Satelite onena, Axular Lizeoko ikasleek eraikitakoa

Sariak emateko ekitaldia, joan den asteburuan Zaragozan jokatu den Estatu mailako finalean./
Sariak emateko ekitaldia, joan den asteburuan Zaragozan jokatu den Estatu mailako finalean.

CanSat Axular Lizeoa taldeak ESAk antolatzen duen lehiaketaren Europako finalerako tokia lortu du, Zaragozan jokatu den Estatu mailakoa irabazita

90. hamarkadaz geroztik antolatzen da munduan zehar CanSat txapelketa, 14 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendua, haren helburua delarik freskagarri lata baten tamainako satelite bat diseinatzea eta eraikitzea. Europa mailakoa ESA Europako Espazio Agentziak antolatzen du, eta Estatu mailan, berriz, joan den asteburuan jokatu zen bigarren edizioaren finala, Zaragozan, hamar talderekin. Eta oso ondo joan zitzaien txapelketa parte-hartzaile gipuzkoarrei, finalerako sailkapena Euskal Herriko txapelketan lortu zuen CanSat Axular Lizeoa izan baitzen garaile. Txapelketa hori apirilaren 21ean egin zen, Arabako Berrozi herrian egin zena. Tolosako Laskorain ikastolak eta Iruñeko Iturrama institutuak ere hartu zuten parte lehiaketa honetan. Ertzaintzaren laguntzari esker egin ahal izan zen lehiaketa , euren instalazioetan jaurti baitziren suziriak. Estatuko lehiaketan lortutako garaipenari esker, CanSat Axular Lizeoa ekainaren azken-aldera Azoreetan ospatuko den Europako finalerako sailkatu da.

Euskal Herri mailako txapelketa Gipuzkoako Aldundiak «lurraldeko etorkizuna denon artean eraikitzeko martxan jarritako 'Etorkizuna Eraikiz' programaren barnean dauden herritarren proposamenetan kokatzen da«, erakundeak ohar baten bidez gogoratu duenez. Foru bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu den Imanol Lasak zoriondu egin du ikastetxe donostiarra, eta ekimenak dituen alde onetan jarri du azpimarra: «Herritarren ekimenen bitartez, lurraldearen etorkizuna eraikitzen lagunduko diguten proiektu berritzaileak sustatu nahi ditu Etorkizuna Eraikiz programak. CanSat lehiaketen kasuan, talentua sustatzeko erreminta ezin hobeak dira, nerabeak zientzia eta teknologiaren mundura gerturatuz».

Jaurtiketa ikusgarriak

Freskagarri lata baten tamaina eta pisua duen satelitea diseinatu eta eraiki behar da txapelketeta. Antolatzaileek suzirien bitartez jaurtitzen dituzte ikasleen satelite hauek 1.000 metroko altuerara. Ondoren, askatu egiten dituzte eta, era satelitea kontrolatu batean jauzten diren bitartean, magnitude fisiko-kimikoak neurtu eta lurreko estaziora bidali behar ditu, lur hartzean puskatu gabe.

Bigarren edizio hau irabazi duten Axular Lizeoko zientzialari gazte taldea honako ikasle hauek osatzen dute: 2.DBHko Ane Eguren eta Mara Ibarburuk; 4. DBHko Aitor Alberdi eta 1. Batxilergoko Miguel Segurola eta June Irurzunek. Ikastolako presidente den Mikel Egurenek zuzendu eta entrenatzen du taldea.

Talde donostiarrak egindako satelitearen jaurtiketa.
Talde donostiarrak egindako satelitearen jaurtiketa.

Estatuko txapelketa honetan CanSat Axular taldeak, lehiaketan eskatzen diren parametroak beteaz, satelite bat garatu eta eraikitzeko duen gaitasuna erakutsi du. Sateliteak, hegaldi osoan zehar, bi egiteko bete behar izan ditu. Alde batetik, presio atmosferikoa eta tenperatura segundo bakoitzeko neurtu eta lurrera bidali eta, bestalde, aukerako bigarren misio bat. Axular Lizeoaren kasuan, bigarren egitekoa lur hartutako lekuan lurraren gogortasuna neurtzea izan da. Horretarako, lurretik 50 metrora iristean, sateliteak pilota bat askatzen du. Pilotaren barruan jarri duten azelerometro batek lurra jo eta pilota gelditu arte igarotzen den denbora neurtzen du eta aurretik, entsegu asko eginaz, sortu duten eskala batekin alderatuaz lurraren gogortasuna maila sailkatzen dute.

Mikel Eguren taldearen arduradunak esan du garrantzitsua dela Estatuko txapelketan lortutakoa, azken bi urtetan egindako lanaren saria baita baina, batez ere, «Donostiako Ikastola hau, zientzia teknologia eta espaziorako ikerketak lantzen dituzten ikastetxe aitzindarien artean» kokatu delako. «Axular Lizeoko taldeak benetako konpromisoa du zientzia eta teknologiarekin, inguruko hainbat ikastetxerekin partekatzen duen ahalegina delarik», txapelketa hauetan parte hartu duten eragile ezberdinek agerian uzten duten bezala.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos