Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Jorge Gimenez, Patxi Baztarrika eta Ane Crespo.
«Europako Kontseiluak txartel gorria atera dio Espainiako Estatuari»

«Europako Kontseiluak txartel gorria atera dio Espainiako Estatuari»

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu du «EAEko euskararen sustapen politikek nola altua» eskuratu dutela Kontseiluaren txostenean

m. imaz

Jueves, 28 de enero 2016, 14:04

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeak egindako betetze mailaren 4. txostena analizatu eta baloratu du gaur Bilbon. Txosten horretan oinarrituta, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak gomendio batzuk egin dizkie Estatuko aginteei, eta sailburuordeak horien gaineko balorazioa egin du gaur. Sailburuordearekin batera, prentsaurrekoan, Jorge Gimenez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, eta Ane Crespo, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzaren arduraduna, egon dira.

Europako Kontseiluak joan den astean ezagutzera eman zuen txostenak gomendio zorrotzak egiten zizkion Espainiari, batez ere Justiziaren alorrean. 2010-2013 tarteari dagokion Txosten horrek, 2014ko zenbait informazio osagarri ere badituenak, Eurokartak Autonomia Erkidegoetan duen betetze maila ere aztertzen du, Euskadikoan barne. Hain zuzen ere, gogoratu du Baztarrikak, txostenak berak dio azken urteotan aurrerapausoak egin direla Hizkuntzen Eurokarta betetzeari dagokionez. «Baina aurrerapauso horiek egin dira batez ere, eta nabarmen, gaztelania ez beste hizkuntzaren bat duten Autonomia Erkidegoetako politikei eta jarduerei esker, eta nahiz eta Estatuaren Administrazio Orokorra konpromisoak betetzetik urrun ibili eta Autonomia Erkidegoekiko oso atzean ibili», esan du.

Konpromiso gehienak, beteta

EAEri dagokionez, «euskararen sustapen politikek nota altua eskuratu dute. Txostenean zehar, hainbat puntutan aitortu ez ezik goraipatu egiten dira EAEn zenbait arlotan euskara erabiltzeko hartutako neurriak eta egindako urratsak. Nota altua, eta hori esan egin behar da, euskal gizartearen ahaleginaren emaitza baita: herri-aginteena, herritarrena, gizartearena, lankidetza publiko-pribatuarena, euskalgintzako gizarte eragileena denena. Harrokeriarik gabe, autoatseginkeriarik gabe, baina ezkortasun antzu eta desmobilizatzaileak erabat uxatuz, aitortu eta balioetsi egin behar dugu denon artean egiten ari garena. Etorkizunera begira hobetzen jarraitzeko indarra hartzeko behar dugu, garena, egin duguna eta egiten ari garena aitortu eta balioestea. Kanpotik, orain Europako Kontseilutik, egiten digutena geure egitea».

Izan ere, alor askotan betetzat ematen ditu txostenak Eurokartak finkatzen dituen konpromisoak. Administrazioan, hezkuntzan, helduen euskalduntzean, kultur jardueretan, hedabiteetan... Beste batzuetan, ordea, asko dago oraindik egiteko, osasunaren eta justiziaren alorretan, batik bat. «Zehazki eta hitzez hitz aipatzen dira -esan du Baztarrikak-, 'justizia, polizia, osasun zerbitzuak eta gizarte segurantza, euskaraz dakiten langileen proportzio baxuagatik'. Lau arlo horietan zuzenean dagozkigunak polizia eta osasun zerbitzuak dira; justizia nagusiki Estatuari dagokio, eta gizarte segurantza osorik dagokio berari. Bi horietan ere aurrera goaz, baina nahitaez hobetzen jarraitu behar dugu, hobekuntza tarte luzea daukagulako horietan oraindik. Horietan ez gaude geldi, etengabe goaz aurrera. Eta hori da gure konpromisoa: horietan ere nota altua ateratzera iristea. Europako Kontseiluak bidelagun izan du Eusko Jaurlaritza, uste dugulako euskara babestuz eta sustatuz Espainiako eta Europako hizkuntza-dibertsitatea babesten eta sustatzen dugula».

«Txartel gorria»

Txostenaren arabera, ondorioztatu du Baztarrikak, «Espainiako Estatuan hizkuntza aniztasuna Estatuak ez du behar beste asumitzen eta bere egiten. Europako Kontseiluaren Txostena, futboleko arauak aplikatuta txartel gorria da Espainiako Estatuarentzako». Sailburuordeak azpimarratu du, halabar, lau txosten egin direla orain arte, eta lau txosten horietan lehentasunezko gomendioak nagusiki Estatuari dagozkiola, eta ia-ia errepikatu egiten direla lau txostenetan. «Hori bera, besterik gabe, oso esanguratsua da. Esan nahi baitu, arlo horietan aurrerapenik ez dagoela: 2005etik 2016ra gomendio berak edo bertsuak jasotzen dabil Estatua», esan du.

«Gainera -gehitu duh, kontua ez da bakarrik Hizkuntzen Eurokarta betetzetik urrun dagoela Estatua. Kontua da, konpromiso horiek ez betetzean, hemen bertako legeria bera betetzetik ere urrun geratzen dela Estatuaren Administrazio Orokorra EAEn. Gu prest gaude kolaboratzeko, metatu dugun eskarmentua partekatzeko. Gehiagotan ere eskaini izan diogu lankidetza helburu horretarako Estatuaren Administrazioari Euskadin eta Europako Kotseiluaren Txosten honen testuinguruan, nola ez, berretsi egiten dugu eskaintza».

Aurrera begira egin beharko liratekeen zuzenketaren batzuk aipatu ditu Patxi Baztarrikak: «Eleaniztuna da Espaniako Estatua, baina bere erakundeek elebakarra bailitzan funtzionatzen dute. Batzuetan, Justiziaren kasuan bezala, lege-aldaketak egin beharko dira. Hala dio Europako Kontseiluak. Baina sarri askotan kontua ez da legeria 'desegokiak' eragindakoa. Esaterako, dagoeneko 38 urte dituen Konstituzioak ezartzen die estatuaren menpeko diren hedabideei, bere 20. artikuluan, Espaniako hizkuntza-aniztasuna kontuan hartzeko obligazioa. Kontua da agindu konstituzional hori betetzeko neurriak hartu egin beharko lituzketela Estatuko agintariek».

Komenigarria izango litzateke, halaber, «Espainiako Estatuak berea duen hizkuntza-dibertsitatearen aldeko pedagogia soziala egitea. Badirudi eleaniztasuna gainditu beharreko arazotzat hartzen duela bi hizkuntza ofizial ez dituzten autonomia-erkidegoetan bizi den biztanleria elebakar gazteleradunaren zati handi batek, ez baina sustatu beharreko kultur ondare partekatutzat», amaitu du Baztarrikak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios