Diario Vasco

Lehen aldiz, Nafarroako Parlamentuan bilduko da Euskaltzaindia

Ostiral honetan ere Nafarroan izan da Euskaltzaindia, Lodosan, Nafarroa Oinez dela eta. Argazkian,  zuzendaritza Ibaialdi ikastolako neska-mutikoekin.
Ostiral honetan ere Nafarroan izan da Euskaltzaindia, Lodosan, Nafarroa Oinez dela eta. Argazkian, zuzendaritza Ibaialdi ikastolako neska-mutikoekin. / EUSKALTZAINDIA
  • Irailaren 30ean egingo du bertan Osoko bilkura ostiralean Lodosan izan zen Akademiak

Bere historian lehenengo aldiz, Nafarroako Parlamentuaren egoitzan egingo du hileroko osoko bilkura Euskaltzaindiak irailaren 30ean. Egun berean, harrera ofiziala egingo dio Akademiari Parlamentuko mahaiak.

Euskaltzaindiak ohar batean gogoratu duenez, «aspaldikoa da Akademiak Nafarroako Parlamentuarekin duen hartu-emana, azken urteotan areagotu egin dena». Horren adibide garbia da iazko urtarrilean sinatutako lankidetza-hitzarmena (besteak beste, parlamentu-lexikoaren bateratze-lana egiteko baliagarria izan dena). Hartu-eman sendo eta iraunkor horretan, beste pauso garrantzitsu bat litzateke 30eko bilkura. «Keinu honekin, Nafarroako Parlamentuarekin lehendik ere ditugun loturak berretsi nahi ditugu, eta, bide batez, euskararen lurralde guztiak zaintzen ditugula adierazi», esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak.

Apirilean, Iruñeko udalak hartu zuen Osoko bilkura, baina orain arte ez zen horrelakorik gertatu Nafarroako Parlamentuan. Besteak beste, Osoko bilkuran ondoko gaiak aztertuko dira: Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Europako Goi Erdi Aroko pertsona-izenak (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); 178. arauan -Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak- ohar bat erantsi (Exonomastika batzordearen proposamena); Erdal hitzak eta izen berezien baliokide diren adierazpenak deklinatzeko jarraibideak araugaia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki); Erdi Aroko pertsona-izen ez-kristauak; musulmanak, juduak eta turko-mongolak (aurkeztu); Oinarrizko kimika hiztegia (aurkezturiko iruzkinak aztertu eta erabaki).

Hilaren 30ekoa ez da ordea Euskaltzaindiak irailean Nafarroan egingo duen bilera bakarra. Ostiralean, irailak 23, Lodosako udaletxean batzartu zen Euskaltzaindiko Zuzendaritza, Nafarroa Oinez dela eta. Aurretik, Sartaguda eta Lodosako alkateek harrera egingo zieten akademikoei Lodosako Udaletxean. Azkenik, Lodosako Ibaialde ikastola bisitatu zuten akademikoek, bertako arduradunen eskutik.

Temas