Euskarari bultzada emateko 41 egun

Ekimenaren aurkezpeneko argazkia. /
Ekimenaren aurkezpeneko argazkia.

‘Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon’ eta ‘Altza Hadi 21 egun euskaraz‘ elkarteek euskaraz egiteko jarduerak antolatu dituzte

YOLANDA SÁNCHEZ

Donostiako Intxaurrondo eta Altza auzoek euskararen erabilera areagotu nahi dute eguneroko bizitzan. Horretarako, hainbat auzotar, erakunde eta elkarte 'Altza Hadi 21 egun euskaraz' eta 'Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon' ekimenetan bildu eta arazoaren 11tik abenduaren 2ra luzatuko diren jarduerak antolatu dituzte. Parte hartzeko bi modu daude: Ahobiziak behar dira eta Belarriprestak ere bai.

Jendeak erronka betetzeko bi aukera ditu, hortaz. Ahobiziak euskaraz hitz egiteko prest dauden pertsonak dira. Joera aktiboa hartuko dute eta astebetez euskaraz hitz egingo diote ulertzen duen pertsona orori. Inguruko pertsona ezagunekin euskaraz hitz egingo dute, eta horrela, ezagunek euskara entzuteko aukera izango dute nahiz eta gero gaztelaniaz erantzun. Halaber, ezezagunekin hitz egitean euskaraz egingo dute, eta ezezagunek ulertzen badiete, euskaraz jarraituko dute. Berdin du haiek erdaraz erantzutea.

Belarriprestak, berriz, euskara ulertzeko gai direnez, ahobizien euskarazko aktibotasuna ondo hartuko dutela adierazi duten auzotarrak dira; hau da, euskaraz dakienari hizkuntza honetan aritzeko gonbita egingo diote. "Euskaraz ulertzen dut. Egidazu lasai euskaraz" esaldiak erabiliko dituzte. Belarriprestek hiru astetan zehar jokatuko dute bere papera. Ahobiziek, ordea, astebeterako emango dute hitza. Biek ala biek, bere janzkeran identifikazio txapa bat eramango dute.

Erronka honetan parte hartu nahi dutenek hurrengo baldintzak bete behar dituzte: auzoan jaio izana, bizi edo lan egitea, 16 urtetik gorakoa izatea eta azaroaren 10a baino lehenago izen-ematea kultur etxeetan dauden diptikoen bidez edo www.altzahadi.bizarrain.eus eta www.plazaragoaz.eus webguneetan. Antolatzaileek auzo bakoitzeko 250 ahobizi eta 500 belarriprest biltzea espero dute.

Ezaugarri propioak

«Euskara egunerokotasunean, etxean, lagunartean, tabernetan, dendetan, erabiltzea oso beharrezkoa da. Denok egin behar dugun ahalegina da», azaldu zuten ekimenen aurkezpenean.

Nahiz eta bi ekitaldiek helburu eta prozedura berdinak eduki, bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu. ‘Altza Hadi 21 egun euskaraz' erronkak 21 egun iraungo ditu, hau da, 3 aste. Aste bakoitza Altzako gune ezberdin batean garatuko da. Azaroaren 11an hasiko da eta abenduaren 1ean amaituko da.

Bestalde, 'Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon' ekitaldiko 20 egunak 3 astetan zehar banatuko dira, azaroaren 12tik abenduaren 2ra. Ahobiziko txanda aldaketak ostiraletan egingo dira Intxaurrondo Kultur Etxean. Kasu honetan, auzo-erronka honen helburua 250 ahobizi eta 500 belarriprest lortzea da.

Azaroaren 10ean, 19:00etan, Intxaurrondoko parte-hartzaileak eta antolatzaileak Intxaurrondoko Kultur Etxean elkartuko dira identifikazio txapak banatzeko eta jendea ezagutzeko. Gero, ahobiziak ostiralero elkartuko dira hurrengo txandari hasiera emateko. 'Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon' erronka abenduaren 2an amaituko da. Festa berezi bat antolatuko dute auzoko kultur etxean.

Altzako txanda aldaketak ostiralero leku desberdinetan egingo dira 19.00etan. Lehenengoa azaroaren 17an Casares Kultur Etxean izango da eta bigarrena Larratxoko plazan. Altza auzoko erronkaren hasiera ere azaroaren 10ean izango da Altzagainan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos