Diario Vasco

Klima aldaketak kostaldean duen eragina ezagutzea «premiazkoa» da

Astearte honetan eta asteazken honetan ehunka aditu bilduko dira biltzarrean.
Astearte honetan eta asteazken honetan ehunka aditu bilduko dira biltzarrean. / DE LA HERA
  • Eusko Jaurlaritzaren arabera, jakinduria honek «erabaki hobeak» hartu ahal izateko laguntzen du

Javier Agirre Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoko zuzendari nagusiak adierazi du klima aldaketak esparru guztietan zer eragin duen ezagutzea «premiazkoa» dela «erabaki hobeak» hartu ahal izateko.

Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko II. biltzarra hasteko ekitaldian egin ditu adierazpen horiek Agirrek, Irungo Ficoba erakustazokan, non astearte honetan eta asteazkenean ehundik gora aditu bilduko diren.

Ihobe sozietate publikoko zuzendari nagusiarekin batera Irungo alkate eta Ficoba Fundazioko presidente José Antonio Santano eta Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatu José Ignacio Asensio ere egon dira biltzarraren irekiera ekitaldian. Jaurlaritza klima aldaketaren arloan egiten ari den ekimenak ezagutarazi ditu Agirrek bere agerraldian, besteak beste, klima aldaketara egokitzeko proiektuen Klimatek deialdi irekia, besteak beste.

«Gaur egun, lau proiektu garatzen ari gara Euskadiko ikerketa zentro eta unibertsitateekin batera. Proiektu horietan gakoa da emaitza praktikoak lortzea, sortutako ezagutza eskuragarri jartzea eta proiektuak metodologiak eremu edo esparru fisiko jakin batean aplikatzea har dezan barnean», adierazi du.

Halaber, Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokian Euskadi egiten ari den lana ere nabarmendu du: «Pirinioetako gainerako eskualde eta herrialdeekin batera parte hartzen dugu ekimen horretan, eta Pirinioetako klima aldaketa hobeto ezagutzeko eta horri erantzuna emateko lankidetza esparru gisa dago eratuta». Azkenik, itsasertza zaintzearen eta klima aldaketaren arloan Euskadiren eta Akitania Berriaren artean 2020ra arte dauden lankidetza programen berri ere eman du.

Hitzarmen horien barruan, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Nicolas Thierry Akitaniako Ingurumenerako presidenteordeak bilera bat egin zuten udan, etorkizunean itsasertz atlantikoa zaintzeko jarraibideak elkarrekin nola abiarazi aztertzeko. Alerta sistemen arloan, babesen eraikuntzan zein kostaldeko urbanizazioari buruzko araudia edo erregelamendua ezartzeari dagokionez esperientziak trukatzea hitzartu zuten bilera horretan.

Uhinak

Uhinak biltzarrean askotariko erakundeek eta hizlariek parte hartuko dute bi egunotan, eztabaidaren kalitatea eta aberastasuna bermatuz. Horrela, besteak beste, CSIC Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusia; Estatuko Portuak; IDDRI Institute for Sustainable Development and International Relations; AZTI; CEDEX Obra Publikoen Azterketa eta Esperimentaziorako Zentroa; CESER de l'Atlantique, Euskal Itsasertzeko Interes Zientifikoko Taldea moduko erakundeek parte hartuko dute.

Halaber, BC3 Basque Centre for Climate Change; EHU; IFREMER Institut Française de Recherche pour l'Exploitation de la Mer; Donostiako Udala; Cerema Sud Ouest Centre d'etudes et d'expertise sur les risques, l'environnement, la mobilité et l'amenagement; Rivages Protech-Suez Eau France, Cardiffko Unibertsitatea; Paue eta Aturri aldeko herrietako Unibertsitatea; Arroxelako Unibertsitatea, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa, Surfrider Foundation, eta TYPSA eta Telespazio France enpresak ere parte hartzaileen artean daude.

Uhinak biltzarraren bigarren edizioan 31 txosten aurkeztuko dituzte guztira: hamar gonbidatuta eta 21 deialdi ireki batean hautatuta. Horietatik 13 txostengile frantsesak dira, eta horrek «agerian uzten du mugaz gaindiko gero eta izaera handiagoa duela biltzarrak, eta arku atlantiko osorako elkargune izateko nahia gauzatzeko aukera dago horri esker», antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko mugaz gaindiko II. Biltzarra lau gai multzoren inguruan antolatu da: Klima aldaketaren erronkak Bizkaiko Golkoko kostaldean; Efektuak eta egokitzapena itsasertzeko erabileretan; Kudeaketarako eta erabakiak hartzeko laguntza tresnak; Muturreko gertaeren inpaktua eta haren efektuak itsasertzaren etorkizuneko erabileretan.

Temas