1615ean Islandian erail zituzten baleazaleen arrastoari segika, bizikletaz

Balearen ehizan garrantzi handia izandako Olafsvikeko portua./AP
Balearen ehizan garrantzi handia izandako Olafsvikeko portua. / AP

Arturo Martínez bizikleta eta abenturazale arabarrak martxa antolatu du uztailerako. Euskal kostaldea korritu ondoren, hiru astez ibiliko dira Islandian barrena

Lau mendez, ia isilpean egon ziren 1615.ko udazkenean Islandiako kostaldean gertatutako 32 euskal baleazaleren erailketak eta horien aurreko gertakariak. Islandian oso gogoan zeukaten sarraskia, baina haren inguruko informazio gutxi zegoen Euskal Herrian, eta interesa ere urria zen. Bat-batean, laugarren mendeurrenaren harira, berpiztu egin zen pasarte historiko hura, erakutsi zuen uste baino sakonagoa zela euskal baleazaleen eta Islandiaren arteko harremana, eta iritsi ziren gaiaren inguruko jardunaldiak, liburuak eta eta ikus-entzunezko proiektuak.

Gaiaren inguruko azken ekimena Euskal Herrian eta Islandian gauzatuko den bizikleta martxa bat da. Ostegun honetan aurkeztu du proiektua Gasteizen aurretik horrelako bidaia dezente egin eta antolatutakoa den Arturo Martínezek. Euskal kostaldea eta Islandiako fiordoak korrituko dituen martxak baleazaleen arrastoa jarraituko du, haien historiara hurbildu nahirik. Horretarako, kultur jarduerak eta adituen ekarpenak izango dira etapa guztietan.

Proiektuaren sustatzaileak pasarte historiko hartan oinarrituta 'Lo que tengo que contarte' eleberria idatzi zuen Julia Montejo izan du alboan. Idazleak babes osoa eskaini dio «proiektu desberdin bat antolatzera eta bereziak diren tokiak bilatzera eta esploratzera ausartu den abenturazaleari». «Historian murgiltzeko aukera paregabea da», esan du idazleak.

Martínezek proposatu duen erronkaren helburu nagusia «historia modu hurbil eta pertsonalean» kontatzea eta, kirola aitzakia hartuta, «kultura eta historia» batzea. Horretarako baditu 41 eta 74 urte bitarteko zortzi bidelagun. Edonola ere, zabalik dago ekainaren 25era arte egingo den abenturan izena emateko epea. Baldintza bakarra da 18 urtetik gorakoa izatea. Bi zati izango ditu bidaiak, Euskal Herrikoa eta Islandiakoa. Biak egin daitezke, baina bakar bat ere bai.

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra, euskal kostaldea korrituko du taldeak, Irundik Bilboraino, «baleazaleen omenez». Museoetan, sagardotegietan eta balearen ehizan tradizioa duten herrietan egingo dira geldialdiak, eta edonork hartu ahal izango du parte horietan antolatuko diren ekitaldietan. Uztailaren 7an ekingo diote bidaiaren bigarren zatiari Islandian. Hiru astez ibiliko dira hango fiordoetan, bertako elkarteekin zenbait jarduera antolatuz eta partekatuz.

Bizikleta martxa berezi horretako bizipenen berri www.subealabici.wordpress.com blogean emango da, eta bidean jasotako materialarekin dokumental bat egiteko asmoa ere badu Martinezek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos