Diario Vasco

Enbaxadore txinatarrak Marterako lasterketan

Oraindik jardunean dagoen 'Curiosity' estatubatuarra, 899 kilokoa, Marteratu den ontzirik astunena da.
Oraindik jardunean dagoen 'Curiosity' estatubatuarra, 899 kilokoa, Marteratu den ontzirik astunena da.
  • Aurreneko saioan porrot egin ondoren, lehia horretan gainerako potentzien atzetik dabilen Txinak 2020an bidali nahi du ontzi bat planeta gorrira

Txinak lau urte barru Martera bidali nahi duen espaziontziak ez du astronautarik eramango, eskifaiarik gabeko misioa izango da. Baditu ordea enbaxadoreak, eta ez gutxi, itzal handiko hamaika pertsona ospetsu eta ezagun aukeratu baitituzte Txinako agintariek herritarren artean misioa ezagutzera emateko eta haren aldeko jarrera bultzatzeko. Herritarren artean misioa 'saltzeko', azken batean, 2011ko lehen saioan porrot egin ondoren, eta gainerako potentzien aldean atzeratu samar dabiltzala kontuan hartuta, sekulako garrantzia baitu agintari txinatarrentzat 2020rako aurreikusita daukaten saioak.

Itzalik handiena, zalantzarik gabe, NBAko izarretako bat izandako Yao Ming basketlariarena izango da, jokalari gisa goia mende honen lehen hamarkadan jo zuen kirolariari zentimetro bat baino ez baitzaio falta 2,30 metrora heltzeko. Akaso karrera osoa Houston Rockets-en egin izanak hurbil lezake Txinan oso ezaguna eta errespetatua den eta presentzia publiko handia duen Yao Ming espazioko kontuetara...

Yao Ming, iazko argazki batean.

Yao Ming, iazko argazki batean. / MARK RALSTON/AFP

Gainerako hamar enbaxadoreak ez dira horren ezagunak Txinatik kanpo. Xinhua berri-agentzia ofizialak zabaldu duenez, horien artean kirolariak eta musika mota desberdinetako izarrak daude; idolo herrikoiak, alegia. Horien guztien egitekoa izango da Marterako bidaia ez ezik Txinak abian duen programa espaziala (Ilargirako misioak era baditu, eta estazio egonkor bat eraikitzen ari da) ezagutzera ematea eta gazteen artean zientzi eta teknologiaren inguruko ikasketak sustatzea. Txinaren kanpo irudia hobetzea ere badute egitekoen artean enbaxadoreok.

Lehia bizia

Martera iritsi nahian dabiltzan denek euren helburuak betetzen badituzte, beharrezkoak izango dira enbaxadoreak, diplomazia martetarra derrigorrezkoa izango baita eguzki-sistemako bigarren planeta bizigarriaren konkista modu baketsu eta harmoniatsuan bideratzeko.

Hain zuzen ere, aspaldikoa ez ezik jendetsua ere bada da Marterako lasterketa. 1960az geroztik 40 misio bidali dira espaziora Marteri buruzko informazioa biltzera edota, zuzenean, erromatar mitologian gerraren jainkoa zenaren izena daraman planetan lur hartzera.

Urrats esanguratsuak egiten aurrenak estatubatuarrak izan ziren, eta NASAk jarraitzen du lasterketaren buruan, baina ez da korrikalari bakarra, ezta gutxiago ere. Aurreneko saioa, dena den, orduko Sobietar Batasunak egin zuen 1960 urtean, huts egin zuen Marsnik 1-ekin. AEBak segituan bildu ziren lehiara, baina hamarkadaren haren lehen erdialdean batzuek zein besteek porrotak pilatu zituzten bata bestearen atzetik, harik eta 1964an Mariner 4 estatubatuarra planeta gorriari asko gerturatu zitzaion (10.000 bat kilometrora geratu zen), eta Marteren aurreneko argazkiak bidali zituen. 21 argazki, zuri-beltzean. 1971ean bi espedizio bidali zituzten sobietarrek. Mars 3k Marteren azalean tramankulu bat jartzea ere lortu zuen, 20 segundoko bizitza izan bazuen ere. Hala ere, argazki asko bidali zituzte Mars 2 eta Mars 3k: 60.

Fundamentuz funtzionatu zuen aurreneko zunda, baina, Estatu Batuen Viking misioak jarri zuen Marten, eta orduz geroztik AEBen marka daramate lorpen nagusiek: 1997an Marteratu zen Mars Pathfinder; oraindik lan eta lan dabilen 2011ko Curiosity (zabaldu berri da hark egindako 'selfie' ikusgarria)...

1998an hirugarren eragile bat sartu zen biren arteko lehia hartan, Japonia, eta eskarmentu handiko lehiakideek aurreneko saioetan gertatu zitzaiena gertatu zitzaion iritsi berriari: porrot egin zuen Nazomi misioak.

Urte animatuak Marten

Europak orain arte izan duen esku-hartzea 'fifty-fifty' geratu da. Izan ere, saio bikoitza egin zuen 2003 urtean. ESA Europako Espazio Agentziak Mars Express misioa jarri zuen martxan, eta Erresuma Batuak Beagle 2 deiturikoa. Bigarren hori da porrot egin zuen 'fifty'-a, lurrera iristerakoak eguzki-panelak irekitzeko modurik izan ez zuen Beaglerekin segituan galdu baitzuten kontatuak zientzialariek. Mars Expressek, berriz, argazkiak bidaltzen jarraitzen du, nekaezin, eta Marten abian diren bost misioetako bat da.

Txinak 2009an egin zuen lehen urratsa Marterako bidean, ordurako ia Errusia zenarekin batera. Roskosmos agentzia errusiarrak, hain zuzen, espazioaren konkistari berrekin zion Sobietar Batasuna desegin ondoren alor horretan ere egoera latza pairatu ondoren. Asmoa zen Yinghuo-1 orbitatzaile txinatarra Fobos-Grunt ontzi errusiarrean espazioratzea, eta horrela egin zuten azkenean 2011ean, baina gutxi iraun zuen pozak, eztanda egin eta Lurrera itzuli baitzen, zatitan, Fobos-Grunt zoritxarrekoa. Porrotaren ondoren, bere programa propioa abian jartzea erabaki zuen Txinak, eta 2020rako aurrekusten den misioa izango da horren lehen emaitza.

Lasterketara bildu zen azkeneko herrialdia India izan da. Gainerakoek baino askoz ere gutxiago gastatuta eta aurreneko saioan asmatuta, oraindik jardunean dagoen Mangalyaan zunda espazioratu zuen 2013an.

Estatu Batuek, Europak eta Errusiak jarraitzen dute euren programekin. Txinak ere bai, eta gogotsu, bistan da. NASAk eta ESAk atzeratu egin dituzte aurreikusita eta iragarrita zituzten ekimen nagusiak, baina hurrengo urteetan mugimendu handia izango da Marten. Luze gabe txango tripulatuak eskainiko dituztela dioten enpresa pribatuak ere badira tartean, hala nola Boeing.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate