160.000 sinadura Iruñeko zezenketen aurka

Fuente Ymbroko zezena, aurtengo sanferminetako lehen zezenketan. / ANDER GILLENEA/AFP

'Odolik gabeko sanferminen' aldeko kanpaina abian duen AnimaNaturalisek asteazken honetan jarriko ditu Udaleko talde guztien esku

San Fermin jaien hasiera eta amaiera gertatzen den toki berean aurkeztuko ditu asteazken honetan, uztailak 26, zezenketen aurkako 160.000tik gora sinadura AnimaNaturalis animalien defentsarako taldeak: Iruñeko udaletxe pareko plazan.

Sinadurak Iruñeko Udalean ordezkatuta dauden talde guztiei emango zaizkie, pendrive banatan, eta "ausardia" eskatuko zaie "polemikoa baina beharrezkoa" den gai baten inguruko eztabaidari ekiteko. Taldeak firma-bilketarekin jarraituko du 'odolik gabeko sanferminen' aldeko kanpainaren webgunean, helburua 500.000 sinadura biltzea baita.

Iragarpenarekin batera zabaldu duten oharrean Aida Gascón AnimaNaturalisen Espainiako zuzendariak dioenez, "zezenketak turistak erakartzeko mantentzen dira neurri handi batean. Horietako asko Iruñera etortzen dira hain zuzen euren herrialdeetan animaliei tratu txarrak ematea guztiz debeketuta dagoelako".

Gogoratzen dute, halaber, urtetik urtera murriztuz doala zezenketen kopurua. Hala, 2007an 3.651 zezenketa eta zezen-festa ospatu ziren Espainian. 2016rako, 1.598ra jaitsita zeuden. 2015etik 2016ra, berriz, %7,6koa izan zen murrizketa.

AnimaNaturalisek zabaldu dituen datuen arabera, tauromakiaren aurkako jarrera hedatzen doa mundu osoan, baita Espainiar estatuan ere. 2008an IG-Investiga enpresak egindako 'Estudio sobre la afición a los toros en España' lanaren arabera, biztanleen %67ri ez zaizkie batere interesatzen zezen-festak, eta oso interesatuta daudela diotenak ez dira %10era iristen.

Hala ere, tauromakiak barne hartzen dituen kontzeptu guztietara (zezenketak, entzierrioak, denetariko zezen-festak, toreaketa eskolak…) diru publiko dezente bideratzen da. AnimaNaturalisek ematen duen datuaren arabera, 564 milioi euro urtean; hau da, 47 euro familiako.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos