115.373 euro gehiago bideratuko dituzte adimen urritasuna duten pertsonen autonomia bultzatzeko egitasmoetara

Imanol Lasa foru bozeramailea/Irekia
Imanol Lasa foru bozeramailea / Irekia

Atzegirekin duen programa-kontratua indartzeaz gain, EAEko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko Innobideak-Kudeabide egitasmoa eta Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko diru laguntza deialdia ere onartu ditu Diputazioak

DV

Diputatuen Kontseiluak erabaki du indartzea Atzegi Elkartearekin sinatutako programa-kontratua, desgaitasuna eta adimen urritasuna duten pertsonentzako egoitza zerbitzua eta programak eta jarduerak emateko. 115.373,84 euro gehiago bideratuko ditu horietara. 'Etxebizitza laguntzekin' programan dagoen eskaerari erantzutea da helburua, egun zerbitzu horretan dauden (223) hitzartutako plazen kopurua handituz.

Zerbitzu horrek desgaitasuna dutenei alojamendua, laguntza eta eguneroko bizitzako jardueretan gainbegiraketa eskaintzen die autonomia eta garapen pertsonala sustatzeko, gizarteratzea eta bizi kalitatea hobetuz. Aldi berean, asmoa da gutxieneko zerbitzuetan 8 plaza gehitzea aste santuan, abuztuan eta eguberrietan dauden beharrei erantzuteko.

Aurreikusten dute bizimodu independenterako laguntza programaren onuradun kopurua handitzea eta beste 10 pertsonari zabaltzea. Gaur egun 40 pertsona dira programa honen onuradunak; adimen urritasuna duten eta modu autonomoan bizi diren pertsonei orientazioa eta laguntza eskaintzen die. Gauzak horrela, 6,2 milioi euroko babesa jasoko du Atzegik aurten. Imanol Lasa foru bozeramaileak nabarmendutakoaren arabera, Aldundiak hitzartuta dituen lau plazetatik bat, gutxi gorabehera, desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta dagoela –2.500 inguru baino gehiago-.

Balio handia eman die Gipuzkoako hirugarren sektoreko elkarteen "eskarmentuari" eta "jakintzari". Horien artean dago Atzegi, 1960. urtean hainbat familiak sortua. Adimen urritasuna duten pertsonei garapenerako aukerak eskaintzea da Atzegiren lan ildo garrantzitsuenetako bat, haien autonomia sustatzen duten zerbitzuak sortuz, eta haien senitartekoei babesa eta aholkularitza eskainiz. "Benetako gizarte inklusioa lortu nahi baldin badugu, baliabideak jarri behar ditugu desgaitasuna duten pertsonek bizi proiektu ahalik eta independenteena garatzeko aukera izan dezaten, bai esparru pertsonalean, eta baita profesionalean ere", azaldu du.

Enpresa txikien alde

Bestalde, Kontseiluak adostu du 198.227 euro bideratzea Innobideak-Kudeabide egitasmoko diru-laguntzetara. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek jarri zuten martxan ekimena, EAEko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Bereziki, haztea helburu duten eta garapen lehiakorraren eta enplegua sortzearen alde jokatzen duten enpresen txikien xedera bideratzen da. Aukera eman nahi zaie enpresaren esparru guztiak hobeto kudeatuta lehiakorragoak izateko, eta horretarako 6 elementu lantzen dira: estrategia, bezeroak, pertsonak, gizartea, berrikuntza eta emaitzak.

Laguntza deialdi honetan parte har dezakete Innobideak-kudeabide programan kudeaketa aurreratuko proiektuak sendotzeko etapan parte hartu nahi duten 5 eta 49 langile arteko Gipuzkoako enpresek. Orain arte enpresen artean harrera "positiboa" izan duenez, Aldundiak jarraipena eman nahi dio. "Gaur egungo enpresek, edozein tamainakoak direla ere, geroz eta eszenatoki konplexuago eta globalago batera egokitzen jakin behar dute. Gai izan behar dute, dituzten baliabideei zuku guztia atereaz, denboran zehar aldatuz doazen beharrak asetzeko. Eta horretarako, ezinbestekoa da eraldaketaren, esperimentazioaren eta harreman eta antolaketa berrien diseinu eta garapenaren alde egitea. Aldundiak prozesu horretan lagundu nahi ditu enpresak, borondate irmoarekin", eman du Lasak aditzera. Hala, ekimena martxan jarri zenetik, 205 proiektu babestu dira guztira, 870.000 eurorekin.

Aurtengo deialdian, alde batetik, pertsonei dagokienez, espresuki gehitu da genero berdintasunari eta kontziliazioari zuzendutako kudeaketaren hobekuntza eta, bestetik, 4.0 Industriaren paradigma enpresan onartzera bideratutako kudeaketa berritzeko aipamena sartu da.

Artisauei babesa

Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko 2018ko diru laguntza deialdia ere onartu du Kontseiluak, besteak beste, eskulangintza jardueraren bideragarritasunari eta jasangarritasun ekonomikoari lagunduko dioten merkataritza eta kudeaketa gaitasunak garatzea; eta sektorearen balorazioa eta aitorpen soziala eta profesionala, eskulangintzako erregistroa aktibatuz.

Sorkuntzan, ekoizpenean eta banaketan eragin nahi du deialdiak, modu proaktiboan. Harreman eredu berriak bultzatu nahi ditu, lankidetzan, antolakuntzan eta sustapenean oinarritutakoak, eskulangintzaren ikuspegi soziala, kulturala eta ekonomikoa integratuz, ahalduntzea erraztuz, ikusgarritasuna indartuz, eta profesionaltasun, prestigio eta kalitateko ingurune batean kokatuz.

Foru Aldundiak jarraipena eman nahi dio sektorea modernizatzeko apustuari, "alde batera utzi gabe bere oinarrizko izaera: hau da, giza hurbiltasuna, benetakotasuna, pertsonalizazioa edota ingurugiroarekiko errespetua eta jasangarritasuna. Gipuzkoan sustraitutako jarduera da, tradizio handikoa, gure kultur ondarearen eta nortasunaren parte dena, eta iraganaz gain, oraina eta etorkizuna ere badauzkana, berrikuntzaren bidez", amaitu du Lasak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos