Donostiako Euskaraldiak badu Hamaikakoa

Aurkezpena Tabakaleran egin da ostegun honetan./
Aurkezpena Tabakaleran egin da ostegun honetan.

Hamaika herritar ezagunek egin dute bat azaroaren 23tik abenduaren 3ra, '11 egun euskaraz' lelopean, burutuko den ekimenarekin

Euskal Herri mailan eta beste zenbait herritan bezala, Donostian ere abian da Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, '11 egun euskaraz' lelopean, burutuko den ekimena.

Euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu Euskaraldiak, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere. Horrekin bat eginik, Donostiako Euskaraldia eta Hamaikakoa aurkeztu dute ostegun honetan Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan.

Bertan izan dira Eneko Goia, Donostiako alkatea; Ane Loidi, Bagera euskaltzaleen elkarteko ordezkaria; Garazi Urrosolo, auzoetako batzordeetako kideen izenean eta Ander Aizpurua, Kutxa fundazioko zuzendaria, dagoeneko martxan dauden hainbat entitateren izenean. Hantxe izan dira Donostiako hamaikakoa osatzen duten kideak ere, erreferentziazko herritarrak, ekimenean murgilduta dauden euskaltzale aktiboak.

Honako hauek dira hamaikakoa osatzen dutenak: Miren Arrieta, aktorea; Barbara Goenaga, aktorea; Kontxu Uzkudun, moda-diseinatzailea; Mariano Ferrer, kazetaria; Iñaki Salvador, musikaria; Josean Abecia, Altza Hadi batzordeko kidea; Garazi Urrosolo, Egiako euskara batzordeko kidea; Mikel Irazusta, herritarra; Xila Pihlstrom, euskal herritar eta suomitar kultur eragilea; Jokin Aperribai, Realeko presidentea eta Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria

Eurekin batera, Euskaraldiarekin bat egin eta dagoeneko martxan dabiltzan auzoetako batzordeetako kideak, ordezkari politikoak eta sustatzaile diren erakundeetako kideak izan dira aurkezpenean.

Herritarrak protagonista

Antolatzaileek azaldu duten modura, 2018ko azaroan abiatuko da euskararen lurralde osoan aldi berean egingo den aktibazio ekimen handia, eta Donostia ere parte aktibo izango da. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, hizkuntza ohituretan eragiteko helburuz, Euskaraldia 11 egun euskaraz lelopean egingo da lehenengo Euskaraldia.

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira ekimeneko protagonista, eta, 11 egunetan zehar, beren ohiko harreman-sareetan euskaraz aritzeko gonbita egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Gaur aurkeztutako ariketa sozialak, baina, epe luzeagorako ibilbidea izango duela azaldu dute Euskaraldia aurkeztu duten eragileek.

Donostiako alkate Eneko Goiak euskararen erabilera errazteko erakundeetatik lan egin behar dela nabarmendu du: «Donostian euskaraz bizi daiteke. Inertziak hautsi eta ohiturak aldatzeko aukera norbanakoon esku dago, baina ezinbestekoa da taldearen babesa, erakundeena. Gure funtzioa babeslea, legitimatzailea eta biderkatzailea izango da. Baina hori ez da nahikoa. Erakunde publikook herritarren eredu izan behar dugu. Gure betebeharra da hori. Eta gure konpromisoa».

Hain zuzen, Bagera elkarteko Ane Loidik errealitate ezberdin horien markoan ariketa garrantzitsua azpimarratu du: «Euskaraldia euskararen sustapenean lanean ari garen entitateez gain bestelako alorretan ari diren entitate euskaltzaleen, eta herritar euskaltzaleen artean, elkarlanean, gauzatuko dugun ariketa izango da. Aldarrikatzen dugun elkarlana ekimen zehatz baten bueltan ardaztu nahiko genuke. Auzoz auzo auzolanerako eta eragileen arteko harremanetarako eremu izatea gustatuko litzaiguke».

Elkarlana, funtsezkoa

Hortaz, elkarlana funtsezkoa da Euskaraldiarentzat. Kutxa Fundazioko zuzendaria den Ander Aizpuruak aldeko pausoak berretsi ditu: «Euskaraldiaren protagonista nagusiak herritarrak izango dira. Halere, euskararen erabilera sustatzeko ardura partekatua da: bakoitzarena eta molde guztietako entitateena. Alabaina, norbanakoen urratsek erakundeen geriza behar dute; euskarazko harremanak posible izan daitezen, baldintzak ezarri behar ditugu erakundeetatik. Bide horretan gure konpromisoa adierazi nahi dugu.»

Garazi Urrosolok Donostiako tokian tokiko errealitateen aberastasunari erreparatu dio: «Donostian bertan, egoera soziolinguistiko desberdinak ditugu auzoaren arabera. Hortaz, erabilerari bultzada emateko planteatzen ditugun egiteko moduak eta dinamikak egoera horiei egokitu behar zaizkie arrakastatsuak izateko. Euskararen aktibazioa, modu erakargarri eta positiboan eskainiz.»

Mariano Ferrer eta Barbara Goenaga izan dira Donostiako hamaikakoaren izenean hitz egin dutenak. Lehena belarriprest moduan arituko da eta bestea aldiz, ahobizi-en ordezkari. Bakoitzak ekimen sozial honetan parte hartzeko bere argudioak eman ditu.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos