Bertaratzerik ez bada, etxetik laguntzeko aukera ere badago.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate