Diario Vasco

Irailera arte 15 pertsona ito dira Euskadin, iaz baino dezente gehiago

Gurutze Gorriaren salbamendu-ariketa iragan ekainean.
Gurutze Gorriaren salbamendu-ariketa iragan ekainean. / LUIS ÁNGEL GÓMEZ
  • 2015 osoan zortzi pertsona hil ziren horrela EAEn, itsasoan zein bestelako ur gune batzuetan

Espainiako Salbamendu eta Sorospen Federazioak zabaldutako datuen arabera, aurtengo urtarriletik irailera 15 pertsona hil dira Euskadin itsasoan zein beste ur gune batzuetan itota. Iazko datuekin alderatuta, hazkunde handia da, 2015 osoan zortzi lagun hil baitziren modu horretan. Itotze gehienak ekainetik irailera bitartean gertatzen direnez, 2016 urtea amaitzeko gelditzen diren hiletan ez da hazkunde handirik espero baina, hala ere, uretan hildakoen kopurua horrenbeste handitu izana esanguratsua da. Estatu mailan ere handitu egin da kopurua. 2016ko lehen bederatzi hilabeteetan, hain zuzen, 361 pertsona hil dira itota, iazko epe berdinean baino 40 gehiago. Hazkunde erlatiboa, hala ere, askoz handiagoa da EAEn.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago urari lotutako istripu hilkor gehien dituzten erkidegoen artean, eta hildakoen hiru laurdenak bereganatzen dituzten sei erkidegoen artean ere ez dago. Logikoa denez, multzo horretan daude biztanle edo bisitari gehien dituzten erkidegoak, hala nola Andaluzia (57 itotako), Kanariar Uharteak (51), Valentzia (41), Balear Uharteak (33) eta Katalunia (28). Hala ere, itota hildako gehien izan dituen erkidegoa Galizia izan da, 59rekin.

‘Informe Nacional de Ahogamientos’ txostenaren arabera, biktimaren profila honakoa da: gizonezkoa (guztizkoaren %80), espainiarra (%75) eta 45 urtetik gorakoa (%61,5). Ur gune erabilienak izanik, hondartzetan itotzeen erdia baino zertxobait gehiago gertatu dira. Deigarria da, halaber, itotze gehienak, %84,5, informazio eta sorospen zerbitzurik gabeko guneetan gertatu izana.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate