Larunbatean egingo da Donostiatruk, bigarren eskuko azoka

Otsailean egin zen azoka inauteri girokoa izan zen.
Otsailean egin zen azoka inauteri girokoa izan zen. / JOSÉ MARI LÓPEZ

Easo Plazan egiten da hilabeteroko hirugarren larunbatean, 10:00etatik 14:00etara

Datorren larunbatean, abuztuaren 26an, egingo da Donostiatruk bigarren eskuko azokaren edizio berri bat. Izan ere, bigarren eskuko gauzen merkatua Easo Plazan egiten da hilabeteroko hirugarren larunbatean, 10:00etatik 14:00etara. Hurrengo larunbata ez da abuztuko hirugarrena, laugarrena baizik, baina erdian Aste Nagusia izan direla kontuan izanik, ulertzekoa da aldaketa.

Produktuak berrerabiltzea da Donostiatruken helburua. Horrela, zabortegian bukatuko luketen arropa, liburu edo jostailuak berriro eskaintzen dira merkatuan. Horrekin, antolatzaileek diotenez, "zabor gutxiago sortzea, elaborazio prozesuan lehengai gutxiago erabiltzea eta, oro har, ekoizpenean gutxiago kutsatzea" lortuko da.

Etxean bueltaka dabilen objekturen bat saldu nahi duenak salmenta gordailura eraman ditzake, eta han jarriko dira salgai. Antolatzaileen postura eraman behar dira merkatuaren egun berean goizeko 9:30etik 10:00ra bitartean. Bertan, zerrenda egin eta prezioa jarri ondoren, utzi egiten dira, eta merkatua amaitzean, saldutakoaren etekina eta saldu gabekoa jasotzea itzuli beharra dago. Gordailu salmentara ekarri daitekeen gehieneko objetu kopurua 5ekoa da. Antolatzaileek postuan dituzten gauzak zaindu arren, zerbait faltako balitz, edo matxuratuko balitz, Donostiatrukek ez luke horren ardura hartuko.

Gainera, goizean zehar merkatuan erosketaren bat egiten dutenen artean, Gros auzoko Landare jatetxean 2 pertsonentzako bazkari edo afari baterako txartel bat zozketatuko da.

Zalantzak izanez gero, edo informazio zabalagoa eskatzeko, 943483390 telefonora deitu behar da , edo ingurumena@donostia.eus helbidera email bat bidali.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos