Emakumeen kirolaren agerikotasuna areagotzeko kanpaina

IDK Gipuzkoa taldeko jokalariak, pozik partida bat irabazi ostean. / UNANUE

Donostia Kirolak abiarazi duen #GoazenNeskak kanpainaren baliabide nagusia hiriko zenbait klubek eta kirolarik parte hartu duten bideo bat da

Emakumeen kirola bultzatzea da Donostia Kirolak-en helburuetako bat, eta horretarako zenbait ekintza garatzen du, besteak beste, dirulaguntzen politikan, kirol guneen erreserbak emateko garaian eta baita komunikazio eta sentsibilizazioaren alorrean ere.

Ildo honetan, azken urte hauetan Donostia Kirolak zenbait ekintza egin ditu hiriko emakumeen kirolari agerikotasun handiagoa emateko asmoz; are gehiago kontutan izaten bada emakumeen kirola Donostiako kirolaren bereizgarri garrantzitsua dela. Emakumeen goi-mailako kirolari buruzko Donostia Kirolak egindako azken ikerlan konparatiboak ondorioztatzen duen moduan, Donostiak Estatuko hiriburuen artean lehen postua lortzen du biztanleriaren araberako emakumeen taldeen kopuruari dagokionez. Emakumeen lizentzia federatuen portzentajea urtez urte igotzen ari da, eta dagoeneko %30tik gora dago.

Hori dela eta, Donostia Kirolak komunikazio kanpaina berri bat diseinatu du #GoazenNeskak lelopean, hiriko club eta kirolari nabarmenen laguntzarekin. Bideoan, eta kirolari hauen bitartez, hiriko emakumeen kirola definitzen dituen hitz batzuk azaltzen dira, klubek beraiek proposatutako hitzak direnak: berdintasuna, gainditzea, ahalegina, ilusioa, ahalduntzea, taldea, borroka, konpromisoa, laguntasuna, ondo pasatzea, grina eta errespetua.

Bideo honetan parte hartu dute Nora Orduña, Clara Azurmendi, Naroa Perez eta Miren Lazkano kirolariek eta Bera Bera, IDK Gipuzkoa, Atlético SS Softbol, Txuri Berri Curling, Real Sociedad Hockey, Real Sociedad Futbola, Kaiarriba eta Txuri Urdin kirol elkarteek. Emakumeen kirolaren alde lan egiten duten taldeak omentzea eta eskerrak ematea ere bada bideoaren helburuetako bat.

Kanpaina hau beste zenbait komunikazio ekintzarekin osatuko da, besteak beste, #GoazenNeskak leloa duten panelak jarriko dira kirok pistetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos