73 kilometrora heldu da Donostiako bidegorri sarea

Bidegorri berria Anoeta parera iristen da. / Donostiako Udala

Sarera bildu den azken zatiak 550 metro ditu guztira, eta Amara eta Loiola auzoak lotzen ditu

Bizikletaz lotuta daude azkenean Donostiako Amara eta Loiola auzoak, Udalak ohar bat en bidez jakitera eman duenez. Lotura berriak bi zati ditu, guztira 550 metro ditu, eta horiekin 73 kilometrora heldu da Donostiako bizikletentzako sarea.

Lanak maiatzaren amaieran hasi ziren eta sei aste iraun dute. Epe horretan bidegorriaren bi zatiak egin dira. Lehena, Anoeta Estadiotik Zorroaga pasealekua, Toribio Alzaga eta Real Compañia Guipuzcoana de Caracas kaleen arteko biribilgunera doa. Bertan, bidegorria egiteko trenbidearen eta espaloiaren arteko parterrearen zati bat kendu behar izan da. Zati honek guztira 200 metro ditu.

Bigarren zatia, aipatutako biribilgunetik Zorroaga pasealekuraino doa, hain zuzen ere, Oroitzapenaren Lorategiraino. Zati hau egiteko Loiolarako bidean errepidearen bide bat kendu behar izan da. Bidegorriak zati honetan 350 metro ditu eta, behin Oroitzapenaren Lorategiaren parean espaloira itzulita, errepideak berriro bi bide ditu. Beraz, zati hau errepidetik doa, baina behar den bezala separatuta dago.

Horren harian, Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak honakoa esan du: "Bertatik bizikleta kopuru handia igarotzen da egunero eta ez zegoen bidegorririk. Beraz, lotura horri jarraipena eman diogu. Gainera, Anoeta eta Erriberak, Loiola, Egia eta Martutene artean bizikletaz mugitzen diren hiritar askok denbora luzean egindako eskaria zen, hain zuzen ere, departamentuak egiteke zuen eskaria".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos