Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Euskadin gehien kontsumitzen den landarea da tomatea
Lasai jan ditzakegu tomateak

Lasai jan ditzakegu tomateak

UPV/EHUko ikerketa baten arabera, EAEn ekoitzitako tomateetan aurkitu den metal toxikoen kantitatea baimendutako mailaren azpitik dago, eta munduko beste ingurune kutsatu batzuetakoa baino askoz txikiagoa da

m.i.

Domingo, 1 de marzo 2015, 11:57

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Jarduera industrial handiaren ondorioz, lurzoru kutsatu ugari dago Euskal Autonomia Erkidegoan. Ez dira denak antzuak, eta horietako asko laborantzarako erabiltzen direnez, ulergarria da kezkatzea lur horietan hazten diren landareek kontsumitzaileen osasunean izan dezaketen eraginaz. Bada, kutsatzaile metalikoei eta tomateei dagokienez bederen, lasai egon gaitezke, EHU/UPVko ikertzaile talde batek egin duen azterketaren arabera lurra kutsatzen duten metal toxikoak ez baitira tomateetara iristen. Ez behintzat kopuru kezkagarrian, Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazio-mailaren azpitik baitago EAEko tomateetan aurkitutako metal toxikoen kantitatea.

Orokorrean, kutsatzaile metaliko eta metaloide kantitate handiak egon daitezke laborantza-lurretan, horiei ematen zaien erabilera dela eta. Kontsumitzen ditugun fruituetara kutsatzaile horien zenbateko proportzioa iristen den aztertu du ikertzaile-taldeak, horretarako EAEko zenbait ingurutan lurreko metal- eta metaloide-kontzentrazioa analizatu dutelarik, bai eta kontzentrazio horren eta leku horietan hazitako tomateen kutsatzaile-edukiaren arteko lotura ere.

Izan ere, aurretiko jardueren eraginez gain, substantzia agrokimikoen erabilera intentsiboak nabarmen areagotu du laborantza-lurretako metalen bidezko kutsadura. Lurren kutsadura horrek kontsumitzen ditugun landareetan duen eragina neurtzea garrantzitsua zen, landareak baitira EAEn hirugarren elikagai kontsumituenak, frutaren eta esnekien atzetik. Are garrantzitsuagoa tomatearen kasuan, hori baita gehien kontsumitzen dugun landarea: 60 bat gramo egunean herritar bakoitzak.

Giza osasunerako kaltegarria izan daiteke kutsatzaile-kontzentrazio nahiko handia duten tomateak kontsumitzea. Laborantza-lurretako metalak eta metaloideak xurgatzea da, izan ere, landareen kutsatzaile-iturri nagusia, batez ere tomate-landareena. Bigarren mailako kutsatzaile-iturriak dira, aldiz, jalkitze atmosferikoa eta ureztatze-uraren bidezko poluzioa. Hartara, lurreko kutsatzaileen eta tomateetan aurkitzen direnen artean lotura adierazgarririk badagoen aztertu du UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldeak, eta EAEn hazitako tomateen kontsumoari lotutako arriskua ere aztertu du, ondorio nahiko lasaigarrietara helduz.

Baimendutakoaren azpitik

Hamahiru lekutan hartu ditu ikerketa-taldeak lur- eta tomate-laginak -Bizkaian, hamabitan (Urduña, Balmaseda, Getxo, Barrika, Unbe, Arteaga, Zamudio, Lezama, Gamiz, Larrabetzu, Lemoa eta Dima), eta Gipuzkoan, batean (Donostia)-, eta haien metal- eta metaloide-kontzentrazioak aztertu. Espero bezala, aztertutako Donostiako lurrean agertu dira berun- eta zink-kontzentrazioak baimendutako mugetatik gaindi, meategiak egon baitziren antzina lur horietan. Leku guztietan aztertutako gainerako elementu guztiek, berriz, baimendutako gehienezko mugaz azpiko kontzentrazioak zituzten; tomate-laginetako kontzentrazioak, berriz, munduko beste ingurune kutsatu batzuetakoak baino askoz txikiagoak ziren.

Bestalde, Zamudion atzeman zuten kobre-kontzentraziorik handiena tomateetan. Baina batez besteko tomate-kontsumoa (pertsonako eta eguneko) eta kobrearen toxikotasuna (baxu samarra) kontuan hartuta, balio horrek ez du arriskuan jartzen giza osasuna, FAOk (Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundea) gomendatzen duen eguneko kontsumoaren % 0,5 baita.

Nolanahi dela ere, hau ondorioztatu dute ikertzaileek: ez dagoela zuzeneko loturarik lurreko metal-edukiaren eta tomateek dutenaren artean. Metal-kontzentrazio handiak dituzten lurretan hazitako tomate-landareek ez dute zertan kutsatzaile-eduki handirik izan beren fruituetan; alegia, laborantza-lurrean halako elementurik egoteak ez du esan nahi landarearen alde jangarriak nahitaez metatuko direnik. Salbuespen bakarra manganesoa dugu. Manganeso-kantitate handiak izan ohi dituzte manganesotan aberatsak diren lurretako tomateek, hots, eraginkorra da tomate-landareetan bai metal horren sustrai bidezko xurgapena, bai sustraietatik fruituetarako garraio-mekanismoa. «Ikerketa honetan aztertutako landareetako metal toxikoen edukia beti izan da Europako legediak baimentzen duen gehienezko kontzentrazioa baino txikiagoa», dio UPV/EHU ikertzaile den Azibar Rodríguezek.

Doktore-tesia egiten ari da Azibar Rodríguez Iruretagoiena (Zamudio, 1987), eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko Ibea ikerketa-taldeko kide da (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa). ¡Metals and metalloids in fruits of tomatoes (Solanum lycopersicum) and their cultivation soils in the Basque Country: Concentrations and accumulation trends' ikerketa 'Food Chemistry' aldizkarian azaldu da, eta Rodríguez Iruretagoienarekin batera J. Trebolazabala, I. Martínez Arkarazo, A. de Diego eta J.M. Madariaga ikerlariek sinatzen dute lana.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios