Diario Vasco

Ikasleen ekintzailetza ekimenak sustatzen jarraituko dute Euskadiko Lanbide Heziketak eta La Caixa Gizarte Ekintzak

Ikasle talde bat, liburutegian.
Ikasle talde bat, liburutegian. / FOTOLIA
  • Akordioak 52 beka eskaintzea ere jasotzen du; ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie beka horiek, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri

Euskadiko Lanbide Heziketak eta La Caixa Gizarte Ekintzak joan den ikasturtean bi aldeen artean gauzaturiko lankidetza hitzarmena berritu dute ikasturte berrian. Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza egitasmoei bultzada ematen jarraitzea da berritu den akordioaren helburua. Hitzarmenari esker, La Caixa Gizarte Ekintzak finantziazioan lagunduko die 'Urratsbat' programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2016-2017 ikasturtean ikasleek sortutako enpresei.

Akordioa tarteko, La Caixa Gizarte Ekintzak 113.700 euro bideratuko ditu bi aldeen arteko elkarlaneara. Ikaslan Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen elkarteak banatuko du funts hori dagoeneko legalki osaturik dauden Lanbide Heziketako ikasleen enpresa proiektuen artean -edozein delarik hartu duten forma juridikoa eta sektorea-, beti ere enpresok Urratsbat programaren bidez 2016-2017 ikasturtean sortuak badira. Diru-kopuru horren zati bat ekintzaile kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Era berean, akordioak 52 beka eskaintzea ere jasotzen du. Ikaslan elkarteko ikastetxeek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukeraturiko ikasleei zuzenduko zaizkie beka horiek, bidaia gastuak ordaintzeko lagungarri.

Donostian ostiral honetan egin den prentsaurrekoan azaldu dituzte alderdi hauek guztiak Gaxpar Guembe CaixaBank-en Gipuzkoako erakunde zuzendariak, Iñaki Mujika Tknika Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroko zuzendari exekutiboak eta Nicolas Sagarzazu Ikaslan Gipuzkoako presidenteak.

Hitzarmenaren berritzearen aurkezpenean azaldu dutenez, 2004-2005 ikasturtean Urratsbat programak ibilbidea hasi zuenetik, parte hartzen duten ikastetxeek 1.473 proiektu ekintzaile tutorizatu dituzte. Halaber, 2004-2005 ikasturtetik 615 enpresa sortu dira programaren bidez eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan bertan. 2015-2016 ikasturtean bakarrik, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek 92 enpresa sortu zituzten. Egun, programa martxan jarri zenetik sortu diren enpresa guztien artetik %72,35ek jardunean jarraitzen dute.

Programaren arduradunen araberra, ekintzaile kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da datu horiek azaltzeko «gako nagusietako bat». Horrela, azken 12 urteetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 69.047 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 10.459k 2015-2016 ikasturtean. Egun, Euskadiko 57 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen: bost Araban, 27 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan.

Erasmus+

Bestalde, 2015-2016 ikasturtean, Ikaslan elkarteko ikastetxeetako 471 ikaslek (309 goi mailako zikloetakoak eta 162 erdi mailakoetakoak) Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbeheretara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera.

Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 20 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen maila bertatik bertara ezagutzeko.

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da 'Urratsbat', ikastetxeak «enpresa inkubagailu» bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hertzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen dute ikasleen eskura, baita beren instalazioak ere, proiektua merkaturatze fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei beren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Irakasle dinamizatzailea

'Urratsbat' programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: irakasle dinamizatzailea. Pertsona hau ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, bai eta enpresa ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

Ikastetxeak ikasle ekintzaileari formakuntza, tutoretza eta proiektuaren jarraipena eskaintzen dizkio, irakasle dinamizatzailearen laguntzaz. Gazte ekintzaile hauek, gainera, Lanbide Heziketako ikastetxearen instalazioak eta tresneria ere erabili ditzakete euren enpresa proiektuaren hastapenetan.

Tknika Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa programaren koordinazioaz eta ikastetxe sarearen dinamizazioaz arduratzen da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, berriz, programarako beharrezko bitartekoak jartzen ditu, Lanbide Heziketaren IV. Euskal Planaren ardatzetako bat baita ekintzailetza.

'Urratsbat' programa Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidezko harremana duen beste edozein pertsonari ere.

Temas