Diario Vasco

'Irten armairutik' leloarekin Lasarte-Oriako 9. Maratoia dator

Urriaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko da.
Urriaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko da.
  • Euskararen erabileran elebidun hartzaileek duten papera aztergai du

Lasarte-Oriako Euskararen 9. Maratoia berezitasunez eta erronkaz betea dator aurtengo honetan. Besteak beste, dinamika linguistikoetan elebidun hartzaileek –euskaraz ongi ulertu bai, baina hitz egiteko ohiturarik ez dutenek– jokatzen duten papera aztertuko dute maratoian zehar, Foru Aldundiak babestu eta EHUk garatuko duen ikerketa baten bitartez.

Izan ere, orain arteko 40 orduko maratoietatik, Baietz 40 egun euskaraz desafioari helduko dio aurtengo edizioak, Lasarte-Oriako Udalaren eta Ttakun Kultur Elkartearen ekimena gauzatuko duen bederatzigarrenak, hain zuzen ere. Irten armairutik leloarekin, urriaren 23an hasi eta abenduaren 3ra bitartean, herritarrak euskarara gerturatu eta hizkuntza erabiltzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.

Hala jakinarazi dute Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Antxordokik, Ttakun elkarteko ordezkari Naiara Mujikak, eta maratoiko antolakuntzan ari den lantaldeko kide Joxe Mari Agirretxe eta Oihana Fu Otaegik.

Parte hartu nahi duen herritar orok Ahobizi nahiz Belarriprest moduan izena emateko gonbitea luzatu dute prentsaurrekoan. Batetik, 300 Ahobiziren parte-hartzea lortu nahi du antolakuntzak; euskarazko jokaera aktiboa hartuz, armairutik aterako diren herritarrak dira horiek eta, astebetez, euskaraz egingo diote ulertzen duenari. Bestetik, 3.000 Belarriprest erakarri nahi dituzte maratoira; euskarazko aktibotasuna ondo hartzen dutela adieraziko duten herritarrak dira, dakienari euskaraz aritzeko gonbitea luzatuz. Azken hauek sei astez Belarriprest papera jokatzeko konpromisoa hartuko dute.

Erronkan parte hartzeko baldintzak dira Lasarte-Orian jaio, bizi edo lan egitea eta 16 urtetik gorakoa izatea. Izena emateko interesa dutenek, berriz, 40egun.euskararenmaratoia.eus webgunean egin dezakete edo zuzenean Ttakun Kultur Elkartera (943 37 14 48) nahiz Udaleko Euskara Zerbitzura (943 37 61 84) jo.