Euskararen erabilera aisialdian sustatzeko egitasmoa martxan da Donostian

Lehen saioak hasi dira, Amara Berrin eta Loiolan

Hiru ekinalditan banatuta, Donostiako 11 auzotan egiten ari da Parketarrak ekimena: martxoan, maiatzean eta irail-urrian. Txanda bakoitzak lau saio ditu, bat astero

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, Parketarrak egitasmoa hiriko 11 auzotan antolatuko da udazkenean, euskararen erabilera aisialdian sustatzeko helburuarekin. Lehen saioak hasi dira, Amara Berrin eta Loiolan.

Bere arduradunek azaldu dutenez, Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urteko haurrentzat eta beraien familientzat, eta bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Horrela, egitasmoaren lehenengo txandak ostegun honetan hasi eta urriaren 27ra bitartean iraungo du, eta Donostiako plaza eta parke anitzetan jolasak antolatuko dira. Egitasmoa doan eskainiko da 11 auzotan: Altza, Bidebieta, Intxaurrondo, Loiola, Loiolako Erriberak, Morlans, Amara Berri, Añorga, Parte Zaharra, Egia eta Aiete. 2017an orain arte egindako saioetan "oso balorazio onak" jaso ditu. Auzo horietan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat egiten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da, eta horretarako Parketarrak ekimena "oso eraginkorra" dela ikusi dute Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Horrela, urte osoan zehar, hiru txanda edo ekinalditan banatuta, Donostiako 11 auzo horietan egiten ari da ekimena: martxoan, maiatzean eta irail-urrian. Txanda bakoitzak lau saio ditu, astero bat, 3-5 urtekoentzat eta 6-9 urtekoentzat.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos