Diario Vasco

Dena prest 2016ko Kilometroak festarako

'Demasa' da aurtengo kilometroen leloa.
'Demasa' da aurtengo kilometroen leloa.
  • Zirkuitua ia bost kilometro luze izango da eta bost gune edukiko ditu, ostegun honetan jaiaren aurkezpenean esan dutenez

Gipuzkoako ikastolen jaiaren berri eman da ostegun honetan Donostian. Kilometroak 2016 urriaren 2an ospatuko da, ohi bezala, urriko lehen igandean, Bergaran. Aranzadi ikastola da aurtengo antolatzailea, hain zuzen ere, bere 45. urteurrenean.

«Urte guztiko lanaren ostean, beraz, egun handia ospatuko dugu datorren asteko igandean. Antolaketa mailan, azken egunetan buru belarri ibiltzea egokitzen zaigu, baina guztia prest dago Kilometroak 2016 arrakastatsua egiteko», ziurtatu du Ekaitz Aranberrik, Kilometroak 2016ko koordinatzaileak. Nekane Artola, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria; Aitziber Lopez de Aretxaga, Aranzadi Ikastolako lehendakaria; Maite Fernandez, Ikuskizun batzordeko kidea; eta Ane Barruso, Aranzadi ikastolako zuzendaria egon dira Aranberrirekin batera aurkezpenean.

Aranberrik esan duenez, 1.500 boluntariotik gora ibiliko dira lanean egun handian. «Bergararrek fin-fin eman dute izena lan egiteko, eta Gipuzkoako gainontzeko herrietatik ere etorriko dira ikastolen jaiari bultzada ematera. Azpimarratzekoa da boluntarioen lana, horrenbeste pertsona proiektu baten inguruan lan egiten ikustea. Auzolan erraldoi bat da Kilometroak, eta eurak gabe, ez litzateke posible izango», azpimarratu du.

Bost kilometro eta bost gune

Zirkuituari dagokionez, ia 5 kilometro izango ditu eta oso urbanoa izango da. Aipagarria da, «Aspacerekin egin dugun lanari esker, gurpildun aulkian ere egiteko modukoa izango dela. Bestalde, zirkuitu alternatibo bat ere izango da, Bergarako Udalarekin landu dena. Hau, aldapatsuagoa izango da, mendi bidea da, baina Bergara goitik ezagutzeko aukera ematen du».

Hiru sarrera izango ditu zirkuituak. Bi muturretan, Labegaraietan eta Matxiategin, eta beste bat ohiko autobus geltokian.

Guneak, 5 izango dira, herrigunean banatuta: Ikastola, Espoloia, Labegaraieta, Matxiategi eta Azoka. Berezia da Espoloi ondoko Arrizuriaga parkea. Haurrekin egindako parte hartze prozesu baten bitartez, Blai-blai prozesuaren bitartez, haurrek eurek diseinatu dute gunea.

Garraio publikoa eta autobus bereziak

Urriaren 2an Bergarara heltzeko, «gomendatzen dugu zerbitzu publikoak erabiltzea, lineako edo antolatutako autobusak. Lineako autobus zerbitzuak indartu egingo dituzte egun horretarako».

Autoz datozenek, berriz, Amillaga aldean izango dute aparkalekua, Bergara iparraldean. Bertako aparkalekuak betetzean, Elgeta bideko Larramendi industrigunera bideratuko ditugu, eta bertatik autobus lanzaderetan jaisteko.

Temas