10.000 webgune lortzeko bidean bete ditu bost urte .EUS-ek

PuntuEUs Fundazioko kideak. /
PuntuEUs Fundazioko kideak.

'10.000ra goaz, bazatoz?' lelopean, langa hori gainditzeko gonbita egin dio PuntuEUS Fundazioak gizarteari

2013ko ekainaren 14an ICANN (Internet Corporation for Assigned Names and Numbers) erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .EUS domeinua onartu zuen. Urtebete oso bat ebaluazio fasean eman ondoren iritsi zen albistea. .EUS domeinuaren lorpena proiektua jaio zenetik sei urte igarota iritsi zen. Orduko hartan, honakoa esan zuten PuntuEUS Fundazioko ordezkariek, lorpena azpimarratzeko: «Iritsi da urteetako lana eta pazientzia eskatu duen prozesuaren emaitza. Euskararen herriaren nazioarteko aitortza: .EUS lehen mailako Interneteko domeinu bat baita, hau da, komunitatearen garapen lokalerako tresna global bat».

Handik urtebetera, 2014an, sareratu ziren lehengo .EUS webguneak. «.EUS domeinua onartzea milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik izan zen posible, eta ICANN erakundeak .EUS domeinua onartzea fase berri baten hasiera besterik ez zen izan. Prozesua ez zen hor bukatu. Alderantziz: .EUS domeinuaren benetako ibilbidea orduan hasi zen. Izan ere, domeinua erabiltzea, ikustea eta indartzea da .eus domeinuari zentzua ematen diona. Hain zuzen, horixe da, nazioarteko aitortzatik harago, euskararen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua», azaldu du Fundazioak urteurrena dela eta zabaldu duen oharrean.

Lorpenetik bost urte eta sareratzetik lau urte igaro diren honetan, .EUS domeinua «aurreikuspenen barruan ari da hazten 2020. urterako ezarritako helburua betetzeko bidean: .EUS domeinua Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea da helburua eta bidean doa.

Une honetan 8.400 domeinu-izen baino gehiago daude erregistratuta eta gertuko jomuga 10.000 domeinu lortzea da. Langa hori gaindutu ahal izateko, '10.000ra goaz, bazatoz?' lelopean 10.000 domeinu lortzeko bidea elkarrekin egiteko gonbita egin dio aurten PuntuEUS Fundazioak gizarteari.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos