Diario Vasco

Euskara ikasteko dirulaguntza

Ikasle talde bat, barnetegian euskara ikasten.
Ikasle talde bat, barnetegian euskara ikasten. / JOSÉ MARI LÓPEZ
  • Donostiako Udalak 300.000 eurotik gora bideratuko ditu hiritarren euskalduntzea sustatzeko eta Jaurlaritzak 237.000 euro euskal etxeen euskara ikastaroak laguntzeko

Donostiako Udalak 301.463,75 euro bideratuko ditu guztira 2016-2017 ikasturtean donostiarren euskalduntzea laguntzera, euskara ikasteko deia egiten duen #euskaldunízate kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek aurkeztu dute astearte honetan #euskaldunízate kanpaina. Azkarateren esanetan, #euskaldunízate lelopean, euskara ikastera edo hobetzera animatu nahi dituzte oraindik ez dakiten donostiarrak. «Iaz erabili genuen lehen aldiz lelo hau eta aurten lelo berari eutsi diogu kanpainak duen helbururako oso egokia iruditzen zaigulako. Euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izan (euskaraz) eta euskara ikasi (gaztelaniaz)», azaldu du.

Horrela, Azkaratek esan du 301.463,75 euro bideratuko direla guztira donostiarren euskalduntzea laguntzera. Zehazki, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu 2016-2017 ikasturtean ere, eta HABEk homologatutako ikasturte osoko ikastaroak laguntzeko 225.848,75 euro bideratuko ditu.

Euskalduntze prozesu jarraituaz gain, Donostiako euskaltegiek xede berezietarako oinarrizko ikastaro laburrak ere antolatzen dituzte. Komunikazio behar zehatzak dituzten xede talde desberdinei zuzendutako ikastaroak izaten dira: merkatarientzat, ostalarientzat, gurasoentzat, etorri berrientzat edota jubilatuentzat. 60 orduko ikastaroak dira eta ikasleak 60 euro ordaindu behar ditu. Talde hauek osatzeko 37.615,00 euroko laguntza ematen die Donostiako Udalak euskaltegiei.

Horrez gain, langabeentzat ere izango da doako eskaintza ikasturte honetan, eta arlo horretara 38.000 euro bideratuko ditu Donostiako Udalak. Euskara ikasi nahi dutenek irail osoa izango dute Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko, eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 3tik azaroaren 18ra egongo da zabalik. Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru laguntza Euskara Zerbitzuan eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen eta Altzan. Diru laguntza eskaera on line egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus web orrietan.

#euskaldunízate kanpainari dagokionez, hiriko autobusak izango dira euskarri garrantzitsuenak, eta, horrez gain, 10.000 eskuorri ere banatuko dira Donostiako leku publiko gehienetan. Tabernetan Postalfree postalak banatuko dira, eta sare sozialen bitartez #euskaldunizate traola hedatuko da. Euskaltegi eta zentro homologatuen ordezkariek adierazi dutenez, «asmo garbia dugu, Donostia euskalduntzea elkarlanean. Gero eta euskaldunagoa den hirian oraindik euskara ez dakiten donostiarrak euskarara hurbildu nahi ditugu».

Euskal etxeek ere laguntzak edukiko dituzte

Euskal etxeek 2016ko urria eta 2017ko iraila bitartean emango dituzten euskara ikastaroengatik diru laguntza esleitzeko ebazpena onartu du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez. Xede horretarako 237.000 euro bideratu dira, Jaurlaritzako arduradunek zehaztu dutenez.

Diru laguntza eskatu nahi duten euskal etxeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako HABEk ezarritako curriculuma izatea jardueren erreferente, astean gutxienez hiru eskola ordu ematea eta talde bakoitzak gutxienez sei ikasle izatea (eta batez beste, gutxienez zortzi ikasle taldeko, talde guztien artean).