'Txillardegi Liburutegia' ekimenekoak, etsita Udalarekin

Artxiboko argazkian, 2014an liburutegian jarri zen kartela.
Artxiboko argazkian, 2014an liburutegian jarri zen kartela. / A.M.

«Traba ugari eta gogo gutxi» ikusi diete Donostiako Udaleko alderdi politikoei

FELIX IBARGUTXI

'Txillardegi Liburutegia' kultur ekimeneko kideek etsipena agertu dute, Udalari borondate gutxi ikusi diotelako udal liburutegi nagusia idazlearen izenaz bataiatzeko.

Duela lau urte, Txillardegiren heriotzaren lehen urteurrenarekin, Donostiako 17 idazlek udal liburutegiari Txillardegi izena jar ziezaioten eskatu zuten. «Arrazoi garbirik eman gabe PP, PSE eta EAJ alderdiek ezetza eman zioten proposamenari. Bilduk bakarrik babestu zuen proposamena. Bilduk zeukan orduan alkatetza, eta, agian, ez zen momentu egokia batzuentzat. Auskalo!», adierazi du Dani Goñik 'Txillardegi Liburutegia' kultur ekimenaren izenean.

Aurten, 2017ko urtarrilean, ekimeneko kideek bilera eskaera egin zioten Eneko Goia alkateari eta baita udaleko indar politiko guztiei ere, gaiaren inguruan hitz egiteko. Gainera, Donostia 2016ren barruan antolatutako Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroan, Donostiako Protokoloa aurkeztu zen egunean, berrehundik gora aditu, politikari, sindikalista eta eragile sozialetako kideen sinadurak bildu zituzten.

«Azken urteotan gauza asko gertatu dira Euskal Herrian. Donostian beste alderdi bat dago buru udalean, alkate berria daukagu. Esperantzari leiho bat zabaldu omen diote, abesten zuen Oskarbik. Gu ere esperantzari leiho bat zabalduta alkatearen eta indar politikoen deien zain geratu ginen.

«Laster jaso genuen Bildukoen deia, eskaera babesten zutela eta biltzeko prestutasuna adieraziz. Erantzun genien haiekin bildu aurretik nahiago genuela itxaron eta alkatearekin edo EAJko ordezkariekin biltzea aurretik, agintea beraiek daukatelako –esan du Goñik–. Bi hilabeteko itxaronaldiaren ondoren, martxoaren 15ean bildu ginen Eneko Goia alkatearekin eta Miren Azkaraterekin. Xabier Euzkitze ere haiekin zegoen kultur aholkulari gisa. Gure aldetik Iñaki Alegria (UEUko lehendakaria), Josu Tellabide eta ni neu izan ginen bileran. Garbi adierazi ziguten hasieratik ezinezkoa izango zela ekimenak aurrera egitea. Gainera, horrelako izendapen batek kontsentsu zabala behar duela eta halakorik ez dagoela Donostian, PSE ez zutela ikusten halako proposamen bat babesten. PPkoak zer esanik ez. Guk lortuz gero sozialisten aldeko jarrera edo, gutxienean, ez kontrakoa…»

«Desilusioak hartuta» atera ziren bileratik ekimeneko kideak. «Atetik barrura aitorpen guztiak, baina gero, aitortza hori publiko egiteko garaian eta Donostian merezi duen errekonozimendua argi eta garbi adierazteko orduan, traba ugari eta gogo gutxi».

Ondoren, PSEkoengana jo zuten. «Ez zigutenez deitzen, zuzenean egin genien bilera eskaera. Horra, laburtuz, email bidezko haien erantzuna: arretaz irakurri dugu zuen eskaera, eta, gure taldean aztertu ondoren, zera erabaki dugu: udalean bada horrelako gaiak erabakitzea dagokion organoa eta bertan emango dugu gure iritzia. Erantzun horrek errespetu falta ikaragarria erakusten du. Babes zabala duen eskaeraren aurrean, euren iritzia dena delakoa izanda ere, herritarrak entzuteko hartu nahi ez izatea ere… Adierazgarria!»

Horrelako erantzunak jaso ondoren, «hobe izango dugu eskaera hori beste une egokiago baterako uztea», adirazi du Goñik. «Irabazikoekin ere egin genuen bilera, eta arretaz entzun zuten gure eskaera. Harremanetan jarraitzekotan geratu ginen».

Bestalde, ekimenekoek gogorarazi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Jakin Fundazioaren arteko hitzarmenari esker, Txillardegiren lan guztia digitalizatu eta sareko atari bereziarekin herritar guztien eskura jarri berri duela Jakinek. Gainera, sareko atariaz gain, Txillardegiren obra hedatzeko liburu bilduma eta ikus-entzunezkoak osatuko ditu Jakinek datozen hilabeteotan, ahalik eta modu dibulgatibo eta erakargarrienean. Etaaurtengo Literaturian Zarautzen, 'Txillardegi, modernitatearen isla' erakusketa antolatu da Modelo aretoaren sarreran.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos