Diario Vasco

Formula matematikoak pobrezia hobeto ezagutzeko

Artxiboko argazkian, emakume bat zaborrak arakatzen .
Artxiboko argazkian, emakume bat zaborrak arakatzen . / SRDJAN ILIC/AP
  • UPV/EHUko BRIDGE ikerketa-taldeko Oihana Aristondok 25 herrialdetako pobrezia-indizeak aztertu ditu, ondorioztatuz 2005etik 2011ra Europako herrialde gehienak pobretu egin zirela

Diruz justu dabiltzanek kontu eta eragiketa asko egin behar dituzte baliabide urriekin oinarrizko beharrak bete ahal izateko. Ez da hori, baina, matermatikaren eta pobreziaren arteko harreman bakarra, UPV-EHUko ikertzaile batek, formula matekatiko baten bidez, herrialde baten pobrezia-indizea hiru aldagairen arabera adieraztea lortu baitu.

Oihana Aristondo UPV/EHUko ikertzaileak. 'International Journal of Approximate Reasoning' aldizkarian eman du bere ikerketaren berri. Europako 25 herrialdetan, 2005 eta 2011 bitartean, pobrezia nola aldatu den aztertu du, eta aldaketa horren jatorria zein den adierazi: pobre-kopurua, pobreziaren intentsitatea edo pobreen arteko desberdintasunak aldatzea.

Pobrezia-datuen azterketetan aditua den Oihana Aristondo UPV/EHUko Matematika Aplikatua Saileko BRIDGE ikerketa-taldeko ikertzaileak, Mariateresa Ciommi Italiako Università Politecnica delle Marcheko ikertzailearekin lankidetzan, International Journal of Approximate Reasoning aldizkariaren iraileko alean argitaratu duen artikuluaren arabera, Europako 25 herrialdetako pobrezia 2005 eta 2011 bitartean nola aldatu den aztertu du. Zehazki, ikerketa horretan, pobreziarekin lotutako indize ekonomiko mota bat hiru osagairen arabera adierazi dute operadore matematiko batekin, eta, hori baliatuz, aipatutako bilakaera aztertzeaz gain aldaketa horrek herrialde bakoitzean zer jatorri izan zuen aztertu dute. «Matematikako operadore bat eta ekonomiako formula batzuk uztartzea lortu dugu, nahiz eta hasieran bazirudien ez zutela elkarrekiko erlaziorik», adierazi du Oihana Aristondo ikertzaileak.

Espainian, hirutik hiru

Pobrezia-indizeek hiru osagai izan behar dituzte kontuan: pobrezia-intzidentzia (pobre-kopurua edo ehunekoa), pobrezia-intentsitatea (pobreak zenbateraino diren pobre) eta pobrezia-desberdintasuna (pobreen arteko aldeak zein diren). Bada, ikertzaileek lortu dute pobreziarekin lotutako 'rank-dependent' indizeak, zeinak pertsonen errentan eta pertsona bakoitzari errentaren arabera dagokion ordenan oinarritzen baitira, hiru aldagai horien arabera adieraztea formula matematiko batean, eta horrek balio du jakiteko herrialde batean zergatik handitu edo txikitu den pobrezia. Alegia, pobreziaren hazkundeak hiru jatorri izan ditzake: pobreen kopurua handitu delako, pobreen pobrezia handitu delako, pobreen arteko desberdintasuna handitu delako (batzuk askoz pobreago bihurtuz besteak baino) edo hiruren arteko konbinazioren bat gertatu delako.

Ikertzaileek agerian utzi dute 2005 eta 2011 bitartean pobrezia handitu egin dela 25 herrialdetatik 13tan: Austrian, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Alemanian, Danimarkan, Espainian, Finlandian, Grezian, Italian, Luxenburgon, Suedian, Eslovenian eta Eslovakian. Beste 12tan, berriz, pobrezia txikitu egin da: Zipren, Estonian, Frantzian, Hungarian, Islandian, Lituanian, Letonian, Herbehereetan, Norvegian, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan. Kasu bakoitzean, aldaketa horren arrazoiak zein diren aztertu dute, eta egoera hobetzeko joerak zein izan beharko lukeen proposatu.

Pobrezia handitu den herrialdeei dagokienez, Espainiaren kasuan, handitu egin dira pobreziaren intzidentzia, intentsitatea eta pobreen arteko desberdintasuna, eta gauza bera gertatu da Austrian, Belgikan, Txekiar Errepublikan, Danimarkan eta Finlandian. Beraz, hiru pobrezia-osagaiak kontuan hartuko dituzten politikak jarri beharko lirateke martxan herrialde horietan. Bestalde, Italian, Alemanian eta Eslovakian, pobre-kopurua txikitu arren, intentsitatea eta desberdintasuna handitu egin dira. Luxenburgon, berriz, pobreen arteko desberdintasuna gutxitu denez, pobreziaren intzidentzia eta intentsitatea murrizteko politikak jarri beharko lirateke martxan. Azkenik, Greziako, Suediako eta Esloveniako pobreziaren hazkundearen jatorria pobre-kopurua nabarmen handitzean dago, intentsitatea eta desberdintasuna txikitu egin baitira.

Pobre gutxiago, desberdintasun handiagoa

Pobrezia txikitu den herrialdeei dagokienez, nabarmentzekoa da Frantzian, Estonian eta Lituanian pobreen arteko desberdintasuna handitu egin dela, baina beste bi aldagaiak txikitu egin direnez, desberdintasunaren hazkundea konpentsatu egiten dela. Bestalde, Hungarian, Herbehereetan, Polonian, Portugalen eta Erresuma Batuan, hiru osagaiek egin dute behera. Zipren, pobreziaren intzidentzia handitu egin da, eta beste bi aldagaiak txikitu. Eta, amaitzeko, Islandian, Letonian eta Norvegian, pobre-kopurua asko txikitu delako gutxitu da pobrezia-maila; nolanahi ere, ikertzailearen iritziz, «ezin esan dezakegu herrialde horien emaitza ona denik, pobreziaren intentsitatea eta pobreen arteko desberdintasuna handitu egin baitira».

Oihana Aristondoren iritziz, «oso tresna baliagarria izan liteke hau, herrialde bateko pobrezia-maila zergatik igo den jakin baitaiteke, eta, horren arabera, agintariek behar diren neurriak jar baititzakete martxan». Orain, Espainiako Estatistika Institutu Nazionaleko (INE) 2014ko datuak dauzka esku artean, eta haien azterketa laster amaitzea espero du.

Oihana Aristondo (1977) Matematikan lizentziaduna da eta Ekonomian doktore (UPV/EHU). Matematika Aplikatua Saileko irakasle da, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Eibarren). ‘Bilbao Research In Decisions Games and Economics’ (BRIDGE) ikerketa-taldeko kide da.

Temas