Urpeko jaiotza eta arrain 'inprimatuak' Aquariumen

Ezohiko konpainia dute Donostiako Aquariumeko arrainek./
Ezohiko konpainia dute Donostiako Aquariumeko arrainek.

Albaola Itsas Kultur Faktorian, berriz, euskal itsas ondarean oinarritutako pista joko berezia antolatu dute bisitan doazen haurrentzat

Astelehenera arte, Olentzeroren etorrerarekin entretenituta egongo dira haur gehienak, baina asteartetik aurrera guraso, aitona-amona eta zaintzaile askok aurkitu beharko dituzte denborapasarako planak. Itsasoari lotuak ere badituzte aukeran, jakina. Donostiako Aquariumak, esaterako, maizter berriak ditu arrainontzietako batean: Gipuzkoako Belenisten Elkarteak egindako urpeko jaiotza berezia.

Hamabost egunez, Jesus haurra, Jose eta Maria, bisitan joan zaizkien artzain eta erregeekin batera, anemona zelai batean egongo dira, inguruan dontzeila, sarrau eta arrain txilibituak dabiltzala. Estetika tradizionakeko egurrezko figurak dira, ur azpian egon ahal izateko tratamendu berezia jaso dutenak.

Jaiotzaz eta milaka bisitari erakartzen dituzten arrainez gain, badaude egunotan Aquariumen bi erakusketa oso interesgarri. Bata da urriaz geroztik zabalik dagoen eta urtarrilaren 7an itxiko den Miren Pastor argazkilari lekeitiarraren 'Bidean' erakusketa; bestea, Itziar Unzurrunzagarren 'Gyotaku, arrainen aztarna' bitxia. Urtarrilaren 27ra arte Nautilus aretoan ikusgai dagoen lana (beste erakusketa bezala, sarrera orokorra erosita bisita daiteke) 'gyotaku' teknika japoniarrean oinarrituta dago. Unzurrunzaga barrualdeen diseinatzailea da ogibidez, baina diseinuaren dimentsio artistikoa ere lantzen du. Gyotakuaren artea da, hain zuzen, bere ekimen berrienetakoa.

Gyo-tah'-koo hitzak, 'igurtzi' eta 'arraina' biltzen ditu, eta 1955ean erabili zen aurreneko aldiz, Tokioko Matsuya Galerian egindako erakusketa baten harira, nahiz eta teknika aspaldikoa izan. Labur esateko, arrainak 'inprimatzean' datza, literalki, teknikak. Arrainak tintatu egiten dira, grabatu-xaflaren funtzioa egiten dute, eta presioaren ondorioz (igurtzita, alegia) hauen irudia paperera transferitzen da; paperean uzten dute hain zuzen aztarna arrainek. Emaitzak harrigarriak dira, ederrak eta dotoreak.

Altxorraren bila Albaolan

Pasaian kokatutako Albaola Itsas Kultur Faktorian, berriz, euskal itsas ondarean oinarritutako jolasa prestatu dute haurrentzat Egubierrietako oporretarako.

Pista joko berezia Albaolara hurbiltzen diren familiei zuzentzen zaie, sarrerarekin batera eskaintzen baitzaie aktibitate berezi horretan parte hartzeko aukera. Museorako sarrera erosten denean haur bakoitzak altxorraren mapa bat jasoko du, eta Faktorian barrena egingo duten bisitan zehar joango dira betetzen. Jolasaren xedea haurrei jarduera entretenigarri bat eskaintzea da, baina baita ere Albaolaren helburuetako bat den itsas ondarearen transmisioan sakontzea.

Mapako protagonista Txo Mik Mak txikia da, eta honek gidatutako pistak eta erronkak gaindituz, haurrek mapako mezua deszifratzea lortu beharko dute. Jarduera hau Eguberrietako egunetan zehar egin ahal izango da, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 7ra (31n, 1ean eta 6an itxita dago), museoaren neguko ohiko ordutegiaren barruan: 10-14 / 15-18.

Ez da aurretiko erreserbarik egin behar eta jolasa lau hizkuntzatan egongo da eskuragarri, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Beharrezkoa izango da haurrak heldu baten laguntzaz joatea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos