16-24 urte bitarteko hamar gaztetik seik euskara dute lehen hizkuntza Gipuzkoan

Neska talde bat ikastetxe bateko kanpoaldean./EFE
Neska talde bat ikastetxe bateko kanpoaldean. / EFE

Askoz ere txikiagoa da kopurua EAE osoa kontuan hartuta, %33koa. Hala ere, 13 puntu egin du gora azken 25 urteotan

Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Eguna izendatu zuen Unescok 1999an. Egunaren bezperan, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Euskararen Adierazle Sistema (EAS) oinarri hartuta, EAEko gazteen ama hizkuntzari buruzko hainbat datu adierazgarri zabaldu ditu Gazteen Euskal Behatokiak.

Oinarrizko datu gordina honakoa da: Euskadin, euskara da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen heren baten ama-hizkuntza (% 33,1). Lurralde historikoka, ordea, alde handiak daude. Gipuzkoan, esaterako, ia hamarretik seik (%55,7) dute euskara lehen hizkuntza, eta beste muturrean Araba dago, non %17,3k baino ez duten euskara ama hizkuntza. Erdian, %22,5ekin, Bizkaia aurkitzen da.

Kasu guztietan, dena den, bi egoera bereizi behar dira: 3 urte bete arte etxean euskara baino entzun ez dutenena eta bi ama-hizkuntza (euskara eta gaztelania) dituztenena. EAEko datu orokorra osatzeko orduan, aurreneko multzoan daude gazteen %20, eta bigarrenean %11,1.

Datu orokorrekin jarraituz, 1991tik 2016ra, hau da, 25 urteko epean, euskara ama-hizkuntza duten gazteen ehunekoa nabarmen igo da, % 20,4tik % 33,1era.

Datuek beste bi errealitate oso adierazgarri islatzen dituzte, ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea ulerteko orduan lagungarria izan daitekeena bata, transmisioaren inguruko argibideak ematen dituena bestea.

VI. Inkesta Soziolingustikoari erreparatuta ikus daiteke adin-tarte horretako gazteen hamarretik zazpi baino gehiago (%71,4) elebidunak direla EAEn. Euskaldunen kopuruak, hortaz, bikoiztu eta gehiago egiten du euskara etxean jaso dutenena, eta %38rentzat eskolan ikasitako hizkuntza da euskara, horrek hizkuntzen arteko erabilera-hautuak egitean garrantzi handia duelarik.

Hala ere, une honetan adin-tarte horretakoak dira euskara etxean jaso dutenen portzentaje handiena dutenak, goiko taulan ikus daitekeen moduan, eta ia 10 puntu ateratzen dizkiote batez bestekoari. Gaur egun 16 eta 24 urteen artean dauden neska-mutilen gurasoek, hortaz, ahalegin handia egin dute euskararen bakarkako edo gaztelaniarekin baterako transmisioa bermatzeko. Inkesta Soziolingustikoan irakur daitekeenaren arabera, "duela 25 urte, lehen hizkuntza gisa, euskara soilik jaso zutenen ehunekorik altuena 65 urtetik gorakoek zuten (% 27,7) eta behera egiten zuen adinean behera egin ahala. Gazteenek zuten ehunekorik txikiena (% 15,7). Gaur egun, ordea, 16-24 urte bitartekoek ehuneko altuagoa dute (% 15,7 versus % 16,6)". Hori baino dezente altuagoa, gainera, EAS-en datuak aintzat hartuta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos