Diario Vasco

Irigoien, AZTI-ko zuzendari zientifiko berria

Xabier Irigoien izango da AZTI-ko zuzendari zientifiko berria.
Xabier Irigoien izango da AZTI-ko zuzendari zientifiko berria.
  • Xabier Irigoien doktore eta nazioarteko itsas ekologiako ikertzailea zentro teknologiko honetako zuzendari zientifiko gisa lan egiteko fitxatu dute

Xabier Irigoien doktore eta nazioarteko itsas ekologiako ikertzailea AZTI zentro teknologikoko zuzendari zientifiko gisa lan egiteko fitxatu dute, Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioaren Research Professor deialdiaren bitartez. Planktonaren ekologia, itsasoko sare trofikoak eta arrantzari eragiten dioten faktoreak dira AZTIko Ikerbasque ikertzaile berriak esku artean darabiltzan ikerketa ildoak.

Zehazkiago, itsasoko elikadura katearen oinarrian dagoen planktonaz ari da, eta xedea planktonaren ugaritasunari eta banaketari dagozkien faktoreak ulertzea da. Horrek arrainen elikaduraren banaketa eta itsasoen osasuna baldintzatzen dituzten faktoreak ulertzen laguntzen du.

Xabier Irigoien doktorea ozeanografiako ikertzaile ospetsua da, eta Itsas Zientzien Institutuan (Bartzelona), Plymouth-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua), AZTI zentro teknologikoan eta KAUST Itsaso Gorriaren Ikerketa Zentroaren zuzendaritzan (Saudi Arabia) egindako ikerketa ibilbide luzearen ondoren, Ikerbasquen Research Professor deialdiaren bitartez fitxatu berri dute.

«Gauza guztietarako zikloak daude. Nik sumatzen nuen KAUSTeko zikloa azkenetan zegoela eta hainbat eskaintza arakatzeari ekin nion. Estatu Batuetara jauzi egiteko ala Euskadira itzultzeko eskaintzak zeuden», azaldu du Irigoienek Euskadira itzultzeko erabakiari buruz.

«Euskaditik, izugarri erakartzen nau erabat errotuta daukan itsas tradizioak, eta horren harira, nire lanak berehalako aplikazioa eta gizartearen gaineko eragina izan dezake; alderdi horiek oso garrantzitsuak dira niretzat», gaineratu du.

Bestalde, Ikerbasquek «oso ikerketa-esparru erakargarria eta egonkorra» eskaintzen duela nabarmendu du, eta egonkortasun hori «nahitatezkoa» dela ikerketa proiektu sendoak eta koherenteak garatu ahal izateko.

Irigoien doktorearen proiektuek kate trofikoren ikuspegitik arakatzen dituzte itsasoen kontserbazioaren erronka nagusietako batzuk. Adibidez, 'Proceedings of the National Academy of Sciences' aldizkarian 2014an argitaratu zuen ozeanoetako hondakin plastikoen kopuruari buruzko artikulu batean, argi utzi zuen plastiko horien kopuru handi baten «ibilbidea eta azken helmuga» ezezagunak direla, plastiko zati txiki asko kate trofikoarekin bat egiten ari direla iradokiz.

«Ikerketa horretarako, munduari bira eman zitzaion, lehorretik urrutien dauden ozeanoetako aldeetan zehar nabigatuz, eta han-hemenka bildutako lagin guzti-guztietan plastikoak aurkitu ziren. Zalantzarik gabe, plastikoa munduko itsaso guztietako kate trofikora iritsi da, hainbat maila trofikotan iritsi ere. Plastiko hori zooplanktonak eta arrainek kontsumitzen dute, eta oraindik ere ditugu ezagutzen horren ondorioak. Maila altuagoetan, dortokek, itsas ugaztunek eta hegaztiek ere plastikoa kontsumitzen dute, eta horren ondorio zuzenak are okerragoak dira», azaldu du.

Ozeanoen eta biomasako aldaketak

Beste lan batean, ozeanoen beroketaren eta biomasako aldaketen arteko harremanak aztertu zituen Irigoien doktoreak. Nolanahi ere, Irigoien doktoreak jakinarazi duenez, inpaktuen aniztasuna da ozeanoen kontserbaziorako erronka nagusia. «Ozeanoak dira gure ur erreserba nagusia, eta horietatik jatekoa biltzeko asmotan dihardugu, berotzen eta zabortegitzat erabiltzen ditugun bitartean», esan du.

Bere iritziz, arazoa da «infinitutzat» jotzen dugula, «inpaktu guztiak jasotzeko gauza balitz bezala, gure ondoan hondatuta ere gainerakoa salbu balego bezala alegia, baina ez da horrela». «Beroketa globala da, horren ondorioak lekurik urrunenetan ere antzeman ditugu, eta gehiegizko arrantza eskuin-ezker hedatuta dago», gaineratu du.

Halere, Irigoien doktoesaren esanetan, «seguraski arazorik larriena», horretara ohitu izana da, «oinarrizko lerro aldaketaren sindromea» deritzona, «belaunaldi batetik bestera pentsatzen dugu ekosistema ondo zegoela gaztetan ezagutu dugun moduan eta ez benetan zen bezala».

«Ozeanoak hor zeuden gu sortu baino askoz ere lehenago, eta hortxe jarraituko dute gure espeziea desagertu ondoren ere. Guri dagokidu erabakitzea natur baliabideen erabilera iraunkorra egitea ala baliabide horiek agortzeko arriskua hartzea. Erabilera iraunkorra egiteko, ondo baino hobeto ezagutu behar dugu ekosistemaren funtzionamendua», adierazi du.

Temas