Donostian muturreko hotz egunetan etxegabeei arreta emateko zerbitzuaren erabiltzaileak bikoiztu egin dira aurten

Donostian muturreko hotz egunetan etxegabeei arreta emateko zerbitzuaren erabiltzaileak bikoiztu egin dira aurten
EFE

221 erabiltzailek erabili dute, hamar egunez, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak antolatzen duen larrialdi arreta zerbitzua, hau "behar beharrezkoa" dela erakutsiz

EPDonostia

Etxerik gabe bizi diren 221 pertsonek erabili dute aurtengo neguan muturreko hotz aurreikuspen egunetarako Donostiako Udaleko Gizarte Ekintza Sailak antolatzen duen larrialdi arreta zerbitzua, hau da, iazko kopuruaren bikoitza.

Orotara, hamar gauez ireki da zerbitzua azaroaren 15ean neguko protokoloa martxan jarri zenetik. Iaz, zazpi egunez zabaldu zituen ateak udal baliabideak, eta guztira 100 bat lagunek erabili zuten. Aurten, esan bezala, erabiltzaileak 221 izan dira, pasatako negu hotzaren seinale. Otsailaren 8tik 9ra bitarteko gaua izan zen erabiltzaile gehien izan zituen eguna, 36 lagunekin, zerbitzuak aurreikusita dituen 40 oheak ia agortuz.

Donostiako Udaleko Gizartekintza zinegotzi Aitziber San Romanek ate irekien zerbitzuaren "funtzionamendu ona" azpimarratu du, baita neguko protokoloaren ekintza planarena ere, "departamendu eta baliabide asko biltzen baititu egoera zailean daudenen egoera arintzeko helburuz".

San Romanen aburuz, aurten izandako erabiltzaile kopuruaren hazkundeak adierazten du "zerbitzu hau behar beharrezkoa dela, eta horregatik datozen urteotan ere eutsi egingo diogu, egoera txarrenean daudenei laguntzeko bide egokia baita".

Urte osoan zehar Abegi Etxeak eta Gaueko Aterpeak 80 plaza eskaintzen dituzte. Hortaz, negurako prestatutako protokolo honek bi zerbitzu horiei Ate Irekien Zerbitzua gehitzen dio, eta zerbitzu hau martxan jartzen da baldin eta eguraldi okerra eta kostaldean izotz arriskuaren aurreikuspena badago.

Horrenbestez, Abegi Etxean eta Gaueko Aterpean dauden 80 plaza horiek handitu egiten dira: Abegi Etxean bi gela egokitzen dira eta, bertan, beste 40 ohe jartzen dira kalean lo egiten duten pertsonak hartzeko.

Protokolo honek hainbat udal departamenturen arteko elkarlana eskatzen du, besteak beste, Gizarte Ekintza, Udaltzaingoa eta Babes Zibila. SOS Deiak, Osakidetzak eta kalean bizi diren pertsonekin lan egiten duten hainbat elkartek ere protokoloan parte hartzen dute. Beraz, kostaldean izotz arrisku aurreikuspena badago, etxegabeei Ate Irekien Zerbitzua irekiko dela aditzera ematen diete. Gizarte Ekintza Saileko langileek edari beroa ematen diete eta, behar izanez gero, arropa ere.

Gainera, egun horietan kalean etxegabeko pertsonak topatzen badira eta dauden zerbitzuak ez badituzte erabili nahi, udaltzaingoak egoeraren hasierako balorazioa egiten du eta, pertsona horren edo horien bizitzarako arriskua dagoela ikusten badute, Osakidetzako larrialdi zerbitzuei abisua pasatzen diete mediku batekin egoera baieztatzeko eta, hala bada, Ate Irekiko Zerbitzura eraman ohi dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos