Donostiako Metroaren pasantearen aurkako elkarretaratzea

Joan den apirilean Donostian egindako manifestazioa./SARA SANTOS
Joan den apirilean Donostian egindako manifestazioa. / SARA SANTOS

Eusko Jaurlaritzak astearte honetako kontseilua bertan egingo duenez, hitzordua Miramarren jarri du Satorralaia mugimenduak

Astearte honetan, abuztuak 29, Eusko Jaurlaritza gobernu kontseilua Donostiako Miramar jauregian egitekoa dela-eta, Satorralaia mugimenduak elkarretaratzea deitu du goizeko 10:00etan "Donostiako Metroaren Pasantea gelditzea aldarrikatzeko". Elkarretaratzea, ohar baten bidez azaldu dutenez, "Miramar jauregiaren Mirakontxa aldeko sarreran, Euskal Gobernuari era zeharo inposatzailean bultzatzen ari den egitasmo honen aurkako oposizioa adierazteko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan eztabaida publikoa eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dezan eskatzeko".

Proiektu horren aurkako ekimen ugari sustatu dituen mugimenduaren aburuz, "Metroaren igarobidea egitasmo xahutzailea da". Haien ustez, "Donostian Metro bat eraikitzea ez da beharrezkoa: hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du, eta desplazamenduak oinez edo bizikletaz ere eroso eta arin egin daitezke". Izan ere, "mugikortasuna hobetzeko badira Metroaren pasantea baino proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu social askoz ere txikiagokoak".

Horrez gain, besteak beste, gogoratu dute "egitasmoa inolako partehartze sozialik gabe" bultzatu dela, eta "9.000 donostiarren sinaduren babesarekin proiektua gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaerari ezezkoa eman" diotela.

Astearte honetan egingo den kontzentrazioaz gain, irailaren 6an Donostiako Udaletxearen atarian goizeko 10:00etan beste protesta ekintza bat egingo da "Euskal Gobernuak proiektu behargabeko eta inposatu honen Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko deitu duen ekitaldia salatzeko".

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos