10.000 milioi zuhaitz Trumpen politiken eragina arintzeko

Ezkerretik eskuinera, Adrien Taylor, Daniel Price eta Jeff Willis./TrumpForest
Ezkerretik eskuinera, Adrien Taylor, Daniel Price eta Jeff Willis. / TrumpForest

Ingurumenaren arloan hartzen ari den neurriei aurre egiteko sortu zen Trump Forest ekimenak lortu du honezkero 500.000 landatzea

M. IMAZ

Klima-aldaketa behin eta berriro ukatzen duen Donald Trump AEBetako presidenteari 10.000 milioi zuhaitzez osatutako baso bat oparitu nahi diote. Bere izena daraman eta mundu osoan barreiatuta dagoen basoa, alegia. Trump Forest ekimena udaberrian jarri zen martxan Zeelanda Berrian, eta bost hilabeteren buruan 50 herrialdetan milioi erditik gora zuhaitz landatzea. Astearte honetantxe zabaldu duten datuaren arabera, 530.653 zuhaitz landatu dira honezkero "Trumpen ezjakintasunari aurre egiteko".

Donald Trumpek betidanik ukatu du klima-aldaketa. AEBetako industriaren lehiakortasuna mugatzeko asmoz txinatarrek asmatutako kontua zela zioen 2012an. Baina orduan ez zen Estatu Batuetako presidentea, eta orain bai. Eta gauza bera esaten jarraitzen du.

Esateaz gain egiteko aukera ere baduenez, Obamak abian jarritako neurriak indargabetzen ari da, eta Parisko Hitzarmenari muzin egiteaz gain, ikatzean oinarritutako eredu energetikoa ari da sustatzen. Joan den udaberrian, lehendik ere gaiak biziki kezkatzen zituen hiru gazteri okurritu zitzaien Trumpen politikek eragingo dituzten kalteak zuhaitzak landatuz arintzea.

Dan Prize kliman espezializatutako zientzialari britainiarraren eta Zeelanda Berriko Jeff Willis eta Adrien Taylorren ideia izan zen kalkulatzea gutxi gorabahera zenbait karbono gehiago isuriko zen atmosferara Obamaren 'Clean Power' edo energia garbiaren aldeko plana bertan behera uztekotan. Kontuak egin zituzten, eta ikusi zuten 100.000 kilometro karratu zuhaitz landatu beharko lirateela Trumpen politikek eragindako kalteak neutralizatzeko: 10.000 milioi zuhaitz inguru, alegia. Kopuru ikaragarri hori beharko litzateke Obamaren plana bertan behera utzi eta Trumpena ezartzeak hurrengo urteetan atmosferara isuriko lituzkeen 650 milioi tona karbono dioxido horiek zuhaitzen bidez 'prozesatzeko'. Zuhaitzek, jakina denez, CO2 xurgatzen dute, karbonoa kenduz eta bilduz eta oxigenoa berriro aireratuz.

Soluzio erraz eta eraginkorra

"Donald Trumpek ez dauka klima-aldaketari modu egokian aurre egiteko politikarik, eta horrek arriskuan jartzen du gizakion bizitza. Horixe da, hain zuzen, haren ezjakintasunaren ondorioa. Hala ere, berak egin dezake ezjakinarena, baina guk ez, eta munduan zehar landatu diren 500.000 zuhaitzek erakusten dute jendea ere ez dagoela horretarako prest", adierazi du Pazifikoan ezartzen diren klimaren inguruko politikak ikertzen dituen Jeff Willisek.

Zuhaitzak landatu diren tokiak biltzen dituen mapa honetan ikus daitekeen bezala, mundu osora hedatu da ekimena.
Zuhaitzak landatu diren tokiak biltzen dituen mapa honetan ikus daitekeen bezala, mundu osora hedatu da ekimena.

Ekimenak, mapan ikus daitekeen moduan, hedapen zabala du. "Munduaren zati txiki-txiki batek eman zuen bakarrik ergel horren aldeko botoa, baina denok jasango dugu haren kirtenkeria suteek, ekaitz tropikalek, lehorteek eta itsasoaren zein tenperaturen igoerak okerrera egitean. Guztiontzat izango da gero eta deserosoagoa planeta honetan bizitzea", zioten ekimena aurkezteko zabaldu zuten prentsa oharrean.

Astearte honetan zabaldu dutenean, berriz, diote jaso den diruaren erdia AEBetatik datorrela, baina gainerakoa oso barreiatuta dagoela munduan, batez ere Europan, Australian eta Zeelanda Berrian. "Jendeak beti galdetzen du zer egin dezaken klima-aldaketari aurre egiteko. Erronka izugarria da, jakina, baina zuhaitzak landatzea bada zerbait egiteko modua; erraza da, eta eraginkorra", gogoratu dute.

Kanpainarekin bat egiteko bi bide proposatzen dituzte. Bata da basoak birgaitzen dituen The Eden Reforestation Projects ekimena laguntzea, Madagaskarren arriskuan dauden mangladiak berreskuratzen zehazki. Bigarrena da tokian tokiko elkarteekin kolaboratzea, edo arbolak erostea eta landatzea, dohaintza Donald Trumpen izenean egitea eta ordainagiria webgunera bidaltzea (bertan azaltzen da nola egin), Donald Trumpen izena daraman baso globala zabaltzen jarraitzeko. The Trump Forest ekimenak, hain zuzen, ez du zuzenean dirudik jasotzen edo kudeatzen.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos