Donostiako Bidebieta BHI-ko ikasleek atzo jaso zuten Ondarea Saria

Sarituak, Urkullu lehendakariarekin eta Zupiria eta Uriarte sailburuekin./
Sarituak, Urkullu lehendakariarekin eta Zupiria eta Uriarte sailburuekin.

Auzoaren historian barneratzen den 'Gutun baten atzetik' bideoari esker izan dira sarituak

Ondo bukatu dute ikasturtea Donostiako Bidebieta auzoko Institutuan: Ondarea Sarietako bat jasota. Hain zuzen ere, atzo banatu ziren Lehendakaritzan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailek elkarrekin antolatzen dituzten Ondarea Sariak, Bingen Zupiria eta Cristina Uriarte sailburuekin batera Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu zuen ekitaldi batean.

Aurtengo saridunak Barakaldoko Minas Institutua, Maristak Durango Ikastetxea eta Donostiako Bidebieta Institutua. Durangoko Maristak Ikastetxeak, halaber, aipamen berezi bat jaso du bideo gehien, 18, bidali duen zentroa izan delako. Guztira, 18 eskola ezberdinetako 66 ikasle-taldek parte hartu dute.

Donostiako Bidebieta Institutuko ikasleak sarituak izan dira 'Gutun baten atzetik' izeneko bideogatik. Lan honetan, eskutitz baten ezusteko aurkikuntzak baserriaren bilakaera azaltzeko aukera eman die, baita oroimen historikoaren gaia jorratzekoa ere. Gerra Zibila, erbestea edo Bidebieta auzoaren bilakaera jorratu dituzte, halaber, hemen ikus daitekeen bideoan. Ikusteko moduko bideo landua da, benetan. Aurtengo irabazleek Napolesera bidaiatuko dute: hiriko alkateak harrera egingo die eta, ondoren, kultura ondareari dagokienez interes handiena duten bertako lekuak bisitatuko dituzte.

Ondarearen garrantzia

Sariak emateko ekitaldian, lehendakariak azpimarratu zuen proiektu honetan parte hartu duten gazteek kultura ondarearen garrantzia nabarmentzeko egin duten ahalegina. Kultura ondarearen garrantzia nabarmendu zuen, baita berau gazteen artean ezagutarazteko beharra ere. «Eusko Jaurlaritzak proiektua abiarazi zuenean, xedea zen kultura ondarearen garrantzia nabarmentzea eta hedatzea; eta hori guztia teknologia berrien bitartez egitea. Emaitzak oso positiboak izan dira, eta aurkeztu dituzuen bideoak horren erakusgarri dira. Erakutsi nahi genizuen ondarea ez dela urrutiko edo iraganeko zerbait. Ondarea ez da zerbait zaharkitua, aspergarria… Kontrakoa, gizakiak munduan uzten duen arrastorik behinena izan ohi da kultura ondarea», adierazi zuen.

Halaber, Bingen Zupiria sailburuak kultura ondarearen zaintzearen inguruko sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu zuen. Kultura Ondarea Saria ekimenaren barruan, parte-hartu duten taldeek 3 eta 10 minutu bitarteko bideo bat egin behar izan dute, ondarearen kontzeptua ikuspegi zabal batetik landuz. Honela, ikasleek gai zehatz baten inguruko kontaketa bat osatu behar izan dute ikus-entzunezko teknikak erabiliz, taldean lan eginaz eta ikuspegi berritzaile bat garatuz.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos