25 euroren truke, ikasturte osorako mintzalagunak Donostian

Donostiako Udaletxean egin dute ikasturte berriko kanpainaren aurkezpena.

Udal Euskara Zerbitzuaren eta Bagera elkartearen arteko akordioari esker, lehen baino hiru bider merkeago ateratzen zaie donostiarrei Mintzalaguna eta Gurasolaguna egitasmoetan parte hartzea

Hirugarren ikasturtez, Donostiako Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek, lehen 75 euro ordaintzen zuten. Hori dela eta, azken bi ikasturteetan parte hartzaile kopuruak gora egin du, eta ikasturte honetan 450 lagunek parte hartzea espero da, Donostiako Udalak ohar baten bidez azaldu duenez. Gogoratu dute, bestalde, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko izen-ematea zabalik delaurriaren 21era arte.

Ikastetxeetan, berriz, Gurasolaguna aldaera eskainiko da Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.

Egitasmo hau euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei zuzenduta dago eta berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.

Laguntzaileei deia

"Ikasturte honetan ere praktikatu nahi dutenen erantzuna handiago izatea espero dene, dei berezia egin nahi diegu euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunei ikasle hauei laguntza eskainiz parte hartzeko. Nahikoa da astean ordu bete eskaintzea, eta ikasleek euskaren erabileran aurrera egiten lagunduko lukete", adierazi dute aurkezpenean parte hartu duten Udalaren eta Bageraren arduradunek.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin egindako hitzarmenari esker, laguntzaile moduan aritzen direnentzako eta EHUn ari badira ikasketak egiten, kredituak lortzeko aukera dagoela azpimarratu nahi dugu.

Mintzalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik da eta urriaren 21ean amaituko da, beraz, euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute gaurtik aurrera. Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) edo 943005074 telefono zenbakian ere egin daiteke.

Mintzalaguna egitasmoan euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura eta aukera ez dutenekin elkartzen dira, astean behin gutxienez, norberaren ordutegira egokituta. Hiru edo lau laguneko taldeak izaten dira normalean. Horrez gain, hilean behin, taldeko jarduerak antolatzen dira mintzalagun guztientzat ( Irteerak, bisita gidatuak eta abar), astero parte hartzaile guztiek Donostian euskaraz egiten diren jardueren agenda jasotzen dute. Euskarazko komunikabideetan ere beherapenak dituzte mintzalagunek.

Mintzalaguna egitasmoa duela 24 urte sortu zuen Bagera elkarteak, eta geroztik, Donostian, pertsona asko aritu da euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Eta Donostian ez ezik, Euskal Herriko 70 herri eta hiritan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.500 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoan.

Aurpezpenaren berri zabaldu duten oharrean gogoratu dutenez, "euskararen erabilera sustatzeko egitasmo ugari sortu dela Donostian, mintzalagunaz gain, mintzodromoak eta mintzanet Gipuzkoako hiriburuan sorturiko proiektuak izan dira".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos