'Euskarak 365 egun' dinamikarekin bat egingo du Donostiak

Donostiako Udaletxean egin da aurkezpena./
Donostiako Udaletxean egin da aurkezpena.

150 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira abenduaren 3an egingo den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Donostian 150 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira datozen egunetan, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Ekintzak antolatzearekin batera, Donostiak Euskal Herri osoan aurrera eraman nahi den 'Euskarak 365 egun' dinamikarekin bat egin eta honen aurkezpena egingo du abenduaren 2an Donostiako Udalbatza aretoan antolaturiko ekitaldian.

'Euskarak 365 egun' dinamika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarriko dute aurtengo Euskararen Egunetik aurrera. Ezagutzatik erabilerara jauzia emateko dinamika izango da, instituzioek eta gizarte eragileek modu koordinatuan eta elkarlanean aurrera eramango dutena.

Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziaren esanetan, "euskara gehiago erabiltzea nahi dugu eta horretarako hizkuntza ohituren aldaketa esanguratsua lortzeko proposamen bateratu bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra '11 egun euskaraz' izeneko ekimena antolatzea ahalik eta herri eta hiri gehienetan".

Bagera eta Udala, elkarrekin

Donostiari dagokionez, Bagera euskara elkarteak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak erronkari heldu eta ekimena abian jartzeko asmoa dute. Ekimenak segida emango dio aurten, egun hauetan, 'Altza hadi 21 egun euskaraz' eta 'Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon' martxan daudenei. Azkaratek adierazi duenez, "Egia auzoan jaio zen egitasmoa eta aurten Altzan eta Intxaurrondon egiten ari direna datorren urtean Donostia osora zabaltzea da erronka".

Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko 15 auzotan. Ekintza gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo diren arren, zenbait lekutan azaroaren 24tik aurrera hasiko dira gauzak antolatzen. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du zinegotziak.

"Auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile ari dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso", gaineratu du.

Ekinbide horiek guztiak ezagutzera emateko esku programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarri egongo da donostiaeuskaraz.eus webgunean.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera euskara elkarteak '11 egun euskaraz' ekimena aurkezteko bi ekitaldi antolatuko dituzte: udalak abenduaren 2an, 12:00etan, udaletxeko Udalbatza aretoan egingo du, eta Bagerak abenduaren 3an, 13:00etan, Konstituzio plazan.

Datorren urtean aurrera eramango den ekimenaren xehetasunak emango dira bi ekitaldi horietan, eta hiriko gizarte eragileei eta herritarrei dei egingo zaie proiektuaren nondik norakoak ezagutu ditzaten.

Antzerkia autobusetan

Bestalde, Dbus konpainiak hainbat antzezlan antolatuko ditu bere autobusetan Euskararen Eguna ospatzeko. Ekimena azaroaren 30ean autobus ibilbide jakin batzuetan garatuko da, eta bi aktore igoko dira autobusetan eta joko batez baliatuko dira autobuseko jendeak euskaraz egin dezan. Horretarako, hainbat esaera zahar euskaratzea eskatuko dute eta, asmatzen duenak, saritxo bat jasoko du. Era berean, antzezlana amaitzean, Donostiako Euskararen Egunaren egitaraua banatuko dute.

Halaber, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, 'Gazteak antzerkira' izeneko ekintza eskainiko die DBH, batxilergo eta zikloetako ikasleei. Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eman nahi zaie gazteei, eta erakargarriak izan daitezkeen euskarazko antzerki lanak eskaini.

Aurten hiru antzezlan ikusteko aukera izango dute: batetik, Santo Tomas Lizeoak 'Inside out' aurkeztuko du eta, bestalde, 'Urtain', Zurriola Antzerki Eskolak. Biak Antzoki Zaharrean eskainiko dira. Azkenik, Joseba Usabiaga eta Iñaki Santos 'Ni ala zu' antzezlanaren protagonistak Lugaritz Kultur Etxean izango dira. Ekinbide arrakastatsua da oso, Donostiako ikastetxe askotako 12 urtetik 16 urte bitarteko 4.000 bat ikasle joango baitira euskarazko antzerkia ikustera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos