Diario Vasco

Bultzada Mintzanet ekimenari

Bultzada Mintzanet ekimenari
  • Foru Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu doako mintza-praktika zerbitzura

Mintzanet ekimenaren printzipioa oso sinplea da: internet eta teknologia berriak baliatuz euskara praktikatzeko aukera eskaintzen die euskaraz egiten duten mintzakideak topatzeko zailtasunak dituztenei. Euskara hobetu edo erabili nahi duten bidelariak eta, euskara ondo jakinik, praktikatu nahi dutenei laguntza eskaintzen dieten bidelagunak elkartzen ditu, alegia, Mintzanetek.

Zerbitzua susatzen duen Maramarak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatu duten akordioari esker, Mintzanetek bultzada jasoko du, garatzeko eta indartzeko. Izan ere, Aldundiak 20.000 euro bideratuko ditu proiektura.

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariaren iritziz, euskararen normalizazioari egiten dion mesedeagatik babestu behar da Mintzanet egitasmoa. “Euskara doan ikasteko eskatzen ari garen bitartean, matrikulen prezioa murrizteko urratsak eman ditugu. Era berean, ikasitakoa praktikan jarri behar da, eta Mintzanetek euskara erabiltzeko aukera paregabea ematen digu, doan, teknologia berriei esker”, adierazi du Etxeburuak.

Mintzanet proiektuak munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunei zein Euskal Herrian bertan daudenei euskaraz jardun ahal izateko doako aukera ematea du helburu hasierahasieratik. Hori bai, normala den bezala, elkarren arteko komunikazio bermatzeko gutxieneko euskara maila bat izatea lehenesten da betiere.

Euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzeaz aparte, bestelako ondorio positiboak ere baditu Mintzanetek: mugak gainditzea (distantzia, bakartze linguistikoa edota partaideek izan ditzaketen arazo fisikoak edo denbora eragozpenak), askotariko euskaldunen arteko elkar ezagutza sendotzea, eta, azken batean, euskaldun kopurua handitzea.

Funtzionamenduari dagokionean, erabiltzaileak galdetegi bat bete behar du, egitasmoaren koordinatzaileak euskara ikaslearen aukerak, maiztasuna eta ohiturak ezagutu ahal izateko eta egokituko zaion solaskidea ahalik eta hoberen aukeratu ahal izan dezan.

Temas